Miarritzeko aireportua itxi egingo dute hilabeterako, pista berritu behar baitute

Otsailaren 4tik ez da hegazkinik ibiliko, segurtasuna areagotzeko obrak egingo dituztelako. Autobusa eskainiko dute Pariserako hegaldientzat

Otsailaren 4tik aurrera itxita egongo da aireportua. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Milaka bidaiaren igarobidea itxita egongo da hilabetez, segurtasuna handitzeko obrak egin behar dituzte eta: Miarritzeko aireportua (Lapurdi) itxi egingo dute otsailaren hasieran, eta ez da hegazkinik ibiliko martxora arte. Pistan eraberritze lanak egin behar dituzte, aireportuko arduradunek jakinarazi dutenez. Milaka herritarrek jasango dute itxiera horren eragina: iazko otsailean, esate baterako, 60.000 lagun baino gehiago igaro ziren aireportutik. Bidaiari gutxieneko hilabetea da, hala ere.

Orain bi urte hasi zituzten Miarritzeko aireportua eraberritzeko lanak, eta pistan egingo dituzte obrak orain. Otsailaren 3a izango da azken zerbitzu eguna, igandea: gauean itxiko dute aireportua. Handik hilabetera, martxoaren 4an, berriro hasiko dira hegaldiak ematen, astelehenarekin. Bitarte horretan martxan izango dira aireportuaren inguruko zerbitzuak —autobus geltokia, aparkalekua eta alokatutako ibilgailuak hartzeko lekuak—, baina terminala bera itxita egongo da, eta hegazkinak ezin izango dira Miarritzeko pistan aireratu edo lurreratu.

Aireportuko arduradunek azaldu dute saiatu direla obrek ahalik eta eragin txikiena izan dezaten. Urtarrilean eta otsailean izaten dute bidaiari gutxien Miarritzen, eta eguraldi aldetik egokiagoa da otsaila. Horregatik erabaki dute hilabete horretako lehenbiziko astean bertan ekitea pistako obrei.

Aldaketak hegaldietan

Hegaldirik ez da izango Miarritzen, eta milaka bidaiarik jasango dute eragina. Pariserako hegaldien kasuan, autobus zerbitzua eskaintzea erabaki du Air France konpainiak. Paueko aireportuaren bitartez eskainiko ditu Pariserako joan-etorriak, eta autobusa jarriko du Miarritze-Paue arteko bidea egiteko. Pariserako hegaldi txartelak erosiak dauzkatenek dohainik izango dute autobusa.

Martxoan zabalduko dute berriro aireportua, baina aldaketak izango dira zerbitzuan. Maiatzetik aurrera, izan ere, Municherako hegaldiak eskainiko dituzte Miarritzetik, larunbatetan. Beste helmuga batzuk, berriz, kendu egin dituzte aireportuko eskaintzatik: Helsinki, Madril, Estrasburgo eta Chateauroux. Aldaketa horiekin, hogei helmuga eskainiko ditu urte berrian Miarritzeko aireportuak. Pariserako joan-etorriek biltzen dute jende gehien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.