'Aita Mari', oraindik geldiarazita

Palermoko portuan geldiarazita pasatu duten denboran izandako gastuek kolokan utzi dute erreskateontziaren etorkizuna, eta, orain, ohiko donazioen bitartez lagundu daiteke proiektua.

Aita Mari ontziaren eskifaia, uztailaren 10ean, Pasaiako portura iritsi berritan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
2020ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Iritsi zen azkenean Aita Mari erreskateontzia Pasaiako portura. Apirilaren 13an egin zuen azken erreskatea, eta, horren ondoren, itsasontziak 49 egun pasatu behar izan zituen Palermon geldiarazita. Italiako portura iritsitakoan, berrogeialdia egin behar izan zuten eskifaiako kideek, eta hango kostazainek azterketa bat egin zioten itsasontziari. Ikuskatzea eginda, ontziaren itsasoratzea galarazi zuen Italiak, ingurumenari eta nabigaziorako segurtasunari kalte egiteko moduko «akatsak» zituela argudiatuta.

Palermoko egonaldiak 55.000 euroko galera sortu die, eta, helburua Mediterraneora itzultzea bada ere, berriro itsasoratzeko zailtasunak izango dituzte. Gastu horretaz gain, berriro Pasaiatik atera ahal izateko, Italiako kostazainek agindutako erreformak eginbehar dituzte: hondakinak kudeatzeko eremua handitu, ur zikinen kudeaketa moldatu eta kamaroteen aireztapena hobetu. Berez, ontzi handiagoei eskatzen dizkieten baldintzak direla azaldu dute Aita Mari-ko kideek.

Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundea kexu da gobernuen jarrerarekin. Behin baino gehiagotan esan dute Europak ez dituela etorkinak eta erreskateontziak nahi Mediterraneoan. Iñigo Mijangos eta Izaskun Arriaran Aita Mari-ko kideek BERRIAri azaldu diotenez, guztiz «deseroso» sentitzen dira haiek agertu dieten jarrerarekin. Geldialdiak ez die lagundu. Mijangos: «Helburua berriz itsasoratzea da, baina ikusi behar dugu ekonomikoki nola gauden». «Egungo legedia, bere baitan, ez da oztopoa», adierazi du Mijangosek; «hori bai, bete egin behar da». Gobernuek itsas legediaren interpretazio aldrebesak egitendituztela erantsi du, eta horren kontra ezin dutela ezer egin. GKEak behin eta berriz salatu du lege horiek helburu jakin batzuk lortzeko moldatzen eta interpretatzen dituztela.

Erreskateontziak bolada txarrean daude. Mijangosek azaldu duenez, bat bera ere ez dago itsasoan. Sea Watch 3 erreskateontzia ere geldiarazi egin dute ikuskatze baten ondoren, eta gainontzeko ontziekin ere hori gertatuko dela uste dute Aita Mari-ko bi kideek.

Erreskateontzirik ez, baina, oraindik ere, Mediterraneoa dajende askoren ihesbide bakarra. Koronabirusaren pandemiak ez ditu gatazkak eten, eta jende askok bere herrialdetik atera beharra dauka oraindik ere. Mijangosen ustez, egoera «are okerragoa da» orain, lehengo gatazkei koronabirusa gehitu zaielako.

Mijangos eta Arriaran oinarrizko behar bati erantzuna emateko barneratu ziren proiektuan. Mediterraneoko egoera ezagutzen zuten, eta han erreskateontzirik ez izateak ezinegona sortzen zien. Mijangos ontzia kudeatzeaz arduratzen da, eta Arriaranek, berriz, osasun arloan egiten du lan.

Etorkinen osasun egoera faktore askok baldintzatzen dute. Arriaranek dioenez, «mota askotako kasuak. Oso nekatuak iristen dira. Hala ere, kalterik larrienak psikologikoak dira». Azaldu dutenez, itsasotik erreskatatutako pertsona horiei ikusi dizkiete sekula ikusi dituzten «begiradarik tristeenak».

Osasun proiektua Kiosen

GKEaren jarduna ez da itsasora mugatzen. 2015. urtetik, Greziako Kios uhartean ere aritzen dira boluntarioak; izan ere, martxan daukate osasun proiektua hango errefuxiatuen kanpalekuan. Hiru atal lantzen dituzte boluntarioek: gutxieneko osasun arreta bat, gaixotasunen jarraipena eta botiken administrazioa. Horrez gain, oinarrizko formakuntza ematen dute, osasunari eta higieneari buruzko kalitatezko informazioa hedatzeko. Aho osasunarentzat ere plangintza bat sortu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.