Golak. 1-0: Aritz Adurizek (89. min.). Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horiak: Athleticeko Unai Nuñezi; eta Bartzelonako Piqueri. Bestelakoak. Sarrera bikaina izan zen San Mamesen, 47.693 ikusle egon ziren harmailetan. Minutu bateko isilunea gorde zuten Koldo Agirre Athleticeko jokalari eta entrenatzaile ohiaren omenez, eta atsedenaldian, omenaldia egin zioten emakumezkoen taldeari, Ramon de Carranza torneoa irabazteagatik.
Gaur arratsaldeko zazpietan Marijaia Arriaga antzokiko balkoira irtetearekin batera hasiko da ofizialki Bilboko Aste Nagusia. Ordurako, bat baino gehiago jada festan murgilduta egongo da. Eta izango du arrazoirik horretarako. Athleticek atzo egindakoa ospatzen ariko da. Handia egin baitzuen talde zuri-gorriak. Irabazi egin zion Bartzelona ahaltsuari San Mamesen, Espainiako Ligako estreinako partidan: 1-0. Festa biribiltzeko, gainera, Aritz Adurizek sartu zuen garaipenaren gola, 89. minutuan, zelairatu eta minutu batera. Era ikusgarrian egin zuen, txilenaz. Aurrelariak erretiroa hartuko du denboraldi honen amaieran, eta esana du ordu arte barruan duen guztia emango duela. Bada, hitza betetzen ari da. Lehen partida eta lehen gola. Izugarria da Adurizena. Historia egiten ari da.
Denbora zeramaten Athleticeko zaleek halako gau magikorik bizi gabe. Eskasa izan zen aurreko denboraldia, baina abendu hasieran taldea zuloan egon zela kontuan hartuta, konforme antzean amaitu zuten athleticzaleek mailari eutsita, nahiz eta azken unean Europa ligarik gabe geratu. Horregatik, poz baten beharra zutelako ospatu zuten zaleek handiro atzoko garaipena, noren eta Bartzelonaren aurka.
Lehengo lepotik du burua
Garaipen oso garrantzitsua da, gainera. Talde guztiek berebiziko garrantzia ematen diote sasoia irabaziz hasteari. Estreinakoan hiru puntuak lortzeak konfiantza handia eman ohi du. Denboraldi-aurrean egindako lana probetxuzkoa izan dela indartzeko balio du. Athleticekoak itxaropentsu ziren, taldeak itxura ona eman baitzuen liga hasi aurretik jokatutako lagunarteko partidetan. Baina lagunartekoak ziren, ez benetako lehiak. Baikor ziren, baina baita zuhur ere, are gehiago estreinakoan izango zuten aurkaria kontuan hartuta. Zozketak aurkaririk zailena egokitu zien: Bartzelona ahaltsua, egungo txapelduna eta azken 11 ligetatik zortzi irabazi dituena. Nekez egon daiteke partida zailagorik. Ez zuen jokatu Lionel Messik, munduko jokalari onenak, baina, hala ere, Ernesto Valverdek talde ikusgarria zelairatu zuen, tartean bi fitxaketa nagusiak, Frenkie de Jong eta Antoine Griezmann.
Bada, erronka zinez zail hori ere gainditu zuen Athleticek, bikain gainditu ere. Aurreko denboraldian Gaizka Garitanok proposatu eta arrakasta izandako jokalmodeari eutsita egin zuen: seguru izan zen atzean, sendo eta bizi zelai erdian, eta eraginkor aurrean. Horretarako, zenbait aldaketa egin zituen Garitanok, esanguratsuenak bi: Unai Simon eta Unai Lopez aritu ziren hasieratik Iago Herrerin eta Beñat Etxabarriaren ordez. Bestelakoan, apenas izan zen aldaketarik aurreko sasoiarekin alderatuta, eta horrek zerikusia izan zuen. Jokalari guztiek erabat barneratuta dute entrenatzaileak nahi duena, eta atzo bikain bete zuten. Hasi eta buka. Neurketa biribila egin zuen.
Bartzelonak izan zituen aukerak irabazteko, Luis Suarezek zutoinera bota baitzuen baloia, eta Rafinhak langara, Unai Simonek ukitu ondoren. Aduriz erabakigarria izan zen atzo, baina baita atezaina ere. Garitanok haren alde egin du denboraldi honetarako, eta atzo arrazoia eman zion apustuari. Ondo hasi da denboraldia.
ATHLETIC 1 BARTZELONA 0
Aurreratu egin du festa
Athleticek irabazi egin dio Bartzelonari San Mamesen, ligako lehen partidan. Adurizek sartu du gol bakarra, txilenaz, zelairatu berritan, 89. minutuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu