Koronabirusa

Garraio publikoan baitezpadakoa da maskara Ipar Euskal Herrian

Erabiltzeko gomendioak eman baditu ere, Frantziako Gobernuak oraingoz ez du behartu espazio publikoan maskarak erabiltzera

Baionako enpresa batean oihalezko maskarak egiten hasi dira. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Maiatzaren 11n konfinamendutik ateratzen hasi zenetik, garraio publikoetan maskara erabiltzea derrigorrezkoa da Ipar Euskal Herrian. Kontrol zorrotzak egiten ari dira, eta isun gogorrak ezarriko zituela iragarri zuen Frantziako Gobernuak. Gainerakoan, herritar zaurgarrienei maskara eramateko gomendatu zien Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak, eta urruntze fisikoa posible ez den eremuetan maskara erabili behar dela erran zuen, herritarren apreziazioaren esku utzirik espazio horiek definitzea.

Hala, oso egoera desberdinak aurkitu daitezke leku batean zein bestean: supermerkatu batzuetan, gel hidroalkoholikoa banatzen diete bezero guziei dendara sartu aitzin, eta maskara erabiltzera derrigortu dute; beste batzuetan, gela banatzera mugatu dira; beste zenbaitetan, ez bata eta ez bestea. Karriketan, gero eta ohikoagoa da jendea maskara jantzita ikustea, baina oraindik ez da orokortu.

Enpresei dagokienez, maiatzaren 9an argitaratu zuen Frantziako Lan Ministerioak konfinamendutik ateratzeko hogei orriko protokoloa. Esaldi honekin laburbildu dute maskaren erabilpena: «Funtsean, COVID-19aren kasuan, enplegatzaileak erabaki dezake bere enpresan 'publiko zabalarentzako' maskarak orokortzea. Babes neurriak errespetatu daitezkeelarik, maskararen erabilpen orokortua aukera bat da, ez betebeharra».

Ikastetxeetan irakasleek eta langileek derrigortua dute maskara erabiltzea; ikasleei dagokienez, adinaren arabera definitu dute. Lehen mailako ikasleek maskararik ez eramatea gomendatu zuten; haatik, ikasle batek gaixotasun sintomak erakutsiko balitu, gurasoak haren bila etorri arte maskara bat emateko agindua dute irakasleek. Kolegiotik aitzina, ikasleentzat ere baitezpadakoa da maskara eramatea—egun bakoitzeko bi maskara eraman behar dituzte—.

Ipar Euskal Herrian, erakunde publikoek beren gain hartu zuten deskonfinamendurako herritar bakoitzari Afnor normako oihalezko maskara bat ematea, baina berandu jaso dute anitzek. Ondoko asteetan, beste banaketa bat egitekoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.