jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Erroman

2017ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Erromeria. Hala esan zien joan den astean Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak larunbatean Baionan egingo diren ekitaldiei. Jakin agian ez du jakingo Mendiak erromeria hitza Erromara erromes zihoazenengandik eratorria dela, baina kontua da, bide guztiek Erromara daramatelako edo, PSE ere egongo dela gaur Hegoaldeko alderdi eta sindikatua gehienek «ETAren armagabetzearen inguruan» egingo duten «irakurketa bateratuan».

Oinarri sendoa du ETAren larunbateko armagabetzeak. Gizarte zibilak bultzatu duen irtenbide historiko honek jasoa du Iparraldeko alderdi guztien babesa, eta gaur Hegoaldeko gehiengo politiko eta sindikalarena jasoko du. Kanpoan daudenei erreparatu besterik ez dago (PP, UPN, PSN eta FN) ulertzeko barruan daudenak zentzutasun logiko bat duten alderdiak direla, bidea egin behar dela dakitenak. Testuinguru horretan, PSEk bere burua berriro kokatzen asmatu du.

Eragile politiko eta sindikalen babesaren ostean, erakundeena egituratzea falta da. Urkulluk eta Barkosek ez dute oraindik esan Baionan Etxegarairekin izango diren, babes instituzionalaren buru. «Jaurlaritzaren egitekoa apirilaren 8an 10:30ean amaituko da», esan du Josu Erkorekak, aurretik gobernuak egiteko bat duela aditzera emanez. Ekitaldi publikoetan ez direla egongo zehaztu du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, eta erromerian ez dutela parte hartuko pentsa dezake Mendiak. Larunbatean garrantzitsuena, ordea, lehenago edo geroago bide guztiek bat egitea izango da, eta, erromes edo zenturioi, Erroman egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.