Euskal sindikatuek salatu dute Marokok gerra inposatu diola Mendebaldeko Saharari

Larunbatean mobilizazioak egingo dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan eta beste zenbait herritan, 12:00etan

Sindikatuetako eta Fronte Polisarioko ordezkariak, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / EFE.
gotzon hermosilla
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko sindikatuek elkartasuna adierazi diote Mendebaldeko Saharako herriari «Marokoko indar armatuek bi aldeek adostutako su-eten akordioa urratu» ostean, eta Rabati egotzi diote Mendebaldeko Saharari «gerra berri bat» inposatzea. Halaber, iragarri dute bat egingo dutela datorren larunbatean, azaroaren 21ean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo diren mobilizazioekin.

Adierazpena ELA, LAB, Steilas, ESK, CCOO, UGT, CNT eta Bizkaiko EHNEk izenpetu dute, eta horien izenean LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta CCOOko Loli Garciak irakurri zuten agiria atzo; Fronte Polisarioak Euskal Herrian duen ordezkari Mohamed Limamek ere parte hartu zuen prentsaurrekoan.

Adierazpen horretan, sindikatuek salatu dute Marokok su-eten akordioa urratu zuela militarrak bidali zituenean protestan ari ziren sahararren kontra, eta, hori ikusirik, argudiatu dute Fronte Polisarioa «bidezko defentsan» aritu zela herritar zibilen bizitzak babesteko. Sahararrek lau aste zeramatzaten protestan, NBE Nazio Batuen Erakundeari autodeterminazio erreferendum bat exijitzen. Sindikatuek gogorarazi dutenez, bi aldeek izenpetutako akordioetan agertzen da galarazita dagoela harresi militarrean pasabiderik egitea, eta, hortaz, Marokoren jokabidea «legez kanpokoa» dela. 29 urteren ostean «gerra berpiztea» leporatu diote.

Mendebaldeko Saharako herriari eta Fronte Polisarioari elkartasuna adierazteaz gain, sindikatuek Marokori egotzi diote «Magreb osora heda daitekeen ezegonkortasunaren erantzukizun osoa», eta nazioarteko komunitatea eta, bereziki, Espainia ere ahotan hartu dute.

Esan dutenez, NBE ez da gauza izan «modu baketsuan manifestatzen ari ziren sahararrak babesteko», eta azken 45 urteetan ez dute «ezer» egin gatazka konpontzeko. «Gertatutakoa nazioarteko komunitateak duen axolagabekeriaren erakusgarri baino ez da», esan dute.

Espainiari «deskolonizatzeko gelditzen den Afrikako azken lurraldeaz» daukan ardura bere gain hartzeko eskatu diote,eta «saharar herriaren autodeterminazio eskubidea aitortzen duen erreferenduma berehala egiteko» indar egin dezala.

«Herri sahararra bere kausa legitimoari irtenbidea bilatzeko bakea eta elkarrizketa nahi dituen herri bat da», esan dute sindikatuek, «herri nekatu, zapuztu eta gogaitu bat, 45 urte hauetan bete gabeko hamaika promesa jasan behar izan dituena».

Sindikatuek ziurtatu dute ez dutela Saharako herria «bakarrik» utziko.«Euskal Herria herri solidarioa izan da beti saharar herriarekin eta bere borrokarekin, eta sindikatuek hala adierazi dugu era askotan», esan dute.

Horregatik, herritarrei dei egin diete larunbatean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan eta beste zenbait herritan egingo diren mobilizazioetan parte har dezaten; 12:00etan hasiko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.