Ez zuen nagusi argirik izan Betisek eta Realak atzo Sevillan (Espainia) jokatu zuten partidak, Espainiako Lehen Mailako hemezortzigarren jardunaldian, eta markagailuak horixe erakutsi zuen: 1-1. Hala ere, txuri-urdinei kalte handia egin zien epailearen erabaki batek: izan ere, banakoarekin zeudela, Nahikari Garciari gol bat baliogabetu zion, taldekide bat jokoz kanpo zegoelakoan. Ez zegoen, ordea. Hogei minutu falta ziren bukatzeko, eta 1-2koa ez zen markagailura igo. Bukaeran, gainera, berdinketari eusteko pixka bat sufritu behar izan zuen Realak.
Partida ezin hobeki hasi zuen, zazpigarren minuturako aitzinatu baitzen markagailuan, Nerea Eizagirreren golarekin. Lehen zatian jokoa kontrolpean eduki zuten donostiarrek, eta Betisek ez zuen arriskudun jokaldi argirik egin. Euria gogotik egin zuen, eta zelaian sortu ziren putzuek baldintzatu zuten bi taldeen jokoa. Bigarren zatian Betis berpiztu egin zen, eta Rosa Marquezek hasi eta berehala berdindu zuen partida, 47. minutuan. Nahikariri kendu zioten golaren ondoren, norgehiagoka guztiz irekita gelditu zen, baina azken bortz minutuetan Betisek gola egiteko aukera pare bat eduki zituen.
Bertze euskal taldeak, Athleticek, gaur jokatuko du, etxean, Valentziaren aurka (11:00, Gol).
Realak berdindu egin du Betisen zelaian (1-1), partida ireki batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu