Ez dira asko mugituko

Urtarrilaren 1etik zabalik da neguko azoka, hilabetez, eta Euskal Herriko taldeetan ez da aldaketa handirik aurreikusten. Oraingoz, Osasunak bakarrik egin du mugimendu bat.

Toni Lato Valentziak utzita iritsi da Osasunara. Hori izan da euskal taldeetan izan den mugimendu bakarra. I-PORTO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Futbol taldeek jokalariak fitxatu, utzi edota saltzeko aukera dute joan zen urtarrilaren 1etik. Zabalik da neguko azoka, eta hilabetez egongo da horrelaxe. Ez da pagotxa izaten aldi hori, merkatu murriztua izaten delako neurri handi batean, eta zaila delako benetan nahi edo behar den jokalari hori ekartzea. Hori egitekotan, dirutza handia behar da. Gainera, beste salerosketa aldietan merkeago dena, garestitu egiten da garai honetan, eta klubetako kirol arduradunak ez dira eroso aritzen neguko merkatu honetan. Lehen Mailako Euskal Herriko bost taldeen artean, ez da mugimendu handirik aurreikusten. Oraingoz, Osasuna da mugitu den bakarra: Toni Lato ezker hegaleko atzelaria ekarri du Valentziatik, utzita.

REALA
Etorri baino, joan

Reala ondo ari da Espainiako Ligan eta Kopan, eta ez du zertan ezer aldatu taldean. Imanolek behin baino gehiagotan esan izan du jokalari multzoarekin gustura dagoela. Alde horretatik, taldea indartzeari ateak itxi izan dizkio, baina gutxi jokatzen ari direnak hain gustura egotea ere ez da normala, eta hortik has daitezke mugimenduak Realean. Modibo Sagnan erdiko atzelari frantziarra gustura hartuko luke Bigarren Mailako talderen batek, eta Mirandes izan daiteke horietako bat. Ia ezer jokatu gabe dabilen bestea Ruben Pardo da. Kontratua bukatuko zaio datorren ekainaren 30ean, eta, urte berria hastearekin batera, beste talde batzuekin negoziatzen hasteko moduan da. Valladolidek eta Alavesek zelai erdia indartzeko beharra dute, etaharengan jarri dute arreta.

Sagnan eta Pardo joango balira eta Aritz Elustondoren lesioak luzerako joko balu, orduan ireki beharko lituzke ateak Realak jokalariren bat ekartzeko. Jesus Vallejo erdiko atzelariaren aukera aipatu da. Udan ere izan zuen jopuntuan talde txuri-urdinak. Real Madrileko jokalaria da, baina orain Woverthampton ari da utzita, Premier Leagueko taldean.

ATHLETIC
Unai Nuñezi begira

Ondo ari den beste taldea Athletic da, eta, horregatik bakarrik ez bada ere, ez da mugimendurik espero. Izatekotan, beste talderen batera utzita joango diren jokalariena izango da, eta, horretan ere, baliteke Cristian Ganea errumaniarra izatea kasu bakarra. Gaizka Garitanok esan du ez duela aintzat hartuko partidetarako, eta beste nonbait egin beharko du denboraldiaren bigarren erdia. Aurreko sasoian ondo jardunzuen Numantzian, Bigarren Mailan, eta orain ere baliteke liga horretara edo nazioarteko beste ligaren batera joatea.

Joan ez joan dabilena Unai Nuñez da. Erdiko atzelariari kontratua bukatzen zaio ekainaren 30ean, eta ez du berritu. 30 milioi euroko klausula dauka, eta Ingalaterrako talde batzuen interesa piztu du; West Ham izan da azkena jokalariaren ateko aldaba jotzen. Beste gainontzean, ez du ematen Guruzeta eta Villalibre utzita joango direnik.

OSASUNA
Chimy Avila, kezka eragile

Denboraldi ona egiten ari da Osasuna ere, eta, igo berria izanda, ezustetzat ere jotzen ari dira Jagoba Arrasateren taldea ematen ari den maila. Joko eta emaitza on horiek begi askoren arreta bereganatu dute, eta beste hainbat talde begirada zorroztuta dabiltza Osasunaren inguruan bueltaka. Nafarren artean jokalari bat dabil ahoz aho: Chimy Avila. Aurrelari argentinarra bikain ari da, eta talde handien agendan dagoela zabaldu da. Sevillak nahi omen du, Atletico Madrilek ere bota ote dion begia... Nazioarteko beste talde batzuen interesa ere eragin duela zabaldu da. Kosta behar zaio Osasunari aurrelari trebeari eusten. Joatekotan zulo galanta utziko luke gorritxoen aurrealdean.

Zuloak aipatzen hasita, atzealdeko ezker hegalean zeukana estali egin du kirol zuzendaritzak, Toni Lato utzita ekarrita. Valentziarena da jokalaria, eta Herbehereetako PSV Eindhovenen aritu da sasoiaren lehen erdian.

Iruñeko taldean ere badira gutxi jokatu duten jokalariak denboraldiaren aurreneko zatian, eta Luis Perea erdilaria da horietako bat. Horregatik, baliteke utzita joatea Bigarren Mailako Alcorconera.

ALAVES
Behar du norbait

Zeukanarekin ekin zion Asier Garitanok denboraldiari, eta zelaiko leku batzuetan, zeukan hori ez da gutxi. Aurrealdean, esate baterako, ondo ari dira Joselu eta Lucas Perez. Atzealdean hainbestean dabiltza, eta atean ez dago batere aitzakiarik. Bai, ordea, zelaiaren erdian, eta are gehiago Tomas Pinak lesio larria izan eta gero. Beste hiru hilabete beharko ditu osatzeko erdilariak. Min hartu aurretik ere kamuts zebilen taldea zelai erdi horretan, eta behar du jokalari berriren bat. Victor Camarasa itzuliko ote den zabaldu da azken egunetan. Utzita dago Crystal Palace taldean, Premier Leaguen, baina ez da ari jokatzen, eta haren jabe den Betisek ez luke gaizki ikusiko Alavesera utzita etortzea. Kontrako norabidea hartuko lukete Guidettik eta Dani Torresek, ez baitira ari jokatzen.

EIBAR
Hainbat zulo estaltzeko

Eibar dabil eskasen Euskal Herriko taldeen artean, lau puntura duelako jaitsiera. Fitxaketarik gehienak eskas antzean dabiltza, moldatu ezinda, eta lehen zeuden hainbat jokalari ere ez daude onenean. Hori gutxi ez, eta lesioak ere asko dauzka, eta ez litzateke harritzekoa izango jokalari bat edo gehiago Eibarrera etortzea orain. Ezker hegaleko jokalari bat eta aurrelari bat ditu begiz jota, eta Maxime Poundje frantziarra eta Rafa Mir espainiarraren izenak azaldu dira. Heltzen aurrena, hala ere, erdilari bat izan daiteke: Sebastian Cristoforo uruguaiarra, Fiorentinak utzita. Escalante Laziora joaten bada neguko azoka honetan, hark utz dezakeen zuloa betetzera letorke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.