Bamba Sambe 34 urteko senegaldarra da; zortzi urte eta erdi daramatza Euskal Herrian, eta, urteak pasatu badira ere, mezu berbera du 2020ko Migratzaileen Nazioarteko Egunerako: «Migrazio duin bat aldarrikatu behar dugu». Basamortua zeharkatu ondoren, pateraz heldu zen Italiara, eta, gero, hegazkinez iritsi zen Bilbora, 2012ko udan. Jaioterrian zegoenetik izan du Bilbo ametsetako helmuga: «Bizi hobe baten bila joatea erabaki nuenetik, Bilbora etortzea nuen pentsatuta. Lagun asko bizi dira hemen, eta etorri nahi nuen». Helmuga zapaldu zuenean, ordea, errealitatea guztiz bestelakoa zela ikusi zuen: «Han zaudenean, pentsatzen duzu hemen lana izango duzula, bizitza hobe bat. Hona iristean, erabat desberdina da».
Bizitza egonkor bat izango zuelakoan zegoen: «Uste nuen iritsi eta paperak izango nituela; lana, formakuntza jasoko nuela, eta familia erraz lagundu ahal izango nuela». Baina hemengo bizitza, aldapa gora ez ezik, egonkortasunaren antonimo ere bihurtu zen: «Kalean egiten nuen lan, tabernetan eta dendetan gauzak saltzen. Salmenten arabera irabazten nuen apur horrekin, alokairua, ura, argia eta abar ordaindu behar nuen. Eta, noski, ez nintzen iristen». Mbolo Moye Doole kale saltzaileen elkarteko kide da egun, baina aitortu du bidea uste baino «askoz zailagoa» izan dela. Aurreikuspenen eta errealitatearen arteko alde handi hori ulertzeko, adibide sinple bat erabili du: hizkuntza. «Iritsi bezain laster, lehenik, bertako hizkuntza ikasi behar duzu, zure kabuz. Badirudi ezetz, baina bizitza eraikitzeko arazo handia da hori».
Bilbon zituen lagunek errealitate horren berri eman zioten, baina Sambek bizitza aldatzeko ametsaren alde egin zuen apustu, bizi duin eta hobeago baten bila. Migratzearen helburua argi zuen orduan; orain, bizi izandakoaren ondorioa ere bai: «Errazagoa behar zukeen lekuan, egunerokoa bizirik irauteko borroka bihurtzen da». Lagunek lehen aholkatzen zioten gisan, orain Sambak gomendatzen die Senegalgo adiskideei ez bidaiatzea. Aholkuak aholku, haren lagun askok hemen bizitzea desio dute, eta COVID-19aren krisialdiarekin, are gehiago: «Senegalen bizitzea lehen zaila bazen, pandemiaren ostean are zailagoa da; beraz, jendea bizia jokatzeko prest dago».
Orokorrean euskal herritarrek eskuzabalik hartu zutela dio Sambek, baina etorkina izate hutsagatik «bizkarra» ematen dionik ere topatzen du noizean behin: «Batzuetan, nabaritu izan dut metroan nire ondoan ez dutela eseri nahi». Halere, argitu du halako jarrera arrazistak pairatzea ez dela ohikoa: «Ez da askotan gertatzen, baina gertatzen da».
Kalteberak, kalteberago
Amaia Fontan Ipar Euskal Herriko Etorkinekin elkarteko kideak ere esan du migratzaileen zaurgarritasuna are larriagoa dela orain: «Krisi sanitarioak ukituenetan ukituenak izan dira; areagotu egin ditu kolektibo hauek dituzten arazoak». Sambe bat dator Fontanekin, eta, horren erakusle, konfinamendu garaietako bizipenak jarri ditu: «Jazarpen poliziala izugarria izan da. Itxialdian, erosketen ziurtagiriak eskatzen zizkiguten kalean, dokumentazioa ere bai; kontrol handia jasaten dugu». Indar polizialek ahalmen handiegia dutela deritzo: «Euskal Herrian Poliziak botere handia du; etorkinak izateagatik edozer egin eta esaten digute, eta haiei inork ez die ezer esaten». Fontanek dio hiri handietan«oso ohikoa» dela etorkinek jazarpen polizialak pairatzea.
Sambek azpimarratu du bertokoen bizimodu berdina nahi duela: «Elkarbizitza nahi dugu; ez gara gaizkileak. Hemen bizi gara; hemen egiten dugu lo; hemen egiten ditugu erosketak; hemen ordaintzen ditugu zergak. Hemengo jendeak egiten dituen gauza berdinak egiten ditut». Migratzaileen egunean, Fontanek pertsona «ikusezinak» omendu nahi ditu: «Kale saltzaileak, bidean geratu diren haurrak, gizonak eta emakumeak». Aldarria argi du gaurko egunerako: «Paperak denontzat, orain».
Bizia jokatu, bizi ahal izateko
Bamba Sambe senegaldarra bizi hobeago baten bila etorri zen Bilbora, baina oso bestelakoa izan da errealitatea. «Migrazio duina» eskatu du Migratzaileen Nazioarteko Egunaren harira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu