Lurren aldeko indar jokoa

Laborariek zirkulazioa kolapsatu dute Miarritzeko aireportuaren inguruan, Arbonako laborantza lurraren salmenta espekulatiboa salatzeko. Ekintza gehiago iragarri dute.

Traktoreak Miarritzeko aireportura bidean, errepidearen zabalera guzia hartuta. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Arbona
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Ez da erraza pentze batean 125 traktore sartzea. Pentze handi bat behar da, lur eremu zabala. Ekainaren 23tik ELBk eta Lurzaindiak Arbonan (Lapurdi) okupatzen duten lurrak hamabost hektarea ditu, etxea barne. Laborari bat baino gehiago instalatu litezke bertan, baratzezaintzan adibidez. Baina hiru milioi euroan dago salgai. Eta diru hori emateko prest den erosleak ez du laborantza proiektu baterako nahi.

125 traktoreren argazkiarekin, errealitate hori erakutsi nahi izan zuten atzo laborantza arloko bi eragileek, salmenta espekulatiboa salatzeko okupatzen ari diren lurretan, eta gogoeta eragin: laborariengan, herritarrengan eta hautetsiengan. Kasu enblematiko bilakatu nahi dute Arbonakoa, salerosketa hori oztopatu eta etorkizunekoetan eragiteko.

Atzo, Ipar Euskal Herri osotik bildutako dozenaka laborariren babesa jaso zuten; 125 traktore lelo baten gibelean baturik: Hazten gaituen lurra zain dezagun!. Ahoan bilorik gabe mintzatu zen Dominique Ameztoi Lurzaindiko kidea: «Garai latza da. Hor, bortizkeria baten aitzinean gara; ez dugu onartzen ahal. Jende horiek bortizkerian ari dira gure kontra. Gu lasaitasunean gara, Euskal Herrian, eta horiek armaturik heldu dira, diruz armaturik. Ez dute jendea zuzenean hiltzen, baina ezin bizia sortzen dute».

Maryse Cachenault ELBko kideak azken egunetan egin dituzten desmartxen berri eman zuen: SAFER laborantza lurren kudeaketarako egiturarengana jo zuten lehenik, eta erosteko lehentasun partziala lortzeko urratsak egin ditu hark, laborantza lurren parte bat berreskuratzeko. Lurrei loturik den etxea ez denez laborantzarako erabilia, hori da legeak eskaintzen duen zirrikitua. «Ilusio bat da: jabeak errefusa dezake, eta erran dena erosi behar dela. Eta, prezio horretan, ez da posible dena erostea, eta SAFERek ez du eginen». Laborantza lurrari 100.000 euroko balioa ezarri dio SAFERek, eta, hasieran, jabearekin negoziatzen entseatu dira, horrek laborantza lurrak uztea onar zezan.

Baina harremana egiteko izan dituzten zailtasunak aipatu zituzten atzo: saltzailea Suitzan bizi da, eta oso heldua da, eta eroslea, berriz, Parisen bizi den emakume bat da. Oraingoz, ez batarekin ez bestearekin ez dute lortu harremanetan jartzea. Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak ere bere burua proposatu zuen bitartekaritza lanak egiteko, baina orain arte ez du lortu jabearekin bilkurarik antolatzea. Bi eragileek azaldu zuten ararteko bat antolatu dutela, eta abokatu batekin biltzekoak direla gaur. Uztailaren 20an bukatuko da salmentan eragiteko epea, eta, Isabelle Capdeville Lurzaindiko kidearen arabera, saltzailea eta eroslea «trikimailuetan» ari dira «denbora irabazteko».

Indar erakustaldia

Horregatik, ekintzara pasatzea erabaki dute. Okupazioarekin hasi ziren lehenik, eta baratze bat landatu zuten ondotik. Atzo, beste eskala batera pasatu ziren: Goizean bildutako 125 traktoreak Miarritzeko (Lapurdi) aireportura buruz abiatu ziren, barekurkuilu operazio batean, eta inguruko errepideetako zirkulazioa kolapsatu zuten. «Arazo gehiago sortzen ahal genuen; autobidea blokeatu, adibidez. Baina gaur lasai egonen gira», aipatu zuen traktore gainean zihoan laborari batek.

Ondoko egunetan protesta gehiago eginen dituztela iragarri dute; bihar, 19:00etan, berriz Arbonan elkartzera deitu zituzten laborariak. Dominique Ameztoi Lurzaindiko kideak azpimarratu zuen azken hogei egunetan «indar joko» batean direla. Atzo, giharrak erakusten hasi ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.