Astearte Handiak argi utzi du Joe Biden AEBetako presidenteorde ohiaren eta Bernie Sanders senatari independentearen arteko lehiatik aterako dela presidentetzarako hauteskundeetan Donald Trumpek izango duen aurkaria. Moderatuen eta beltzen babesa du Bidenek, eta liberalena eta gazteena Sandersek. Zentroa ordezkatzen du batek, eta ezkerra besteak. Alderdiaren barruan, argi utzi dute Biden dutela nahiago, baina bestela pentsatzen dute herritar askok, zeintzuek uste duten Sanders dela Trump garaitzeko aukera duen bakarra. Era batera edo bestera, argi dago oso estua izango dela bi hautagai demokraten arteko lehia, batez ere ikusita Bidenek aurreko primarioak galdu ostean egindako indar erakustaldia. Dena den, ikusteko dago bietako inork lortuko ote duen hautagaitza eskuratzeko ordezkari kopurua uztaileko kongresua baino lehen.
Sanders abantaila txiki batekin iritsi zen egun handira, baina Bidenek egoera iraultzea lortu zuen herenegungo bozetan. Jokoan ziren hamalau estatuetatik bederatzitan irabazi zuen. Gaueko plater nagusia, Kalifornia, 415 ordezkarirekin, Sandersentzat litzateke.
Alderdi Demokrataren primarioetako egunik garrantzitsuena da Astearte Handia, ordezkari gehien banatzen den eguna baita. Orain arteko emaitzak ikusita, Amy Klobuchar senatariak eta Pete Buttigieg South Bendeko alkate ohiak euren kanpainak etetea erabaki zuten bozen atarian —kanpaina utzi izan balute, euren ordezkariak beste hautagaien artean banatuko zituzten, eta Sandersentzat izango lirateke batzuk—.
Alderdi demokrataren aparatuak Sandersen aurka hartutako erabakitzat jo dute askok, moderatuen arteko zatiketaren onuradun nagusia izan baita hura. Izan ere, Klobucharrek eta Buttigiegek babestu dute Biden, eta babes hori ezinbestekoa izan du hark, bestek beste, Minnesotan garaipena eskuratzeko. Berak ere hala onartu du: «Klobucharri esker irabazi dugu Minnesotan». Hangoa baita hura. AEBetako presidente ohiak Michael Bloombergen babesa ere jaso zuen atzo, emaitza eskasen ondorioz lehiatik ateratzea erabaki baitzuen.
Minnesotaz gain, Alabama, Arkansas, Massachusetts, Ipar Carolina, Oklahoma, Tennesee, Maine eta Virginia ere eskuratu ditu Bidenek. Baita Texas ere, gaueko lehiarik garrantzitsuenetan bigarrena, 228 ordezkari banatzen baitziren han. «Gau on bat da», adierazi zuen Barack Obamaren presidenteorde izanikoak. Garaipen gutxiago eskuratu ditu Sanders ezkertiarrak, baina horien artean Kaliforniakoa egon liteke.
Virginia eta Ipar Carolina
Hautagaitzarako gakoak izan daitezkeen estatuen artean daude Virginia eta Ipar Carolina ere, faborito argirik gabeko eskualdeak baitira biak, eta bietan presidenteorde izandakoaren alde egin dute azken ordura arte zalantzan egon direnek. Demokratentzat pisuzkoa izan ohi den komunitate beltzaren babesa ere badu hark, eta, inkesten arabera, haren aldeko joera zabaltzen ariko litzateke bizitegi auzoetan ere.
Lehen primarioetako porroten ostean, sendotuta irten da Bidenen hautagaitza Astearte Handitik. «Oso bizirik gaude», esan zien Los Angelesen bildutako jarraitzaileei. «Ez izan zalantzarik, kanpaina honen ondoren maletak egin beharko ditu Donald Trumpek». Aldiz, Sandersen alde egin dute Vermonten —hangoa da bera—, Coloradon eta Utahn. Texasen ere boto asko lortu ditu hautagai ezkertiarrak. Lehen emaitzak eskuetan, bere hautagaitza defendatu zuen hark: «Politikan gure tokia egiten ari gara. Ezinezkoa da Trump garaitzea betiko politika zaharra eginez».
Emaitzarik ez
Urrun, oso urrun, geratu dira oraindik ere hautagaitzarako lehian jarraitzen duten beste hiru hautagaiak: Tulsi Gabbard kongresukidea eta Elisabeth Warren senataria. Bloomberg, berriz, ez zen aurkeztu otsaileko primarioetara, dena karta batera jokatzeko asmoz, Astearte Handira. 500 milioi euro inguru jarri ditu hamalau estatuetan eginiko publizitate kanpainetarako, gainontzeko hautagai guztiek batera baino gehiago, baina bueltan emaitzarik jaso gabe. Samoa Estatubatuarrean bakarrik lortu du irabaztea. AEBen menpeko lurralde hartan ezin dute botoa eman presidentetzarako hauteskundeetan, baina bai primarioetan.
Horiek horrela, Warren datorren astearteko primarioetara begira jarri da, bere estatuan, Massachussettsen, Bidenen aurka galdu ostean. Herenegungo emaitzei erreparatuta, ikusteko dago lehian segituko duen, ala konbentzioaren aurretik utziko duen.
AEBetako primarioak. Astearte Handia
Sanders Kalifornian nagusitu arren, Bidenek irabazi du Astearte Handiko lehia
AEBetako presidente ohiari mesede egin diote Buttigiegen eta Klobucharren babesek. Warren borrokatik kanpo geratu da, eta Bloombergek lehia utzi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu