Bost hilabete «duintasun» eske

Luze doa Tabakalerako Ubik sorkuntza laborategiko bitartekarien greba. Beren lan baldintzak hobetu ditzatela eskatzen diete azpikontratatuta dituen enpresari eta zentroaren administrazio kontseilua osatzen duten erakunde publikoei. Lortu bitartean, orain arte adina denbora «eusteko prest» daude.

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Luze doa. Bi orduko bi lanuzte egin ostean, Donostiako Tabakalerako Ubik sorkuntza liburutegiko langileek greba mugagabeari ekin zioten iazko abenduaren 22an; 148. eguna dute gaur lan baldintzak hobetzeko protestan. Bost hilabetera heltzear dira, baina ez dute asmorik atzera egiteko, Iñigo Otxotorena eta Ibai Aizpurua bitartekariek ziurtatu dutenez. «Indartsu gaude», dio lehenak. Antzera mintzo da Aizpurua ere: «Espero baino gehiago luzatzen ari da, baina gure animoak ondo daude. 145. eguna dugu gaur [joan den asteazkenean], eta beste 145 badira ere eusteko prest gaude».

Egun, hamahiru langilek osatzen dute Ubik liburutegiko lantaldea. Sedena enpresak azpikontratatu zituen, Tabakaleraren lizitazioa lortu ostean. Bederatzi daude greban oraintxe bertan, jendaurrean aritzen direnak. Liburutegi berezia baita Ubik, eta berezia da bitartekarien zeregina ere: bertan dauden baliabideen eta erabiltzaileen arteko zubia egiten dute. Otxotorena: «Guri eskatzen zaigu jendeari gauzak egiten erakustea, bultzatzea, aholkatzea. Bideo jokoak egin nahi badituzu, galdetu eta erakutsiko dizugu. Edo hiru dimentsiotan diseinatzen, bideoak editatzen, soinuak grabatzen...». Haiez gain, katalogazioan eta arlo teknikoan dabiltzan beste hainbat lankidek osatzen dute taldea.

Biek azaldu dute, baina, baldintza «nahiko kaskarretan» aritu izan direla lan horietan. «Irekiera orduak hamahiru lagunen artean betetzen ditugu, txandakako sistema baten bidez», dio Otxotorenak. Urteko asteburuen erdietan eta jaiegun askotan ere lan egitea egokitzen zaie. Aizpurua: «Gutxi gorabehera, egun askotan bederatzi orduz lan egiten dugu, tartean bazkaltzeko ordubete izanda; beraz, gehienok Tabakaleran hamar ordu pasatzen ditugu. Luze egiten da; asteburuak eta jaiegunak ere hor daude, eta zaila da kontziliazioa». Oporrak hartzeko ere «arazo asko» dituzte. «Lehen urteetan ezin genituen nahi genituenean hartu. Denborarekin, malgutasun gehixeago egon da aste batzuk mugitzeko, baina orokorrean arazo asko izaten dira».

Lan egiteko profil zehatzak eskatu zizkieten. Aizpuruak azaldu du lizentziak edo goi mailako ikasketak dituztela. Otxotorena: «Euskara eta ingeles profilak eskatzen zituzten; niri, adibidez, goi mailako modulu bat edo ingeniaritza elektronikoak. Berdin beste kasuetan». Salatzen dute eskakizunok ez datozela bat haien baldintzekin. Batez beste 1.000 eurotik beherako soldatak dituzte.

«Horregatik guztiagatik, lankide gehienek utzi egin dute; etorri eta joan egin dira. Hasierakoetatik lau gaude», zehaztu du Aizpuruak. Urtebetean taldearen herena aldatu zela gehitu du Otxotorenak. «Batez bestekoa atera genuen behin: bi-hiru hilabetetik behin lankide batek lana uzten zuen», dio Aizpuruak. «Errotazio handia dago, eta horrek seriotasuna ere kentzen dio proiektuari. Batzuetan epe luzerako gauzez hitz egiten da, baina bat joaten bada, berak prestatu behar zuena airean geratzen da, etortzen denak horri heldu behar dio... Ez da lan egiteko erarik onena».

Hitzarmena eta lizitazioa

Baldintza horiek izateko bi gako daude, langileen ustez. Bata, aplikatzen zaien lan ituna: «Gure baldintzak estatu mailako hitzarmen bati lotuta daude, eta nahiko kaskarrak dira», azaldu du Otxotorenak. Horren ordez, esku hartze sozialeko Gipuzkoako lan ituna ezartzeko eskatzen dute. Aizpurua: «Duintasuna nahi dugu. Estatuko hitzarmena daukagu, baina Donostian eta Gipuzkoan bizi maila oso desberdina da, eta zaila egiten zaigu bizimodu duin bat izatea».

Beste gakoa, Tabakalerak zerbitzua azpikontratatzeko garaian eginiko deialdi datza. «2015ean atera zen lizitazioa, eta enpresa merkeenak edo merkeenetan bigarrenak irabazi zuen, ez dakit ziur. Gure ustez, guztiaren erruduna ez da ez Sedena bakarrik, ez Tabakalera bakarrik, sistema bera baizik; udala, aldundia, Tabakalera... Denak dira errudun. Eta ikusten da nola, azpikontratazioen bidez, kultura lan prekario bihurtzen ari diren, bai Euskal Herrian, bai hemendik kanpo. Azpikontratazioekin lortzen da langileei gutxiago ordaintzea, eta egun jende prestatu pila bat dagoenez lanaren zain, esaten dute: 'Beste norbait agertuko da'». Gogorarazi dute zerbitzu publiko bat ematen dutela, eta, prekaritatea edonon dagoen arren, bereziki ari dela zabaltzen kultur sektorean. Aizpurua: «Ez zait batere zuzena iruditzen kulturaren munduan espezializatu nahi duen pertsona batek beste batek baino baldintza txarragoak eduki behar izatea».

Grebari ekin aurretik ere hainbatetan agertu zieten kexua Sedenari eta Tabakalerako zuzendaritzari. Urte eta erdi lehenago hasi ziren «serio mugitzen». «Mugitzen hasi ginenean, enpresak igoera bat eskaini zigun», dio Otxotorenak. «Mugitzen hasi ginelako izan zen; aurrez ere eskaera asko egin genituen, eta beti esaten ziguten pentsaezina zela soldata igotzea. Orduan, ordezkari sindikala atera genuen, eta, magikoki, igoera etorri zen», Aizpuruak. Baina diote ez zela nahikoa, soldata oinarri oso apala baitute. «Kontuan hartu behar da batez besteko gure soldata gordina 15.000 euro ingurukoa dela, eta Gipuzkoako batez bestekoa 28.000 eurokoa, ia bikoitza».

Egoera aldatzen ez zela ikusita, bitartekariek ez zuten ikusi grebara jotzea beste biderik. Ordutik, hamaika aldiz bildu dira enpresarekin, Tabakalerarekin eta administrazio kontseiluan erakundeen ordezkari diren kideekin, eta biltzen jarraitzen dute. «Gero, hitz egiteak nora eraman gaituen beste kontu bat da, baina esan behar dugu jo ditugun ate gehienetan beti egon direla prest gurekin hitz egiteko». Haien erantzuna, baina, beti bera izan da, langileen hitzetan: «'Ulertzen dugu zuen baldintzak ez direla onak eta hobetu egin behar direla, baina...', bukaeran beti dago baina bat, izaten dena ez dagoela beren esku; toki gehienetan beti hori esan digute, eskuak lotuta dituztela». Finean, enpresarekin negoziatzeko esaten diete, azaldu dutenez.

Kexu dira biltzeko ere denbora asko eman dutelako zain. «Orain, badirudi negoziazioak azkartu litezkeela, baina orain arte oso motel joan dira; tartean asteak eta asteak egon gara erantzun baten zain; behin, baita hilabete ere». Diotenez, greban egonik denbora zain ematea ez da erraza, baina argi dute biek: «Puntu batera iritsita, atzera-bueltarik ez dago; orain arte eraikitako guztia behera botatzea litzateke». Azaldu dute jarrerak ez direla «bereziki» hurbildu, baina prozesua arintzea espero dute. Badakite oztopo nagusia arrazoi ekonomikoak direla, baina irizten diote badaudela baliabideak irtenbidea adosteko. Aizpurua: «Herritar arrunt bat naiz; ez dut inoiz halako eraikin bat kudeatu, baina guk dakigun bakarra da sei milioi euro sartu zirela duela gutxi Tabakaleran [hori da aurtengo aurrekontua]. Ulertzen dugu dirua gauza askotan joaten dela: langile eta proiektu asko ditu, eraikinak asko kontsumitzen du... Baina hamahiru langileri soldata apur bat igotzeko halako arazoak egotea...».

Elkartasuna ugari

Tabakaleraren datuen arabera, iaz 174.680 erabiltzaile hartu zituen Ubik-ek, erakusketa, kontzertu, zinema proiekzio edo bestelako jarduerek baino gehiago. «Ondo baloratua dagozerbitzua, beti esan digute hori», baieztatu dute langileek. «Turistak datozenean ez dugu asko nabaritzen, baina Donostia edo inguruko erabiltzaileak bai, etortzen dira, eta Tabakalerara etortzeko ohitura dute, nire ustez, neurri handi batean Ubik-engatik», dio Aizpuruak. Langileek greba hasi zutenetik itxia dago Ubik.

Horregatik, auzokoen eta ohiko erabiltzaileen elkartasuna ere jaso dute. Astea joan eta astea etorri, eraikin atarian jarri ohi duten mahaian izaten dira grebalariak, eta jende ugari hurbiltzen zaie. «Orokorrean, jendearen elkartasuna sumatzen dugu: auzoko jendea, erabiltzaileak...», adierazi du Aizpuruak. Pasadizorik ere badu gogoan Otxotorenak: «Behin edo behin, inor etorri zaigu hamaiketakoarekin, edo loteriako txartelekin, ea tokatzen zaigun... [Irribarrez]. Eskertzekoa da; ahal duten horretan laguntzen digute». Gogoan dute kafetegikoek ere espazioa utzi izan dietela mahai inguruak egiteko. Eta ELA sindikatuaren bultzada ere oso garrantzitsua izaten ari dela diote.

Kultur mundutik ere iritsi zaie babesa. «Grebaren lehen egunetik eduki dugu Azpi-koen laguntza; Tabakalera alboan dagoen artista elkarte bat da, eta haiek gabe gauza asko ezinezkoak lirateke», Artisten elkartasuna ere sumatu dute, tartean Esther Ferrerrena, baita hainbat marrazkigilerena ere, Tabakalera ingurura saio bat egitera hurbildu zirenena.

Indarra ematen die horrek guztiak, eta ez daude amore emateko prest. Deia ere egin dute: «Kulturaren sektoreko jendea animatu nahi genuke lan baldintza duinagoak lortzen saiatzera. Gauzak ez dira bakarrik konpontzen, inork ez dizu ezer emango. Denon artean egin behar dugu hau».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.