1936ko urriaren 12a da, eta Salamancako Unibertsitatean da Miguel Unamuno, Arrazaren Eguna deiturikoa ospatzeko ekitaldian. Errepublikaren aurka armaz altxatutakoak zituen entzule, Millan-Astray jenerala tartean. Kolpearen alde agertua zen idazlea hilabete gutxi batzuk lehenago. Horregatik, zalaparta sortu zuten haren hitzek, esaldi ezagunak barne: «Venceréis, pero no convenceréis» (Irabaziko duzue, baina ez duzue konbentzituko). Irain eta oihu artean atera zen aretotik, eta handik bi hilabetera hil zen. Pasarte historiko horretan ardaztu du Alejandro Amenabar zinemagileak Mientras dure la guerra filma. Karra Elejaldek gorpuztu du idazle eta pentsalaria;, haren barne kontraesanak hizpide hartuta, gerra aurreko eta lehen hilabeteetako Espainiako giroa erretratatu du filmean, zeina Sail Ofizialeko lehian aurkeztu zuen atzo.
Gertaera historikoez hitz egin arren, gaur egungo fenomeno batez, «faxismoaren gorakadaz» ohartarazteko asmoa ere badu filmak, Amenabarrek adierazi zuenez. «Uste genuen mitologiaren parte zela dagoeneko, baina ikusten ari gara muturrak itzultzen ari direla». Bera, egungo zinemagile asko bezala, «Trantsizioaren garaian» hazi zela azaldu zuen, eta harritu egin zela jabetzean apenas zekiela ezer bere filmak erakusten duen garaiaz eta orduan gertatutakoez. «Gure belaunaldia hanka puntetan igaro zen Gerra Zibiletik, eta uste dut herrialde batentzat ona dela bere historia ezagutzea, zenbat eta gehiago arakatu, orduan eta lotura gehiago aurkitzen dituzulako berriro gerta daitezkeen gauzekiko».
Filma sortzeko iturri historiko ugaritara jo zutela ere azaldu zuen zinemagileak, Unamunoren hitzaldiaren pasartea berregiteko bereziki, ez baitago grabaziorik, eta gertatutakoari ahalik eta leialen izatea baitzuen xede.
Unamuno ez ezik, beste hainbat pertsonaia historiko ere erretratatzen ditu pelikulak, tartean, Franco (Santi Prego) eta Millan-Astray (Eduard Fernandez). Diktadorearen inguruan, Amenabarrek esan zuen agian hasieran harridura edo nahasketa sor ditzakeela pertsonaiak, «erridikuluak diruditen bere elementu guztiekin» jokatu nahi izan zutelako, gero, «ustez koitadu» bat zen horren eboluzioa erakusteko.
Donostiako 67. Zinemaldia. Sail Ofiziala
Barne kontraesanen gerran
1936ko gerra piztu berritan Miguel Unamunok agertu zituen jarrera aldaketak ditu ardatz Alejandro Amenabarren 'Mientras dure la guerra'-k. Karra Elejaldek gorpuztu du idazlea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu