Rezusta 16-22 Artola

Bi garaipen batean

Iñaki Artolak Beñat Rezustari irabazi dio, eta Buruz Buruko Txapelketako finala jokatuko du bi aste barru, Bilbon. Alegiarrak lehenbizikoa du Lehen Mailan

Iñaki Artola, amorru biziz garaipena ospatzen, atzo, Labrit pilotalekuan. IÑAKI ARTOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Pilotakadak. 257.
Iraupena. 53.49.
Sakez. Artolak, bost.
Egindakoak. Rezustak, hamabi; eta Artolak, hamar.
Huts egindakoak. Rezustak, hamabi; eta Artolak, lau.
Markagailua. 1-0, 1-5, 3-5, 3-6, 7-6, 7-10, 10-10, 10-13, 11-13, 11-14, 12-14, 12-18, 15-18, 15-20,16-20 eta 16-22.
Bestelakoak. Ez zen ikuslerik egon Labrit pilotalekuan. Apustuak Artolaren alde atera ziren, baina alde oso txikiagatik. Jokin Etxaniz izan zen Rezustaren botilleroa, eta Artolarena, haren anaia, Mikel.

Iñaki Artolak bi partida irabazi zituen atzo: bata, Beñat Rezustaren aurkako finalerdia. Aurrelari alegiarrak 22-16 hartu zuen mendean atzelari bergararra, Iruñean, eta, horri esker, Buruz Buruko Txapelketako finala jokatuko du bi aste barru, Bilbon, Miribillan. Estreinako finala izango du Lehen Mailako hiru txapelketetatik garrantzitsuenetako batean. Promozio Mailan txapel bat irabazitakoa da: 2014ko lau eta erdikoa, debutatu eta bost hilabete eskasera. Jokin Altuna gainditu zuen finalean, Donostian.

Baina Rezustaren aurkako partida bakarrik ez, bere buruaren kontrakoa ere irabazi zuen atzo Artolak. Esana baitzuen borroka bat zuela bere buruarekin Buruz Buruko Txapelketan. Gustuko zuen banakako lehia, eta gaztetan asko jokatutakoa zen diziplina horretan. Profesionaletan ere ilusioz ekiten zion urtero txapelketari. Baina, gero, ez zuen lortzen aurrerapausoa ematea: ezin zituen final-laurdenak pasatu. Eta horrek zalantzak eragiten zizkion, ea bere buruari ezarritako helburuak ez ziren errealistak. Horregatik, duela astebete aurreneko aldiz finalerdietarako sailkatu zenetik gauza bera esan du, behin eta berriz: gertatzen zena gertatzen zela, bakeak egin zituela bere buruarekin. Bada, bere buruarekin bakeak egin bakarrik ez, aspaldi harekin zuen borroka ere irabazi dio. Bide batez, bere burua aldarrikatzeko balio dio, noiz, eta gutxien espero zuenean, Binakako Txapelketan ezinean aritu ostean. Baina batzuetan, gutxien espero denean iristen da arrakasta, eta saria. Nagusia da Baikoko aurrelariaren kasuan: buruz buruko txapela irabazteko aukera izango du lehen aldiz.

Hain zuzen ere, hori azpimarratu zuen Artolak finalerako sailkatu berritan. «Gutxien espero nuenean iritsi da aukera eder hau, binakakoan ez bainintzen gustura aritu. Baina presiorik gabe aritzeak mesede egin dit. Oso pozik nago, aurrerapausoa eman baitut. Orain, lasai hartu nahi dut finala. Ez dut gehiegi pentsatu nahi horretan. Nire onena ematen saiatuko naiz».

Sakearen garrantzia

Irabazlearen pozak galtzailearen atsekabea eragin ohi du. Baita atzo ere. «Saiatu naiz, eta borrokatu dut, baina deseroso aritu naiz tanto askotan, hari min egin ezinda. Ez dut sakea aprobetxatu, eta berak min handia egin dit sakearekin. Horren ondorioz, kontrakarrean aritu behar izan dut, eta hori zama izan da», esan zuen Rezustak. Momentuko etsipena izan behar luke. Oso harro egon behar du egin duen lanaz.

Artolak ondo irabazi zion Rezustari, jokoaren alor erabakigarrienetan nagusi izanda. Batez ere, sakean. Baikokoak min handia egin zion Aspekoari lehen kolpearekin: bost tanto egin zizkion, gehienak zabalera aterata; Rezustak, aldiz, ale bakar bat ere ez zuen lortu. Horri esker lortu zuen Artolak hasieratik aginte makila: 5-1.

Kolpean egon zitekeen bien arteko alderik handiena, baina horretan ere nor baino nor gehiago aritu zen alegiarra. Bikain eutsi zion bergararrari, eta arriskatzera behartu zuen Aspekoa. Ondo atera zitzaion aurreneko tantoetan Rezustari, eta eusteko gai izan zen: 10-10. Baina gerturatu zen aldiro, Artolak sakearekin asmatu zuen. 12-14koarekin hautsi zen partida. Baikokoak bi tanto egin zituen jarraian, eta segidan, Rezustak bi huts egin zituen: 12-18. Nekea kalte egiten ari zitzaion, eta atsedena eskatu zuen. Mesede egin zion, eta partidako pilotakadarik indartsuenak jo zituen bueltan. Hiru tantora gerturatu zen (18-15), baina sakea zuela, gora bota zuen pilota, eta hurrengo tantoan, kanpora. Hamabigarren hutsegitea zuen. 20-15. Kito. Beste tanto bat egin zuen, baina Artolak bikain itxi zuen lehia bi tanto eder lortuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.