Idlibetik gero eta gertuago

Al-Assaden indarrek Saraqeb hiria bereganatu dute, eta, harekin batera, Damasko eta Alepo elkartzen dituen autobidea. Turkiak gerrarako 150 ibilgailu eta tropa gehiago bidali ditu Idlibera

Turkiako armadaren gerrarako ibilgailuak Idlib ipar-ekialdean. Ankarak Al-Assadi ohartarazi dio Idlibetik erretiratu ezean erasora joko duela. YAHYA NEMAH / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Milizien kontrolpean zegoen atzo arte M-5 autobide ondoan dagoen Saraqeb hiria. Siriako komunikazio bide nagusietako bat da Damasko eta Alepo lotzen dituen autobide hori, eta Saraqeb zen errepide horretan oposizioko indarren menpeko azken gunea. Beste ezaugarri garrantzitsu bat ere badu hiriak, Idlib eskualdeko hiriburutik oso gertu dagoela. Bi ezaugarri horiek garaipen handi bilakatzen dute Baxar al-Assaden indarrentzat hura bereganatu izana.

Aldiz, milizien aliatu den Turkiarentzat, bestelakoa da testuingurua. 2018ko akordioen arabera, Ankarak hainbat zaintza gune ezarri behar zituen Idlib inguruetan, erasoak saihestu eta zibilentzat pasabide seguruak bermatzeko. Al-Assaden indarrak izen bereko eskualdeko hiriburura gerturatu ahala, ordea, Turkiako soldaduen hamabi zaintza postuetatik lau inguratu egin dituzte, eta horrek Ankararen haserretu du. Azken horrek, «zibilen segurtasuna» aitzakia gisa jarrita, beste 150 gerra ibilgailu, tropak eta munizioa bidali ditu Idlibeko kontrol guneetara. Horiekin, milatik gora dira Turkiak aste honetan eskualde hartara bidalitako gerra ibilgailuak.

Azken astean gora egin du tentsioak milizien kontrolpean geratzen den azken eremuetariko batean. Astelehenean, Al-Assaden indarrek egindako eraso batean, zortzi turkiar hil zituzten, tartean bost soldadu. Handik ordu gutxira heldu zen Ankararen erantzuna. Turkiako iturrien arabera, 30 militarretik gora hil zituzten.

Elkarrizketa antzuak

Errusiak eta Turkiak hitzartu zituzten 2018ko akordioak. Orain biek egozten diote elkarri haiek urratu izana. Ankarak dio Moskuk bazekiela non ziren militar turkiarrak, eta, hala ere, ez zuela ezer egin Al-Assad geldiarazteko. Moskuk, berriz, Ankarari leporatzen dio hitzarmenetan jasotako desmilitarizatutako 10-20 kilometroko eremua sortu ez izana eta milizien eta «terroristen» arteko elkarlana eten ez izana. «Errusiak ezin du arazoa bere kabuz konpondu. Turkiak oposizioko miliziak babesten ditu, eta haiek hitz egiteko prest daude, baina aldi berean talde terroristekin elkarlanean ari dira. Horrela ezinezkoa da aurrera egitea», salatu du aste honetan Sergei Lavrovek, Errusiako Atzerri ministroak.

Iranek —Al-Assaden aldekoa hura ere— bere burua eskaini du bitartekaritza lanetarako. Arazoa da elkarrizketa mahaiko laugarren aulkia, gobernuari dagokiona, hutsik dagoela aspaldian, eta ez dirudi inork beteko duenik etorkizun hurbilean.

Al-Assadek hasieratik argi utzi du ez duela parte hartuko bera boteretik aldentzea helburu duen inongo elkarrizketatan; eta oposizioak ere ez du onartuko hura boteretik kentzea baztertzen duen inolako proposamenik. Gainera, miliziak ez bezala, galdutako eremua berreskuratzen ari dira Al-Assaden indarrak Errusiaren laguntzarekin, eta soilik Idlib hiria eta Alepoko auzo batzuk falta zaizkie herrialde osoa berreskuratzeko. Alferrik izan dira laguntzak kendu eta zigorrak handitzeko nazioartearen mehatxuak.

Otsailaren 29ra arte

Turkiak ez du zain jarraitzeko asmorik, eta hilabete amaiera arteko epea eman dio Al-Assadi Idlibetik urruntzeko. Hala egin ezean erasora joko duela ohartarazi du. Zenbait iturriren arabera, oposizioko miliziekin izandako azken bileretako batean Turkiako informazio zerbitzuek jakinarazi zieten elkarrizketek huts egin zutela, eta ohartarazi «okerrenerako» prest egoteko.

Bien bitartean, zibilek Idlibetik ihesi jarraitzen dute. Azken bi hilabeteetan 600.000 herritar atera dira hiritik; horietatik ia erdiak, adingabeak. Gerra hasi zenetik, lau milioi herritarrek ihes egin dute Siriatik, eta horietatik gehienek Turkian hartu dute aterpe. Baina hark iragarri du ez dituela iheslari gehiago hartuko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.