Oinarrizko LHn eskainitako lekuen %89 A eredukoak dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Oinarrizko Lanbide Heziketa hamalau ikastetxetan ikas daiteke D edo B ereduan; A ereduan, 63tan. Arabako eskaintzaren %96 gaztelerazko eredukoa da

Lanbide Heziketako ikastetxe bat, Usurbilen (Gipuzkoa), artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haur gehienek euskara hutsezko D ereduan ikasten badute ere, mailaz igo ahala, euskarazko eskaintza eta matrikulazioa apaldu egiten da. Hala erakusten du Eusko Jaurlaritzak EH Bilduren galdera bati emandako erantzunak: Lanbide Heziketan euskarazko ereduen presentzia txikiagoa da gainerako mailetan baino. Zehazki, Oinarrizko Lanbide Heziketako datuak egin dituzte publiko, eta euskara bazterrean ageri da: eskainitako postuen %89 A eredukoak —gaztelerazkoa— dira, eta hamar ikasletik bederatzik eredu horretan ikasten dute.

Oinarrizko Lanbide Heziketan 15-17 urterekin sartzen dira ikasleak. Bertan, ogibide bat ikasteaz gain, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatua lortzen dute, eta erdi mailako ziklo bat ikasteko bidea zabaltzen zaie. Ikasketa horiek euskaraz egiteko eskaintza, ordea, oso apala da, eta, horrenbestez, baita ikasketa horiek euskaraz egiten dituztenen kopurua ere: 5.355 postu eskaintzen dituzte guztira, horietako 4.743 A ereduan; eta 4.638 ikasle daude matrikulatuta, horietako 4.144 A ereduan.

Egoera ikastetxez ikastetxe aztertuta, B ereduko —erdia gazteleraz eta erdia euskaraz— eta D ereduko —euskarazko eredua— hamalau ikastetxe publiko edo itunpeko daude, hamabi herritan banatuta. Ezin da jakin horietako zenbat ari diren euskara hutsean eta zenbat B ereduan, datuak ez baitituzte bereizita eman. Aldiz, aukera askoz zabalagoa da gaztelerazko ereduan, 37 herritako 63 eskolatan baitago.

Lurraldearen arabera ere badago aldea. Araban da bereziki larria egoera: eskainitako 782 postuetatik 752 dira A eredukoak (%96). Baina Bizkaia eta Gipuzkoa ere ez daude atzean: gaztelerazkoak soilik dira Bizkaiko 3.211 postuetatik 2.961 (%92) eta Gipuzkoako 1.362 lekuetatik 1.030 (%76). Horrek isla du matrikulazioan ere. Araban Oinarrizko Lanbide Heziketan izena emanda dauden 642 ikasleetatik 623 ari dira A ereduan (%97), Bizkaiko 2.830 ikasleetatik 2.615 (%92), eta Gipuzkoako 1.166 ikasleetatik 906 (%78).

Lurraldetik lurraldera egoera aldatzen den bezala, aldea dago ikastetxearen titulartasuna publikoa edo pribatua izan ere. B edo D eredua eskaintzen duten ikastetxeetatik bost dira publikoak, eta horietako bat bera ere ez dago Gasteizen, Bilbon edo Donostian. Hain zuzen ere, Aguraingo, Bermeoko, Hernaniko, Mungiako eta Oñatiko zentro publiko banatan dago bi eredu horietako bat. Eta, orotara, 190 leku eskaintzen dituzte; alegia, D eta B ereduko lekuen %31 ikastetxe publikoek eskaintzen dituzte, eta %69, itunpekoek.

Publikoan nahiz itunpekoan

A eredua, baina, zabalduago dago sare batean zein bestean. 23 zentro publikotan eskaintzen dute eredu hori, eta, guztira, 1.463 ikaslerentzako lekua dago: Amurrion, Andoainen, Barakaldon, Basaurin, Durangon, Eibarren, Erandion, Gasteizen, Gernika-Lumon, Guardian, Hernanin, Laudion, Mallabian, Pasaian, Portugaleten, Santurtzin, Sestaon, Usurbilen, Zuian eta Zumaian ikas daiteke gaztelera hutsean ikastetxe publikoetan. Hain zuzen, A ereduko postuen %31 eskola publikoetakoak dira, eta %69, itunpekoetakoak.

Beste ondorio bat ere atera daiteke: ikusten da Eusko Jaurlaritzak Oinarrizko Lanbide Heziketan ikasketak A ereduan eskaintzeko joera duela. Izan ere, eskola publikoetan dituzten 1.653 lekuetatik %89 gaztelera hutsezko ereduan eskaintzen ditu.

Datuok modua ematen dute eskaintzaren eta eskariaren arteko erlazioa aztertzeko. B edo D ereduetako 612 lekuetatik 494 daude beteta, %81 alegia; A ereduan, berriz, 4.743 lekuetatik 4.144 (%87).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.