Ekialde Hurbila. Iran-AEB

Iranek lehen erantzun militarra eman du Soleimaniren hilketagatik

Teheranek 22 misil jaurti ditu AEBek Iraken erabiltzen dituzten bi base militarren kontra. Bagdaden, berriz, AEBen enbaxadari eraso egin diote. Trumpek zigor ekonomiko gehiago iragarri ditu

Iranek lehen erantzun militarra eman du Soleimaniren hilketagatik.
ander perez zala
2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun

Iranek lehen erantzun militarra eman du. Teherango agintariek ohartarazi zuten Qassem Soleimani Guardia Iraultzailearen jeneralaren hiketak «mendeku gogorra» izango zuela, eta, atzoko ordu txikietan, Soleimaniren hileta amaitu eta gutxira, Iraultza Islamikoaren Guardien Armadak 22 misil jaurti zituen Irakera, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) armadak erabiltzen dituen bi base militarren aurka.

Ali Khamenei Irango lider gorenaren iritziz, erasoa «zaplazteko bat» izan da «AEBen aurpegian», baina Irango Gobernuari ohartarazi zion atzoko misil jaurtiketak ez direla «nahikoa» izan: «Amerikarren presentziak axola du. Hori amaitu egin behar da». Aiatolaren hitzek AEBei eman beharreko erantzunari buruzko barne desadostasunak utzi zituzten agerian, eta, ziurrenik, herritar askok pentsatzen dutenaren bozgorailua izan zen. Armada estatubatuarra Ekialde Hurbiletik kanporatzea dute helburua orain.

Teheranek atzo jakinarazi zuen «amaitu» dituela Iraken dauden AEBen indarren aurkako erasoak. Irango Atzerri ministro Javad Zarifek adierazi zuen ez dutela nahi «gerraren goraldirik», baina gehitu zuen Iranek «bere burua defendatuko» duela «edozein erasotatik». Hassan Rohani Irango presidenteak, ordea, mezu irmoagoa eman zuen: «Erasoak frogatzen du Iranek ez duela atzera egiteko asmorik AEBen aurrean. Eskualdeko herrialdeen erantzuna jaso behar dute». Zarifek profil diplomatikoa erakutsi zuen arren, Rohanik eta Khameneik talkarekin jarraitzearen aldeko adierazpenak egin zituzten.

Zernahi dela ere, AEBen enbaxadak eraso bat jasan zuen bart, Bagdaden, 21:30 aldera. Azken orduko berrien arabera, bi katyusha misil jaurti zituzten Zona Berdera, Irakeko hiruburuaren erdian —han daude nazioarteko ordezkaritza ugari—, eta AEBen enbaxadatik gertu erori ziren. Lehen berrien arabera ez zuten inor zauritu. Erasoaren ezaugarriengatik, itxura du Iranen aldeko milizia batzuk zirela egileak. Erredakzio hau ixteko orduan ez zen berri gehiago eraso horri buruz.

Siriak baditu milizia aliatuak Ekialde Hurbilean. Libanoko Hezbollah, Palestinako Hamas edo Yemengo huthiak dira adibideetako batzuk; hain justu, Soleimani jenerala arduratzen zen horiekiko harremanak josteaz.

Teheranek Soleimani Martiria izendatu zuen AEBen aurkako operazioa, eta jenerala hil zuten ordu berean hasi ziren misilak jaurtitzen, 01:20 inguru zirela —Euskal Herrian, astearteko 22:50—. Ordu horretan, joan den ostiralean, AEBetako armadak igorritako drone batek Soleimani hil zuen Bagdadeko aireportuan.

AEBek eta Estatu Islamikoaren aurkako nazioarteko koalizioak Ain al-Assaden dute Irakeko base militarrik handiena, herrialdearen mendebaldean, eta hari egin zioten eraso misil balistikoekin; iturri batzuen arabera, hogei baino gehiago jaurti zituzten, eta hamazazpi erori ziren base horretan.

Irakeko Kurdistanen dagoen Arbilgo base militarrari ere egin zioten eraso, bost misil erabilita, eta Kurdistango Eskualde Autonomoko Gobernua kexu agertu zen jaurtiketa horiengatik Siriako Kurdistango errefuxiatuen gune batetik hurbil izan zen—. Ohar baten bidez, Arbilek ohartarazi zuen «ekintza militarrek» ez dituztela «arazoak konpontzen», eta Irani eta AEBei eskatu zien gatazka Kurdistandik «urruntzeko». Irakeko Gobernuak bazuen erasoaren berri, Adel Abdul Mahdi jarduneko lehen ministroak jakinarazi zuenez; eskualde autonomokoak, ordea, ez zekien ezer.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak atzoko zalaparta baliatu zuen Siriako eta Irakeko Kurdistan bonbardatzeko, Kurdistango Langileen Alderdiaren (PKK) aurkako operazio bat egiten ari zela argudiatuta.

Hildakoen zifrak dantzan

Washingtonek eta Bagdadek adierazi zuten astearteko erasoaren ondorioz ez dela hil beren armadako soldadurik, eta NATOk ere baieztatu zuen ez zutela inor hil —tropa batzuk erretiratu zituen lehenago—. Etxe Zurian atzo egindako agerraldian, Donald Trump AEBetako presidenteak informazio hori baieztatu zuen, eta jakinarazi zuen Irani zigor ekonomiko «indartsu» gehiago ezarriko dizkiotela, egoera «balioesten» duen bitarterako: «Iranek jarrera aldatzen duen arte iraungo dute». Ez zuen erantzun militarrik iragarri, ordea

Agerraldi garrantzitsua zen atzokoa, eta horren erakusle izan zen atzean izan zituela Trumpek Mark Esper Defentsa idazkaria, Mike Pence presidenteordea eta armadako hainbat jeneral.

Teheranek beste bertsio bat eman zuen hildakoen inguruan: esan zuen dozenaka pertsonak galdu zutela bizia, eta kalte handia eragin ziotela AEBen ekipamendu militarrari; Tasnim agentziaren arabera, 80 militar hil ziren.

Hildakoei buruzko bertsioen inguruan, litekeena da Iranek inor nahita ez hil izana, eta misilak bere erantzuteko gaitasuna frogatzeko jaurti izana; baina, aldi berean, hilik ez bada, gobernuak barne presio handia izan lezake —agintarien atzoko adierazpenek erakutsi bezala— askok erasoa porrot gisa hartuko luketelako.

«Erretiratzen» ari dira

Trumpentzat, Soleimani «terrorista bat» zen, eta hura «aspaldi» hil beharra zegoen: «Kaosa eta gerra zibilak eragin ditu Ekialde Hurbilean». Diskurtso gogorra erabili zuen arren, ez dirudi Trumpek beste eraso militar bat egiteko asmoa duenik; hori iradoki zuen atzo, adierazpen honekin: «Iran erretiratzen ari da». Hala ere, Ekialde Hurbilean eragiteko ahalmena ahultzen ari zaie AEBei. Siriako Kurdistanen AEBek eragiteko eremu handi bat galdu dute, eta, orain, Washingtonek Iraken ditu base militarrik garrantzitsuenak.

Soleimaniren hilketak, gainera, erreakzio zaparrada bat eragin du, gehienak AEBen aurkakoak. Irango Parlamentuak, esaterako, «talde terroristen» zerrendan sartu ditu AEBetako armada eta Pentagonoa, eta Irakekoak astelehenean onartu zuen adierazpen bat AEBetako tropei beren lurretatik ateratzea galdegiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.