Irango hauteskundeak

Dena printzipalisten alde

Raisi da Irango presidentetzarako bozak irabazteko hautagai nagusia. Inoizko parte hartzerik txikiena aurreikusi dute. Krisia eta zigor ekonomikoak izango dira gobernuburu berriaren kezka nagusiak

Ebrahim Raisiren jarraitzaileak, hauteskunde kanpainan, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Irango presidente Hassan Rohaniri denbora gutxi geratzen zaio karguan. Konstituzioak baimentzen dituen bi legealdiak bete ditu, eta aldaketaren unea iritsi da: gaur egingo dute presidentetzarako bozen lehen itzulia. Inkestek erakusten dutena kontuan izanik, litekeena da Iranen biraketa kontserbadore bat ematea, Ebrahim Raisi Botere Judizialeko presidentearen eskutik. Edonola, presidente berriaren eginkizun nagusia herrialdearen egoera ekonomiko ahulari aurre egitea izango da, zigor ekonomikoei amaiera ematearekin batera.

Hamahirugarren presidentetzarako bozetara 600 hautagai inguru aurkeztu ziren, baina 46k besterik ez zituzten betetzen Konstituzioak jasotzen dituen baldintzak, Barne Ministerioaren arabera. Halere, hori ez da bozetan parte hartzeko nahikoa izaten. Konstituzioaren Zaindarien Kontseiluaren baietza jasotzea ezinbestekoa da aurrera egiteko. Hala, Ali Khamenei aiatolaren begiradapean funtzionatzen duen erakundeak zazpira murriztu zuen hautagaien zerrenda.

Erabakiak hautsak harrotu zituen herrialdean. Besteak beste, presidentetza lortzeko lehiatik kanpo utzi zituen Exaq Jahangiri egungo presidenteordea eta Ali Larijani parlamentuko presidente ohia. Jahangiri indar erreformisten hautagai nagusia da, eta Larijani, berriz, moderatuena.

Erabakiak, beraz, Irango indar kontserbadore edo printzipalisten aldera mugiarazi du balantza, eta sail horretan kokatzen dira zazpi hautagaietatik bost: Raisi, Amir-Hossein Qazizadeh Haxemi parlamentuko presidenteordea, Mohsen Rezai Guardia Iraultzaileko komandante buru ohia, Said Jalili Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkari ohia eta Alireza Zakani Majilisko Ikerketa Zentroko presidentea—euren hautagaitzak bertan behera utzi dituzte azken biek—. Zerrenda horretan, Raisi da presidentetza lortzeko aukera gehien dituena. Izan ere, besteak beste, Zakanik eta lau ministro ohik haren aldeko botoa eskatu dute.

Kontrara, Jahangiri eta Larijani aukerarik gabe utzita, ia umezurtz geratu dira herrialdeko hautesle erreformistak eta moderatuak. Kontseiluak apenas bi hautagaitza onartu ditu, eta horietatik bakarrak erabaki du azkenera arte iristea: oraintsu arte Irango Banku Zentraleko gobernadore zen Abdolnaser Hemmati moderatuak. Mohsen Mehralizadeh presidenteorde ohiak —erreformista—, berriz, herenegun adierazi zuen ez zela aurkeztuko.

Bi fronte horien hautagaitza sendoen gabezia saihesteko asmoz, Rohanik eta Raisi berak hautagai erreformista gehiagoren onarpena eskatu zuten. Izan ere, ez litzateke Irango lider gorenak Zaindarien Kontseiluaren erabakia moldatzen duen lehen aldia. Esaterako, 2005eko bozetan, Mehralizadehn eta Mostafa Moeen ministro ohiaren hautagaitzak onartu zituen. Halere, kasu honetan, ez du aldaketarik onartu, eta hauteslekuetara «masiboki» joateko deia egitera mugatu da.

Denera, 59 milioi herritarrek izango dute bozkatzeko aukera. Hautagai erreformisten presentzia faltak, baina parte hartzearen beherakada bat ekar dezake berarekin. Rohaniren bi garaipenetan, 2013an eta 2017an, parte hartzea %70etik gorakoa izan zen. Iazko parlamenturako bozek, ordea, beste joera bat erakusten dute: boto eskubidea zuten herritarren %42k eman zuten; hau da, 1979an Iraultza Islamikoa eman zenetik izaniko parte hartzerik txikiena. Orduan, aliantza kontserbadoreak aulkien %76,2 eskuratu zituen. Hainbat inkesten arabera, baliteke are txikiagoa izatea gaurko parte hartzea: %27 eta %37 artekoa.

Estatuak kontserbadoreen alde eginiko hautuaren atzean, Khameneiren ondorengoa aukeratzeko hautagai printzipalista sendo bat ezartzeko asmoa dago, oposizioaren arabera: Raisi. Izan ere, Khameneik, 1989tik karguan denak, 81 urte ditu. Lider gorenarena biziarteko kargua da, eta haren esku dago herrialdeko kargudun politiko, judizial eta militar nagusien izendapena: Defentsa, Inteligentzia, Atzerri, Barne eta Zientzia ministroena; indar armatuen komandanteena; eta botere judizialeko buruarena. Halere, izendapenetatik haratago doa erabakien gain duen kontrola.

Akordio nuklearra

Hurrengo presidentearen zeregin nagusia krisi ekonomikoari aurre egitea izango da. Egoera txar hori bi faktore nagusirekin lotu dute herrialdeko politikariek. Batetik, COVID-19ak eragindako kaltea. Horri aurre egiteko asmoz, herrialdean garatutako lehen txertoaren erabilera onartu zuten iragan den igandean. Izan ere, atzerritik ere iristen diren arren, hainbat konpainiak uko egin diote materiala bidaltzeari, AEBek Iranen aurka ezarritako zigor ekonomikoak medio.

Hura da krisi ekonomikoaren bigarren faktore nagusia, Irango Gobernuaren arabera. «Pandemiaren erdian, zigorrak terrorismo ekonomikoa dira», adierazi zuen duela egun gutxi Seyed Abbas Araqtxi kantzilerordeak. Hala, «gizateriaren aurkako krimentzat» jo dituzte. Teheranek gaineratu du Donald Trumpek AEBetako presidente kargua utzi arren, Joe Bidenen iritsierarekin «zigor hiltzaileek bere horretan» jarraitu dutela.

Horiek estuki lotuta daude 2015ean abiatutako akordio nuklearrarekin. Trumpek mahaia utzi zuen boterera iristean, eta zigorrak berrabiarazi zituen. Orain, Etxe Zuriko maizterra aldatuta, elkarrizketei berriz ekiteko ahaleginetan ari da Rohani, gainerako mahaikideen laguntzaz. Halere, bi aldeek kontrako iritziak dituzte eman beharreko pausoen ordenan. AEBek ezinbestekotzat jo dute Iranek akordio nuklearra goitik behera betetzea, zehapenak eteteko. Teheranek, berriz, zigorrak bertan behera uzteko eskatu du, negoziatzen hasteko.

Aurrerapausorik ematen ez den bitartean, agerikoa da Iraneko indar politikoen arteko eztabaida. Gobernuan, Mohammad Javad Zarif Atzerri ministroa mahaira itzultzearen aldekoa da, zigor guztiak eteten ez badira ere. Kontrara, parlamentuko gehiengo kontserbadorea IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren ikusketak murriztu, eta programa nuklearra azkartzearen alde agertu da. Haiek azaldu dute AEBak ez direla «bazkide fidagarri bat», eta Washingtonekin hitz egitearen aurka agertu dira. Hautagai kontserbadore baten garaipenak, beraz, negoziazioetan atzerapausoak eragin ditzake, eta zigor ekonomikoak berretsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.