Koronabirusa. Immunitate ziurtagiriak

Piztear dago semaforo berdea

Europako Batasuneko herrialdeen artean bidaiatzea erraztea helburu duen ziurtagiria martxan jarri dute zenbait herrialdetan. Bidaiariek COVID-19arekiko duten egoera adierazten duen agiria uztailaren 1etik aurrera egongo da indarrean Batasun osoan. Badira argitzeke dauden zenbait kontu; tartean, PCR probak.

Juanma Gallego.
2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Sakelako telefonoan, PDF dokumentu elektroniko batean edo, behar izanez gero, paper batean inprimatuta: dagoeneko, ziurtagiri berdea daramaten herritarrek COVID-19arekiko duten egoeraren berri eman dezakete zenbait herrialdetan. Hilaren lehenarekin batera, Bulgaria, Txekia, Danimarka, Alemania, Grezia, Kroazia eta Polonia dagoeneko hasi dira ziurtagiria erabiltzen, eta herrialdeen artean datuak trukatzeko pasabide elektronikoa prest dagoela aurreratu du Europako Batzordeak.

Kolore berdea aukeratu du Europak barneko ateak irekiko dituen ziurtagirirako, gizarte industrialetan iragate librea adierazten duen kolorea, hain justu. Prozesu mailakatua izango da, baina egutegian jomuga argia du: uztailaren 1erako nahi dute Batasunaren barne mugetan herritarren mugimendua errazteko sistema martxan egotea. Schengengo itunean dauden beste hainbat estatuk parte hartuko dute prozesuan. Ziurtagiria erabili ahalko da, Islandian, Liechtensteinen, Norvegian eta Suitzan ere. Erresuma Batuari dagokionez, baina, oraindik ez dago argi ziurtagiria erabilgarri izango ote den, herrialdeak bere sistema propioa ezarri duelako, eta bidaiarien jatorrizko herrialdearen arabera onartu edo mugatu egiten duelako pertsonen sarbidea.

Abiapuntuko planteamendua sinple bezain konplexua da: bidaiariak COVID-19arekiko duen immunitate egoera zehaztu nahi da, QR kode baten bitartez. Txertatuta dagoen, gaitza pasatu duen ala duela gutxi PCR proba batean negatibo eman duen erakutsi ahal izango da haren bidez.

Ez da kontu berria. Hilabeteotan, estatu kide bakoitzak ziurtagiriak eskatu ditu bidaiariak hartzeko. «Formatu normalizatu eta seguruak ez direnez egon, bidaiariek arazoak izan dituzte agiriak onartuak izan daitezen, eta iruzurreko edo faltsututako agiriak atzeman dira», idatzi zuen Europako Batzordeak gaiaren gainean egindako araudi proposamen batean. Hortaz, estatu kideen irizpideak finkatu eta adostu nahi izan ditu Europak. Bidea markatuta dagoen arren, ibilbidearen nondik norako zehatzak ez daude guztiz finkatuta.

Lehen akordio garrantzitsua maiatzaren 20an erdietsi zuten Europako Batasuneko herrialdeek eta Europako Parlamentuak. Adostu zutenez, ziurtagiria aurkezten dutenei ezin izango diete eskatu berrogeialdia edo PCR proba bat egiteko. Ondoren, estatu kide bakoitzaren esku egongo da bidaiariekiko erabiliko duten jokabidea zehaztea edota, egoeraren arabera, aldatzea. Akordioan zehaztu zuten, ordea, neurri gehigarriak ezartzekotan, «oso justifikatuta» beharko luketela, eta 48 orduko aurrerapenaz iragarri beharko liratekeela neurriok.

Orain arte, kezka nagusietako bat PCR proben gastuari lotuta egon da. Txertoen gastua egina dute estatuek, eta herritarrek ez dituzte txertoak ordaindu behar izan; ez modu zuzenean, bederen. Baina sendagaien prezioa arautzea estatu kide bakoitzaren esku dago, eta hor sortu dira desadostasunak. Akordio batera iritsi ezinean, Europako Batzordeak 100 milioi euro inguruko finantzaketa proposatu du, estatuek proba horien kostua arindu dezaten. Bihartik aurrera, Europako Parlamentuak osoko bilkurak egingo ditu, eta prozesua fintzeko beharrezko erabakiak hartu beharko dituzte horietan.

Adingabeak

Argitu beharreko beste kontu bat adingabeei dagokiena da. Izan ere, gaur-gaurkoz, estatu kideek ez dute irizpide bateratu bat gaiaren inguruan, eta, zenbait herrialdetan nerabeen txertaketari bidea ireki dioten arren, litekeena da udan Europan mugituko diren haur eta nerabe gehienak txertatu gabe egotea. Horiei ere PCR probak eskatuko zaizkien argitu behar dute agintariek, edota antigeno test azkarrekin aski den.

Teorian bederen, ziurtagiria ez da beharrezkoa izango bidaiatzeko, baina, praktikan, zaila ematen du ziurtagiririk gabeko bidaiak hasteak. Europako Batzordeak ohartarazi die hautu hori hartzen dutenek «mugatzeak» nozi ditzaketela. Arrazoia da estatu kide bakoitzaren esku egongo dela bidaiariei probak, berrogeialdiak edota bakartzeak galdegitea. Estatuek irizpide propioak erabili ahal izango dituzten arren, Europak baldintza bat ezarri die. Neurriek berdinak izan beharko dute ziurtagiria duten herritar guztientzat, jatorrizko estatua zein den kontuan hartu gabe.

«Beharrezko tresna»

Dituen gabeziak aitortuta ere, «beharrezko tresnatzat» jo du ziurtagiria Iñigo de Miguel Beriain EHUko Zuzenbide eta Giza Genoma Katedrako ikertzaileak. «Europako Batasunak planteatzen duena da, funtsean, agiri baten bitartez bermatzea hegazkin batean sartzen den inork ez duela izango birusa transmititzeko gaitasunik», laburbildu du. Hegazkinaren adibidea jarri du, baina izan daiteke beste edozein garraiobide; muga orotarako pentsatuta dago ziurtagiria. Eraginkortasunari dagokionez, faktore ugari tartean egongo direla aitortu du. «Demagun ehun bidaiari dituen hegazkin batez ari garela. 80 txertatuta baldin badaude, eta gainerakoek aurreko egunetan testak egin badituzte, arras zaila izango da norbaitek birusa transmititzea. Izatekotan, ez da agerraldi handia izango. Baina, txertatuak izan beharrean, hegazkin horretan doazen gehienek testa egina badute, errazagoa izango da kutsatzeren bat gertatzea».

Dena den, halako agerraldi txikiei garrantzia kendu die De Miguelek. «Hemendik aurrera, beti arriskuarekin bizi beharko dugu. Birusa gure artean egongo da, eta agerraldiak izango dira. Baina oraingo egoerak ez du zerikusirik hasieran genuenarekin. Birusak bete-betean jo gintuen, besteak beste, osasun sistemaren kolapsoa eragin zuelako», gogorarazi du. Haren esanetan, arazoak egongo dira, eta baita hildakoak ere: «Urtero ohiko gripeak ekarri ohi dituen bezalakoak». Baina zaurgarrienak txertatuta egonda, eta eskuratu den ezagutzan oinarrituta, baikortasunez mintzatu da De Miguel geroaz. «Baldin eta ez bada agertzen txertaketa prozesu guztia kolokan jarriko duen aldaera arraro bat».

Etikoki, onargarritzat dauka. «Ez da idealena, noski, baina zer alternatiba dago? Zein da B plana? Bideragarri diren irtenbideez ari naiz, ez mundu ideal batean gustatuko litzaigukeenaz. Bestela, alternatiba da inork ez bidaiatzea, hots, eskubideak guztiontzat berdintzea, baina beheranzko berdinketa batean». PCR testak ordaindu ezinean egon daiteke jende asko, eta hor ikusten du konpondu beharreko arazo bat; ahalik eta merkeenak edo doakoak izatea espero du. Datuen babesari dagokionez, ez du aparteko arazorik ikusten. Dioenez, bertan jasotzen den informazioa dagoeneko estatu bakoitzaren esku dago, PCR proba egin izanari dagokiona izan ezik. Are, sistema hori arlo gehiagotara ere zabaltzearen alde azaldu da De Miguel, «itxitako zenbait espaziotan birusaren transmisioa galarazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.