Konfinamendurik ez du ezarriko, baina medikuntza eta hezkuntza eragileen presiopean neurriak gogortzea erabaki du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Ipar Euskal Herriko eskolak itxi egingo dituzte apirilaren 6tik hasita ondoko hiru asteetan, haurtzaindegietatik lizeoetara, eta herritarren mugimenduak murriztuko dituzte. Jean Castex lehen ministroa Frantziako Asanblearen eta Senatuaren aitzinean mintzatu da goizean, Macronek iragarritako neurriak eztabaidagai jarri eta bozkatzeko.
Atzo arratsean mintzatu zen Macron, eta adierazi zuen azken hilabeteetan hartu dituzten neurriek eragina izan badute ere birusak hedatzen jarraitzen duela. «Kontrola galtzeko arriskuaz» abisatu zuen: «Herrialde guzia saturatzeko arriskua dago». Ondorioz, martxoaren 18an iragarritako neurriak Frantziako Estatuko lurralde guzira zabalduko dituzte. Hala, 19:00etako etxeratze aginduarekin segituko dute Ipar Euskal Herriko herritarrek eta mugimenduak ere murriztuak izanen dituzte: gehienez ere etxetik 10 kilometroko perimetroan mugitzen ahalko dira. Komertzioak itxiak izanen dira, eta telelana «sistematikoa» izanen da. Gutxienez ondoko lau asteetan iraunen dute neurri horiek.
Halaber, heldu den asteetan eskolak itxiko dituztela iragarri zuen. Apirilaren 6ko astean, etxetik jarraituko dituzte klaseak ikasleek, eta apirilaren 12tik 26ra oporretan izanen dira; udaberriko oporrak dira Ipar Euskal Herrian. Apirilaren 26an itzuliko dira ikasgeletara lehen mailako ikasleak; maiatzaren 3an kolegio eta lizeoetakoak.
Bestalde, karrikan gehienez sei pertsona biltzen ahalko dira —orain arte bezala—, baina alkohola kontsumitzea debekatu dute. Castexek goizean Asanblean hitz eman du Frantziako Poliziaren eta Jendarmeen kontrolak ugarituko dituztela, eta berrizkatzaileekin «fermuki» jokatzeko eskatu du. Frantziako Estatuko eskualdeen arteko mugikortasuna ere debekatuko du Frantziako Gobernuak, astelehenetik goiti.
Macronek erran zuen hemendik aitzina baliabideak indartzeko lan eginen dutela. Hala, ospitaleetako suspertze unitateetan 10.000 ohetara iristeko helburua finkatu du; 7.665 daude gaur egun. Txertaketa kanpaina indartzeko borondatea ere erakutsi du. Gaur egun, 8 milioi herritar baino gehiago txertatu dituzte Frantziako Estatuan.
Intzidentzia tasa gora
Kritika anitz jaso du Macronek azken egunetan, koronabirusaren krisiari aurre egiteko erabaki duen kudeaketagatik; neurri zorrotzagoak eskatu dizkiote zenbait medikuk eta irakaslek. Hala ere, orain arteko hautuak defendatu zituen atzo, hartutako neurriekin «oreka» bat bilatzen saiatu direla argudiatuta.
Pirinio Atlantikoetako datuen arabera, intzidentzia tasak gora egin du Ipar Euskal Herrian, 76,4tik 84ra igo baita. Eskualdeko Osasun Agentziaren arabera birusaren zirkulazioa emendatzen ari da «aldaerengatik», eta «bat-bateko goratze bat» gerta daiteke, orain arte lortutako immunizazioa apala baita.
Koronabirusa
Ipar Euskal Herriko eskolak itxiko dituzte heldu den astetik aitzina
Apirilaren 26an itzuliko dira ikasgeletara ama eskolan eta lehen mailan; maiatzaren 3an kolegio eta lizeoetan. Etxeratze agindua atxikiko dute, eta herritarren mugimenduak murriztuak izanen dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu