Denak ez daude olatu aparretan

Donostian surf parke bat egiteko asmoak hautsak harrotu ditu. Wavegarden enpresa gipuzkoarraren proiektua Martutene auzoan eraikiko litzateke, itsasotik gertu. Surflarien artean, denetariko iritziak daude. Duela gutxi, Donibane Lohizunen halako proiektu bat geldiaraztea lortu dute.

Donibane Lohizuneko parkearen aurka egindako bilkura bat. SABINA HOURCADE.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun

Euskal Herriaren ingurune berezietako bat da kostaldea. Halaber, bertan surf egiteko dauden eremuak makina bat herritar zein bisitariren jomuga izaten dira. Aspaldidanik Euskal Herrian errotuta dagoen kirola da, eta urteko edozein garaitan itsasertzak neoprenoa jantzirik duten pertsonaz betetzen dira. Surf egiteko olatu ugari eta onak aurki daitezke euskal kostaldean. Hala ere, itsasotik kilometro gutxira hirian olatu artifizialen bederatzi hektareako parke bat eraikitzeko asmoa agertu du Donostiako Udalak. Zehazki, olatuak egiteko makinetan eta parke artifizialetako ur tratamenduan espezializatutako Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) Wavegarden enpresa pribatuak kudeatuko luke parkea.

Martutene auzoko Antondegi Gaineko eremuetan eraikitzea da asmoa, itsasotik lau kilometro eskasera. Hain zuzen ere, udalak eremu hori ustiatzeko lehiaketa publiko bat aterako du, eta Wavegardenek bere proiektua aurkezteko asmoa du. Hau da, diru publikoa erabiliko litzateke. Proiektua ezagutzera eman zenetik hainbat izan dira azalduriko ahots kritikoak. Hiriak dituen olatu naturalak jarri dituzte arrazoi nagusi, baina batik bat ingurumenari loturiko arrazoiak dira kritikaren ardatz. Eguzki talde ekologistak eta oposizioko alderdi politiko batzuek proiektua gaitzetsi dute.

Oroitz Azurmendi Wavegardeneko Salmenta Osteko Zerbitzu Teknikoen zuzendariak Borja Agote surflariaren hitzak erabili ditu, "surflari ororen ametsa da halako gune batean surf egin ahal izatea " dionean. Azurmendik azaldu duenez, Donostian eraiki nahi duten surf parkeak bi helburu nagusi ditu: batetik, beren ikerketa eta garapenarekin jarraitzea, eta orain garatzen ari diren teknologia berriak kokatu ahal izatea. Eta, bestetik, instalazio hori herritarrei zabaltzea, aspaldidanik inguruko surflarien eskaera sumatzen dutelako. Munduan zehar halako zenbait parke eraiki ditu Wavegardenek dagoeneko.

Olatu mota ezberdinak sortzeko gai da Wavegardenen teknologia. WAVEGARDEN

Lehentasun kontua

Eneko Iztueta surflari donostiarraren ustez, hirian surf parke bat egitea egun gailentzen den aisialdi ereduaren erakusle da. «Azken finean, moda bat da; beste asko bezala, joera daukagu dena negozio bihurtzeko, eta dena bihurritzen da». Iztuetak aitortu du proiektua gauzatuz gero probatzeko tentazioa izango lukeela, eta bulkada horri aurre egin beharko liokeela, arduratsu jokatuz. «Parkea egitean ere, itsasokoa lehenetsiko dut, eta itsasokoa aldarrikatuko dut. Baina borroka egin beharko diot daukadan bulkada horri». Iztuetak esan duenez, azken finean esklusibotasuna ordaintzen da; «zoriontasuna eros daitekeela pentsaraztea da». Halaber, uste du halako parke batek amets baten aldarriari erantzun, eta ideal bat eskaini nahi duela, nahiz eta uste duen ez dela eramangarria. Iztuetak uste du Euskal Herria pribilegiatua dela, «Europako kostalderik onenaren parte garelako». «Euskal Herrian olatu asko zeuden, eta, dikeak jartzean, dena izorratu zen; olatu artifizialekin konpontzea gaiztoa da».

Kontrako iritziak naturaltasun guztiarekin hartu behar direla dio Azurmendik, «erabat zilegi eta arruntak direlako». «Pena eman izan dit momentu batzuetan ezbaian jarri izana gai batzuk, informazio guztia mahai gainean jarri gabe». Halako pisua duen proiektuak eragina izatea normala dela uste du. Baina inpaktu ekologikoari dagokionez, Azurmendik zehaztu du beren teknologiak ingurunearen araberako proiektu bat garatzeko modua ematen duela. Are gehiago, aurreratu du gaur egun garatzen ari diren teknologia berriak orain artekoa baino askoz espazio txikiagoetan ezarri ahalko dituztela. «Donostiako proiektuan baliabide tekniko eta ilusio guztiak jarriko ditugu, ahalik eta proiektu jasangarriena izateko», azpimarratu du Azurmendik.

Wavegardenen helburua da ingurunearen egoera ahalik eta modu naturalenean mantenduz proiektu bat aurkeztea. «Ingurune kontrolatu batean itsaso zati bat eraikiko dugu». Olatu parke batek egunerokoan kontsumitzen duen ura soilik lurruntzen den ura dela zehaztu du Wavegardeneko kideak. «Ur kontsumoa instalazioan biltzen den euri urarekin hornituko genuke». Gaineratu du parkean erabiliko den ur masa aurreko proiektuetan baino askoz txikiagoa izango litzatekeela aurrerantzean.

Donostiako Martutene auzoan, Antondegi Gainean, eraiki nahi du Donostiako Udalak surf parkea. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Lapurdin geldi

Donibane Lohizunen (Lapurdi) ere saiatu ziren duela gutxi halako gune bat eraikitzen, baina, hein handi batean herritarren borrokari esker, proiektua atzera botatzea lortu zuten. Hain zuzen, Wavegardenen teknikarekin ziren bertan eraikitzekoak. Udalaren laguntzarekin, Boadriders enpresa arduratuko zen gauzatzeaz. Hala ere, badirudi herrian jaso dituzten proiektuaren aurkako 70.000 sinadurek eragina izan dutela proiektuaren garapenean.

Peio Etxeberri-Aintxart Herri Berri taldeko bozeramaileak adierazi duenez, motibazio ekologikoak bultzatuta hasi zuten parkearen aurkako borroka. «Arduragabekeria iruditzen zaigu olatu artifizial bat sortzea olatu naturaletatik kilometro eta erdira, ez da posible pentsatzea hemen olatu artifizialak lehorrean eraikitzeko aukera dagoenik». Etxeberri-Aintxarten arabera, lurrak artifizializatuko lirateke, eta indar artifiziala sortu beharko litzateke olatu horiek sortzeko, eta uste du gaur egungo klima larrialdian atzerapauso ikaragarria litzakeela.

Donibane Lohizunen lerra kirolen munduko gune garrantzitsu bat egitea zen asmoa, eta proiektu horren ardatza litzateke olatu artifizialen parkea. COVID-19ak ekarritako arazoak ere izan daitezke proiektua bertan behera uztearen arrazoia. Hala, Lapurdiko herrian momentuko garaipena ospatzen ari dira. Baina albistea zuhurtzia handiz hartu dutela azpimarratu du Etxeberri-Aintxartek. «Atzera egin dute, baina, hala ere, adi egonen gara». Wavegardenetik azaldu dutenez, Boardriders enpresak interesa zuen halako proiektu bat Donibane Lohizunen egiteko, eta haiekin harremanetan egon ziren, baina ez zuten azterketa tekniko, ekonomiko eta ekologikoa egin.

Donibane Lohizuneko parkearen aurka egindako bilkura bat. SABINA HOURCADE

Surflari profesionalek zer

Andy Criere surflari profesionala da, Olinpiar Jokoetara joatea du amets. Duela lauzpabost urte hasi zen olatu artifiziala probatzen Wavegardenen eskutik, eta aitortu du egun lehiaketei begira olatu artifiziala oso lagungarria eta beharrezkoa zaiola. «Entrenamendu gisa, maniobrak hobetzeko asko eskaintzen digu. Erosoa eta eraginkorra da». Alde teknikoari dagokionez, itsasoak eskaintzen ez dizkien aukerak eskaintzen ditu olatu artifizialak, Criereren ustez. Surflari peto gisa itsasoa lehenesten duela azpimarratu du Crierek, baina, haren ustez, azken urteotan ikusita kirola nola ari den profesionalizatzen, surfaren munduan eman beharreko pauso bat da olatu artifizialarena. «Mundu osoan zehar garatzen ari den zerbait da; surflari profesionalei eta gainontzekoei ekarriko dizkie onurak».

Bi olatu motak —itsasokoa eta artifiziala— iruditzen zaizkio garrantzizkoak Criereri, eta positibotzat du Donostia inguruan surf parke bat izatea. «Badago beharra». Dioenez, itsasoan olatu onak aurkitzea eta ondo posizionatzea oso garrantzitsua da txapelketarako, baina surflarientzako gimnasio bat izateko aukera puntu gehigarri bat da. Horrez gain, egokitzeko gutxiago behar dute, eta helburuak azkarrago lor ditzakete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.