Lan gatazkak

«Nafarroako barazkien atzean landa langileon prekaritatea dago»

Huerta de Peraltako langileek Iruñera eraman dituzte beren erreibindikazioak, eta babesa jaso dute kaleetan. Kanporatutako beharginak berriro onartzeko eskatu dute, baita lan baldintza duinak ere. Bideoa albistearen amaieran.

Huerta de Peraltako langileek deitutako manifestazioa Iruñeko Udaletxeko plazatik abiatu zen, eta bertan amaitu zen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
«Kaleratutako langileak onartu arte, greban jarraituko dugu». Azkoiengo (Nafarroa) Huerta de Peralta enpresako beharginen hitzak dira. Abenduaren 26tik dira greba mugagabean, kaleratutako lau langile berriro har ditzatela eskatzeko, eta «lan baldintza duinak» eskatzeko. Protesta ugari egin dituzte azken asteetan, eta, atzo, Iruñean egin zuten manifestazioa. LABek emandako datuen arabera, 1.500 lagun inguru bildu ziren mobilizazioan, eta hainbat sindikatuk eta eragilek parte hartu zuten; besteak beste, LAB, EHNE eta ESK sindikatuek, eta Iruñea Harrera Hiria taldeak.

Manifestazioa Udaletxe plazatik abiatu zen, eta iruindarrek txalo eta oihu artean jaso zituzten Azkoiengo beharginak plazara heldu zirenean. Langileek Lan duina, bizi duina zioten kartelak, LABen bandera gorriak eta protestan zauritutakoen argazkiak zeramatzaten, bai eta puxika batzuk ere. Huerta de Peralta borrokan. Kaleratutakoak berriz onartu zioen euskaraz, gazteleraz eta arabieraz idatzitako pankartak. Jaka horiak ere jantzi zituzten zenbait grebalarik.

Gazteluko plazaraino heldu zen manifestazioa, eta, Iruñeko hainbat kale zeharkatu ondoren, berriro Udaletxe plazan amaitu zen. Han, Azkoiengo langileek hartu zuten hitza. «Huerta de Peraltako langile gehienak migratzaileak gara. Aukeraz betetako etorkizuna saldu ziguten, eta esplotazioa eta mespretxua aurkitu ditugu», salatu zuen El Husseine Yagubik, langile batzordeko zuzendariak. «Baina nazkatu gara, eta zutitu egin gara».

Yagubik azpimarratu zuen bizi duten egoera ez dela salbuespen bat Nafarroako landa eremuan. «Huerta de Peraltak egoera azaleratu du: Nafarroan kontsumitzen ditugun barazki gehienak landa langileon prekaritatearekin ordaintzen dira».

Baina gauza batek bereizten ditu Azkoiengo langile horiek Erriberan lurra lantzen diharduten beste langile batzuengandik: gehienak lur sail txikiagoetan aritzen dira, eta antolatzeko aukera gutxiago dute. Huerta de Peraltakoak, berriz, ehun baino gehiago dira, eta aukera dute antolatzeko. Iaz egin zuten lehen urratsa: jasotzen zuten tratuarekin nazkatuta, LAB sindikatura jo zuten, eta martxan jarri ziren. Irailean, langile batzordea osatzeko hauteskundeak egin zituzten, eta LABen izenean aurkeztutako kideek lortu zituzten jokoan ziren bederatzi ordezkarietatik sei.

Bestalde, Yagubik gogorarazi zuen epaitegiek «bidegabetzat» jo dituztela enpresak egindako kaleratzeetako batzuk, eta enpresak 440.000 euro inguru zor diela langileei, baina mehatxuak erabiltzen dituela diru hori ez ordaintzeko. «Urteak eta urteak daramatzate langileoi lapurtzen; langileok aukera bagenu zor diguten guztia erreklamatzeko, enpresaren zorra ez litzateke izango 440.000 eurokoa, lau milioi eurokoa baizik». LABeko ordezkaria euskaraz, gazteleraz eta arabieraz mintzatu zen, eta manifestarien txalo andana jaso zuen.

Haren ostean, enpresak kaleratutako langileetako batek hartu zuen hitza, eta herritarrengandik jasotako babesa eskertu zuen, hunkiturik.

Manifestazioa, giro alaian

Manifestazioan giro alaia egon zen. Amaieran, Afu taldeko bi kidek langileentzat prestatutako kantu bat abestu zuten. «Azkoiengo ortuan jornalariak esan zion nagusiari: 'amaitu egin da jornalaria esplotatzen duenaren irribarrea'», zioen abestiak. Gero, langileek mobilizazioetan abestu ohi duen kantua abestu zuten, arabieraz: «Nire eskubideak nire zainetako odola dira. Hiltzen banaute ere, ez ditut ahaztuko».

Azkoiengo langileen borrokak oihartzun handia hartu du, eta, manifestazioan esan zuten moduan, nazioarteko 38 sindikatu, alderdi eta eragilek adierazi diete babesa. Horien artean daude, besteak beste, Andaluziako SAT (Espainia), Nikaraguako CST-JBE, Kubako CTC eta Argentinako CTA sindikatuak.

Imanol Karrera Nafarroako LABeko bozeramailearen hitzetan, Azkoiengo langileena «borroka duina eta eredugarria» izaten ari da. Azpimarratu zuenez, langileak «esplotazio egoera batean» zeuden, eta antolatu egin ziren, irabazi zituzten hauteskunde sindikalak, eta lan baldintzak hobetu zituzten. «Horren aurrean, enpresak mendekua erabili du, kaleratzeak». Era berean, kritikatu zuen enpresak langileen proposamenari ezezkoa eman izana, eta Nafarroako Gobernuari esku hartzeko eskatu zion, enpresa diru publikoa jasotzen ari baita.

Izan ere, joan den ostiralean, LAB sindikatuak jakinarazi zuen enpresak «ezezko borobila» eman diela langileen aldarriei. Joan den asteartean, langile batzordea zuzendaritzarekin bildu zen, eta gatazka konpontzeko proposamen bat aurkeztu zion, baina enpresak baztertu egin zuen proposamena, LABen arabera. Egoera konpontzen ez den bitartean protestetan parte hartzeko deia egin du sindikatuak. Hurrengoa hilaren 11n izango da: Elkartasun Eguna egingo dute, Iruñeko Sarasate pasealekuan.

[youtube]https://youtu.be/ihC_glA97VE[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.