Urteak dira Irene Paredes ParisSaint Germaineko jokalaria (Legazpi, Gipuzkoa, 1991) ez zela hainbeste denbora etxean egoten. Horretarako aukera eman dio konfinamenduak. «Opari bat izan da, eta etorkizunean gehiagotan behartuko ditut halako momentuak, egunerokoan oso bizkor bizi baikara».
Konfinamenduko lehen egunak Parisen igaro eta gero, Euskal Herrira itzuli zinen. Zer moduz?
Ondo. Hilabete daramat hemen. Liga bertan behera geratu eta esan zigutenean ez zekitela noiz bueltatuko ginen entrenatzera, etxera itzultzea erabaki nuen, familiarekin egoteko. Bidaia nahiko erraza izan zen. Autoz etorri nintzen, eta mugan baino ez ninduten geratu. Baina errolda paperak eta nortasun agiria erakutsi, eta ez zen arazorik egon.
Zer eman dizu pertsonalki konfinamenduak?
Berez azken denboraldietako unerik erabakigarrienak izan behar zutenak unerik lasaienak bihurtu dira. Atseden hartzeko aukera izan dut, eta, batez ere, familiarekin egoteko. Horrekin geratzen naiz, halakoetan konturatzen baitzara zein azkar bizi garen egunerokoan. Halabeharrezko egoera batengatik izan da, baina etorkizunean gehiagotan behartu behar ditut familiarekin eta lagunekin lasai egoteko momentu gehiago. Izan ere, azken urteetan ez dut horretarako aukera askorik izan. Opari bat izan da. Psikologikoki pizgarri handia izan da; energia handiz itzuliko naiz hemendik egun gutxira Parisera.
Gutxienez Frantzian emakumezkoen eta gizonezkoen ligak utzi zituzten bertan behera. Nola hartu zenuten erabakia, kontuan hartuta zuentzat sasoiko unerik erabakigarriena iristen ari zela?
Hasieratik itxaroten egon ginen. Ez genekien zer gertatu behar zuen, eta gure kabuz dezente egon ginen entrenatzen. Izan ere, argi dago denboraldiko une erabakigarrienean geundela. Liga eten eta hurrengo egunean, Lyonen aurkako ligako partida genuen. Txapeldunen Ligako final-laurdenak gertu genituen, eta Kopan segitzen genuen. Egoera horretan, amorrua sentitu genuen hasieran; baina, gero, zer pasatu zen ikusita, uste dut zentzuzkoena izan zela. Une honetan, osasunari begira egin behar dira gauzak, ez interes ekonomikoei begira. Tratua, behintzat, berdina izan zen, eta horrek zerbait esan nahi du. Bi alde horietatik, zentzuz jokatu zutela uste dut, nahiz eta orain batzuk damutzen ari diren. Espainiako Ligan egin dena ez da bidezkoa. Gizonena hasi egin da, eta emakumezkoena, aldiz, eten egin da, jokalarien iritzia kontuan hartu gabe.
Ematen du Frantziako Kopa eta Txapeldunen Ligako Zortziko Finala baietz, jokatuko direla. Noiz zara itzultzekoa Parisera, horri begira entrenatzen hasteko?
Oraindik ez dute datarik jarri bi txapelketak jokatzeko, baina asmoa da ekain amaieran berriro entrenatzen hastea. Ekainaren 25erako Parisen egon behar dut, test fisikoak eta koronabirusarena egiteko.
Orain arte egin dizuete testik? Entrenatzen egon ez arren, baduzue jarraitu beharreko protokoloren bat?
Oraingoz ez digute testik egin. 25ekoa izango da lehenbizikoa. Ez dugu protokolorik. Une oro harremanetan gaude entrenatzaile eta mediku taldearekin, eta, sintomaren bat izanez gero, berehala jarri behar dugu harremanetan haiekin.
Baliteke UEFAk bihar esatea noiz eta non izango den, baina azken egunetan zabaldu daTxapeldunen Ligako Zortziko Finala Anoetan eta San Mamesen joka daitekeela. Berezia litzateke zuretzat hori gertatzea, ezta?
Aukera horren berri izan nuenean, sekulako ezustea hartu nuen. Ederra eta berezia litzateke hala balitz.
Arsenal izango zenukete aurkari lehen partidan. Baduzue aurrera egiteko aukerarik?
Bai, baikor nago. Talde ona dugu, eta izan dezakegu aukerarik. Nahiz eta ez dakigun taldean aldaketak izango diren. Izan ere, hainbat jokalariri ekainaren 30ean amaitzen zaie kontratua, eta ikusi beharko da horiekin zer pasatzen den. Klubaren erabakia izango da.
Alemaniako taldeek, Wolfsburgek eta Bayern Munichek, ez al dute abantaila txiki bat izango, kontuan hartuta ligan lehiatzen ari direla?
Ziurrenik, bai. Alde horretatik uste dut egoera ez dela guztiz bidezkoa izango guztiontzat. Haien egoera ez da berdina, eta lehiatzeko zortea izan dute. Baina ez diogu horri erreparatu nahi. Ziurrenik, Zortziko Finala abuztu amaieran jokatuko da, eta bi hilabete izango ditugu prestatzeko. Nahikoa denbora dugu sasoiko iristeko.
Hainbeste denbora lehiatu gabe egon eta gero, zer kostako zaizue gehiago, arlo fisikoa edo psikologikoa?
Psikologikoki ez dut uste kostatuko zaigunik martxa hartzea, bueltatzeko irrikaz gaude eta. Fisikoki, berriz, kontu handiagoz ibili beharko dugu lesioak saihesteko.
Lehiara bueltatzeak beldurrik ematen dizu?
Ez, beldurrik ez. Lasai nago. Izan ere, PSGn osasun zerbitzu oso ona dugu, eta uste osoa dut egiten ari direna ondo dagoela egina. Ez dut horretan askorik pentsatzen. Baina ulertuko nuke norbaitek beldurra izatea: adibidez, etxean arrisku taldeko baten bat izanez gero.
Ateak itxita jokatu beharko duzue ezusterik ezean. Tokatu zaizu noizbait baldintza horietan jokatzea?
Ateak itxita jokatzea ez, baina bai oso zale gutxirekin. Duela urte batzuk, emakumeen partida askotan apenas egoten zen ikuslerik. Alde horretatik, egokitzapena errazagoa izango da.
Eten zen arte, sasoi oso onean zinen, eta ia minutu guztiak jokatzen ari zinen.
Bai, hala da. Oso ondo sentitzen nintzen, eta taldea ere oso ondo ari zen lehiatzen. Lyon inoiz baino estuago hartzen ari ginen, haien aurkako partida irabazita puntuetan berdinduta geundelako. Helburua zen denboraldiko sasoi erabakigarrian hiru txapelketetan lehiatzen egotea. Liga eten ez balitz, hala izango zen. Beraz, gustura gaude. Gero ikusiko dugu zeintzuk diren emaitzak, denboraldiaren balorazioa horren menpe egoten baita askotan.
Zure kirol ibilbidearen onenean zaudela uste duzu?
Izan daiteke. Oso ondo sentitzen naiz, bai fisikoki, baita psikologikoki ere. Gainera, eskarmentu handiagoa dut. Dena ondo dago. Baina beti dago zer hobetua.
Fisikoki aldaketa handia nabaritu duzu hara joan zinenetik?
Bai, zalantzarik gabe. Hemen arlo fisikoa gehiago lantzen da, eta entrenamenduak gogorragoak dira. Gainera, jokoa eta baloiaren mugimendua oso bizkorrak dira. Horrek aldaketa fisiko bat eragin du niregan. Lehen, sufritzen nuen gauza batzuengatik; orain, ez.
Nolako prestakuntza fisikoa egiten ari zara orain?
Etxera bueltatu nintzenean, pare bat asteko etena egin nuen. Fisikoki eta psikologikoki ondo etorri zitzaidan. Hortik aurrera, pixkanaka lan karga handituz joan naiz. Orain, astean lau-bost entrenamendu egiten ditut. Batez ere korrika egiten ari naiz, eta indar ariketak.
Beste urtebeterako kontratua duzu Parisen. Denbora luzez ikusten duzu zeure burua han jokatzen?
Oraingoz, kontratua amaitu arte bai. Gustura eta eroso nago hemen, eta ez dut harago pentsatu nahi. Momentua iristen denean ikusiko dugu nola nagoen, zer nahi dudan, zer aukera ditudan... Baina nire helburua onenekin lehiatzea da, eta, oraintxe, PSGk horretarako aukera ematen dit.
PSG Frantziako klub indartsuenetakoa izan arren, krisiak hari ere eragin dio. Nola bizi izan duzu hori?
Kezkaz. Gu enplegua behin-behinean erregulatzeko txostenarekin egon gara. Hori kendu zuten, eta orain oporretan gaude. Printzipioz, bueltatzen garenean aurrekobaldintzekin bueltatuko gara.
Emakumeen futbolari nola eragin diezaioke krisi honek?
Espero dut ahalik gutxien eragitea, eta atzerapausorik ez izatea. Baina, oraindik ere, emakumeen futbola atzetik doa, eta, agian, ekonomikoki hain indartsuak ez diren klubetan eragin dezentekoa izan dezake, eta arriskua dago ligetan aldeak handitzeko.
Euskal taldeen kasuan, izan dira berriak azken asteetan. Damaris Egurrolak eta Maite Orozek Athletic uzteko erabakia hartu dute. Zuk ere hala egin zenuen. Nola egon daitezkeela uste duzu?
Pena da Athleticentzat, baina erronka berriei heltzeko eta hazteko asmoz egin badute, errespetatu egin behar da haien erabakia. Diruagatik egin balute ere, lan munduan egunerokoan gertatzen den zerbait da. Damarisen aurka mezu gogorrak entzun dira, eta ez zaizkit bidezkoak iruditzen. Errazena kritikatzea da. Baina ezin da inor epaitu jakin gabe zergatik hartu duen erabakia, zein den haren egoera pertsonala, zer eskaini dioten... Gauza asko daude halako erabaki baten atzean. Ez dut uste ondo pasatuko zutenik.
Funtsezko bi jokalari izan dira azken sasoietan Athleticentzat. Nola ordezkatu?
Athleticek, duen filosofiagatik, aterako ditu jokalariak harrobitik haiek ordezkatzeko. Oso lan ona egiten ari dira, eta, bere garian Maiteri eta Damarisi aukera eman zitzaien bezala, bigarren taldean egongo dira jokalari onak haien lekua hartzeko. Pazientzia apur bat izan beharko da, baina lortuko dute.
Hain zuzen ere, bigarren taldeko jokalari batek, Amaiur Sarriegik, zuk egin zenuenaren kontrakoa egin dezakeela zabaldu da: Athletic utzi, eta Realera joan. Horrek zer adierazten dizu?
Uste dut seinale ona dela, eta erakusten du Reala ere apustu indartsua egiten ari dela. Jokalari guztiek nahi dute goi mailan jokatu, eta Realean horretarako aukera gehiago ikusten badu, normala da erabaki hori hartzea.
Zuri zer kostatu zitzaizun gehiago: Reala utzi eta Athleticera joatea, edo Athleticetik PSGra joatea?
Biak izan ziren erabaki gogor eta zailak. Batetik, Realetik Athleticera joateak jokalarigipuzkoar batentzat esan nahi duenagatik. Bestetik, Athleticetik joateko arrazoirik ez zegoelako: dena zegoen ondo, liga irabazi berri genuen... Baina ez naiz damutzen hartutako erabakiez, eta hori da garrantzitsuena.
Nahikarirekin zer pasatuko dela uste duzu?
Ez dakit zer egingo duen. Baina, joaten bada, jokalari moduan aurrerapauso bat emateko izango da, oso lehiakorra baita, eta beti nahi izaten du hazi. Kolpe oso gogorra litzateke Realarentzat hura joatea. Baina hori ere gaindituko dute.
Aulkitik hasita, itxura du Realak aldaketa asko egingo dituela hurrengo denboraldian. Natalia Arroyoren apustua zer iruditzen zaizu?
Ez dut ezagutzen, baina apustuak itxura ona duela uste dut. Halako aldaketek erakusten dute Reala hobetzeko eta hazteko ahalegin etengabean dagoela, eta hori da garrantzitsuena.
Are balio handiagoa eman behar zaio orain Granadan lortutako tituluari?
Dudarik gabe. Atletico Madrili irabaztea gutxiren esku dago, eta final batean are gehiago. Halako titulu bat irabazten denean, jendeak uste du hurrengo urtean beste bat irabazi behar dela. Baina ez da erraza. Garrantzitsuena, hazkunde horrekin segitzea da, eta ari da.
Irene Paredes. Paris Saint Germaineko jokalaria
«Eroso eta gustura nago Parisen»
Lyonen aurka partida erabakigarria jokatu bezperan eten zuten Frantziako Liga, baina Irene Paredesek uste du egokia izan zela neurria. Txapeldunen Ligako Zortziko Finala jokatzea espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu