Arriskuan egoteko baldintzak sobran dituzte desplazatutako haurrek. Beren etxea utzi eta alde egin behar izan dute babes bila. Ez dute baliabide nahikorik oinarrizko beharrak asetzeko. Eta adingabeak dira. Orain, gainera, negu gorriari egin beharko diote aurre.
Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak kaleratu duen azken txostenaren arabera, 6,9 milioi adingabe desplazatu daude. Europako, Ekialde Hurbileko eta Asiako gatazketatik ihes egin dute, baina ez da hobea izan kanpoan topatu duten egoera. Erakundeak hamabi herrialde zerrendatu ditu, horietan dauden migratzaileak hotzagatik arriskuan daudelako.
Negua latza izan ohi da eremu horietan, eta zero azpiko tenperaturei aurre egin beharko diete errefuxiatu eta migratzaileek. Rachael Cummings Save the Children erakundeko Osasun Publikoko zuzendariak ohartarazi du arriskuan daudela milioika haur: «Negu gordina hilgarria da, eta atzean utzitako gatazkak bezain arriskutsua izan daiteke». Hain zuzen, iazko neguan, desplazatutako hamabost haur hil ziren Sirian aste gutxiren buruan, tenperatura hotzen eta egoera gogorraren ondorioz. Errefuxiatu eta migratzaileen aterpeek ez dute balio eguralditik babesteko, baldintza eskasak baitituzte. Egoera okerrenetan, zeru zabala besterik ez dute aterpe.
Esaterako, Bosnia eta Herzegovinara gutxienez 28.000 migratzaile iritsi dira aurten, eta horietatik 8.000 inguru han daude oraindik. Lehen elur malutak erori dira han, eta eraikin abandonatuak edota kontainerrak dira iheslarien bizitokia. Save the Childrenek azaldu du basoan zegoen Vucjak kanpamentua —lehen zabortegi bat zena— husten lagundu duela, hango egoera «gizagabea» zelako. Izoztuta eta elurrez estalita zegoen.
Siriako egoera ez da hobea. Herrialde barruan 2,6 milioi adingabe daude desplazatuta urteetako gatazka luzearen ondorioz. Familia horietatik %14 bizi dira oinarrizko baliabiderik gabeko kanpalekuetan. Alegia, jende gehiegi dagoen kanpamentuetan eta bestelako aterpeetan; horietako askok ez dute argindarrik, eta, Cummingsen esanetan, ezinezkoa da haurrak seguru eta bero mantentzea han. Areeshako kanpalekua, adibidez, hainbatetan hustu behar izan zuten iaz, uholdeengatik. Kanpaleku horretan bizi da Hamida, zazpi seme-alabaren ama, eta egoera salatu du: «Nire haurrek ez dute arropa egokirik, ez dugu berogailurik, ezta sua egiteko egurrik ere. Datorrenaren beldur gara; uholdeen beldur gara. Iaz haur batzuk hil ziren hemen hotzagatik».
Etxea bai, baina babesik ez
Familia batzuek lortzen dute etxebizitza bat alokatzea, baina ez da nahikoa negua igarotzeko. Ukrainan 330.000 adingabek egin behar izan dute ihes ekialdeko gatazkatik, eta gehienak bizi dira etxe alokatuetan. Arazoa da desplazatutako familien diru sarrerak Ukrainako batezbestekoaren erdia baino ez direla. Beraz, ez dute oinarrizko baliabideak eskuratzeko adina diru. Hotzak jada jo du herrialdea, eta familia horien erdiek diote ezin dutela behar bezala berotu etxea.
Afganistanen, berriz, desplazatutako familia asko lurrezko etxeetan bizi dira, elektrizitaterik gabe. Zero azpitik bost graduko tenperatura izan dute aurten, eta baxuagoak espero dituzte.
Gaixotasun gehiago
Cummingsek dio osasunari zuzenean eragiten diola muturreko tenperaturekin aterpe egokirik ez izateak. Askok hipotermia sufritzen dute, eta, ikerketa batzuen arabera, toki hotzetan bizitzeak pneumonia areagotzen du. Gainera, haur txikienek dute hipotermia izateko arrisku handiena, ezin baitute gorputzeko tenperatura erregulatu helduek bezala.
Bestalde, keroseno berogailuak erabiltzen dituzte eremu itxietan, eta horrek arnas aparatuko gaixotasunak sortu ditzake.Hezetasuna ere kaltegarria da azalarentzat.
Negu gorrian, adingabe migranteak babesgabe
Save the Childrenek ohartarazi du 6,9 milioi haur daudela desplazatuta, eta ez dutela nahikoa baliabide neguko hotza eta euriteak jasateko. Berogailurik gabe, zero azpiko tenperaturak hilgarriak izan daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu