Gorrotoak harrotasuna ordezkatu duenekoa

Askok homofobotzat jo dute joan den ekainean Hungariako Parlamentuak onartu zuen legea. Legediak hautsak harrotu ditu nazioartean, eta LGTBIQ komunitatea lehen lerroan jarri du. Szimpozion Egyesulet LGTBIQ mugimenduaren aldeko elkarteak egoeraren berri eman dio BERRIAri.

BRUSELA. Viktor Orban eta Ursula von der Leyen, Europako Batasuneko eraikin nagusian. FRANCOIS WALSCHAERTS / POOL / EFE.
maddi iztueta olano
2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Azken urteetan zapore gazia izan du askorentzat berezia den datak: LGTBIQ Komunitatearen Nazioarteko Egunak. LGTBIQ komunitateko kideen aurkako erasoak, irain homofoboak eta gorrotoz betetako mehatxuak gero eta ohikoagoak diren garaiotan, eta egoera bereziki larria da Hungarian. Hango gobernuak «pedofilo homosexualen aurkako legea» onartu berritan, LGTBIQ komunitateko kideak ezkutuan bizitzera kondenatu dituzte.

Joan den ekainaren 15ean Hungariako Gobernuak aurkeztutako legediak 157 boto lortu zituen parlamentuan —oposizioko alderdiek ez parte hartzea erabaki zuten—, eta pedofiliaren aurkako tresna izatea du helburu. Horretarako, gaizkile sexualen datu base bat sortuko dute, adingabeen aurkako sexu delituengatik ezarritako zigorrak gogortuko dituzte, eta baliteke delitu horiek egin dituztenei hainbat arlotan lan egitea debekatzea ere.

«Pedofilo homosexualen aurkako legea» izeneko neurriak ez ditu, ordea, gaizkile sexualen eskubideak bakarrik mugatuko. Viktor Orban Hungariako lehen ministroaren gobernuak proposatutako legediak debekatu egiten du 18 urtetik beherakoek sarbidea duten guneetan homosexualitatea eta sexu aldaketa sustatzen duten edukiak zabaltzea, LGTBIQ mugimenduaren inguruko propaganda egitea, eta hedabideetan homosexualitatea eta transexualitatea aipatzen dituzten iragarkiak argitaratzea 22.00ak baino lehen. Gainera, gobernuaren baimena jaso duten erakundeek soilik izango dute ikastetxeetan sexuaren inguruko gaiak tratatzeko aukera.

Lege homofoboa

Horiek horrela, legeak eragin handia izan dezake LGTBIQ komunitatearen integrazioaren alde jarduten duten erakunde askoren lanean. Budapesteko Szimpozion Egyesulet elkartea horietako bat da: LGTBIQ komunitatearen inguruko informazioa zabaltzea eta komunitateko kideei babesa ematea du helburu. Antolatzen dituen proiektuen artean, LGTB jendea ezagutzen izenekoa jarriko du kolokan lege berriak. Proiektu horretan, Szimpozion elkarteko kideek LGTBIQ komunitatearen inguruko gaiak lantzen dituzte eskoletan, ariketen eta eztabaiden bitartez. Akos Modolo elkarteko kideak ezin izan du tristura gorde; izan ere, «hogei urtean, proiektua bertan behera utziko dugun lehen aldia da»,BERRIAri adierazi dioenez.

LGTBIQ mugimenduak aurrera egiten duen bitartean, Hungariako gurasoek ezingo dute beren seme-alabekin LGTBIQ gaien inguruan hitz egin, baldin eta mezuak komunitatearen aldekoak badira, noski. Izan ere, azken bi urteetan, Hungariako goi kargudun batzuek naturaltasun osoz zabaldu dituzte mezu LGTBfoboak. Szimpozion elkarteko kidearen ustez, hori oso arriskutsua izan liteke, «LGTBIQ komunitatearekiko aurreiritziak, diskriminazioa, eta gorrotoa sustatu baititzake», batez ere eskoletan. Gainera, salatu du legeak «homosexualitatea eta pedofilia berdintzen» dituela, eta sexu eta genero gutxiengoak jasaten dituzten erasoak areagotu ditzakela.

Legea, baina, familiaren eremutik haratago doa, kulturan ere eragin bortitza izan baitezake. Aurreko astean, adibidez, liburuen konpainia bati 700 euroko isuna jarri zioten adingabeko bati pertsonaia homosexualak ageri diren liburu bat saltzeagatik. Antza, eduki homosexualaz abisatzen duen etiketa ipini gabe zuelako jarri zioten isuna. «Argi dago kultura arloan lan egiten duten askok beren burua zentsuratu beharko dutela. Hala ere, oso lege orokorra da oraindik, eta ez dago argi epaileek nola interpretatuko duten. Ez dakigu zenbaterainokoak izango diren legea haustearen ondorioak», dio Szimpozion elkarteko kideak.

Tamalez, joan den hilean aurkeztutako legediak ez ditu Hungariako herritarrak ezustean harrapatu, oraingoa ez baita Orbanek sexu eta genero gutxiengoen aurka hartzen duen lehen neurria. 2011n, agintaldia hasi eta urtebetera, Hungariako Parlamentuak sexu bereko bikoteen ezkontzak debekatu zituen.

Iaz, adopzioa debekatu zien sexu bereko bikoteei. Haren iritziz,homosexualen, bisexualen eta transexualen identitatea eta jarrera ez datoz bat «balio etiko kristauekin».

Gobernuak hartutako erabakia, baina, jarrera homofobotik haratago doala salatu du Modolok: «2015ean iheslarien krisira bideratu zuen arreta, eta aurten, krisirik ez dagoenez, gu gara etsaiak». Ustelkeria kasuak estali eta herritarren arreta beste gai batzuetara bideratzeko «estrategia» bat dela gehitu du.

Nazioartearen erantzuna

Herrialdean sortutako giro gaziak eta herritarren haserreak muga fisiko oro gainditu dituzte, eta legearen aurkako protestek oihartzun handia izan dute inguruko nazioetan. Ekainaren 24an, EB Europako Batasuneko 17 estatu kidek manifestu bateratu bat bidali zieten Batasuneko hiru instituzio nagusietako presidenteei, legea bertan behera uzteko baliabide guztiak erabiltzeko eskatuz. Gutuna sinatu zuten gobernuburuen artean daude, besteak beste, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua.

Gainera, Bruselan ere izan dute Europa ekialdeko herrialdean piztu diren protesten berri. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak argi adierazi zuen Hungariak onartutako legea «Europako Batasuneko funtsezko balioen kontra» doala. Halaber, iragan ostegunean europarlamentuan egindako bozketan, 459 diputatuk Hungariaren aurkako neurriak «berehala» martxan jartzeko eskatu zuten. Neurrietako bat herrialdeko pandemia osteko suspertze planeko funtsak baldintzapean jartzea litzateke; izan ere, Orbanen gobernuak onartutako lege homofoboak giza eskubideak urratzen dituela arrazoituz, baliteke Hungariako Gobernuak funtsik ez jasotzea. Europarlamentuan bildu ziren diputatuek batzordearen erabakia txalotu zuten. Modolok adierazi du «bihotzez» eskertzen dutela jasotako babesa: «Ez gara inoiz orain bezain babestuak sentitu, are gutxiago nazioartean. luzera begira itxaropena dut».

Europa ekialdean, ordea, ez dute batzordearen erabakia pozez hartu. Orbanek salatu zuen EBko estatu kideen kritikak eta legearen aurkako erasoak «antidemokratikoak» direla. Europako Parlamentuan entzundako iritzien aurka, berriz, irmo defendatu zuen hartutako erabakia, eta neurria beharrezkoa dela esan zuen: «Legea ez da homosexualitatearen inguruan, haurren eta gurasoen inguruan baizik».

Dena den, oraindik ikusteko dago Europako Batzordeak zer neurri hartuko dituen. Atzo zen Hungariako Gobernuak aurkeztutako funtsen planari oniritzia emateko azken eguna, Europako Batzordeak, ordea, iragarri zuen aurreikusitako epea luzatuko duela, datarik zehaztu gabe.

Bitartean, milaka lagunen eskubideak urratzen dituen legedia indarrean dago Hungarian, eta heteronormatibitatearen kutxan sartzen ez diren guztiak isilik eta lurrera begira bizitzera behartuta daude legeak iraun artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.