Nafarroa ere argitzen ari da, pixkana, nola amaituko duten ikasturtea. Batxilergoko bigarren mailako ikasleek ekainaren 1etik aurrera ikastetxeetara itzultzeko aukera izatea proposatu zuen atzo Carlos Gimenok, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak. Ekainaren 19ra arte izango lukete aukera hori, hau da, hiru astean; unibertsitatera sartzeko probak eta batxilergoko bigarren mailako ezohiko deialdia prestatzeko baliatuko dute itzulera ez ebaluatzeko probak egiteko; «borondatezkoa» izango da; eta «ezinbesteko denbora» baino ez dira egongo ikastetxeetan. «Garrantzi akademikoarengatik» eta «prebentzio neurriak bermatzeko aukerarengatik» hartu dute batxilergoko bigarren mailako ikasleak itzultzeko erabakia. Horretarako, Nafarroak konfinamendua arintzeko bigarren fasean egon beharko du.
Itzulera hori nola egingo den ere zehaztu du Gimenok: ikasleak taldetan banatuko dituzte, talde bakoitzean hamabost ikasle baino gehiago ez egoteko; «segurtasun eta higiene neurri guztiak» hartuko dituzte; garbiketa indartuko dute; eta ez da egongo jangela eta garraio zerbitzurik. Gimenok nabarmendu du ikasturte honetan gainerako ikasleak ez direla itzuliko ikastetxeetara.
Gainera, unibertsitatera sartzeko proba egun bat luzatuko dute, eta ekainaren 23tik 26ra egingo dute. Beraz, azterketak hiru egunetan egin beharrean, lautan egingo dituzte, ikasleak «lasai» joan daitezen eta proben artean etxera itzultzeko aukera izan dezaten. Nafarroako Unibertsitate Publikoak deitzen duen proba, unibertsitateko campusetan ez ezik, Iruñeko eskualdeko hainbat institututan ere egingo dute. NUPek ohar batean adierazi duenez, ikasleek ezingo dute euren ikastetxean egin proba. Gainera, azterketen egitura ere aldatuko dute, erantzuterakoan aukera gehiago emateko ikasleei.
Ikasleekin batera, irakasle batzuek ere hasi beharko dute aurrez aurreko eskolak ematen. Gimenok zehaztu zuenez, errespetatu egingo dute «sentiberak eta talde zaurgarrietakoak» ez itzultzea, eta etxetik lanean jarraitzeko lehentasuna emango zaie menpekoak eta 14 urtetik beherako haurrak zaindu behar dituzten irakasleei.
Hizkuntza eskola ofizialak zabaltzea ere espero dute, hala nahi duten ikasleek aurrez aurre egin ditzaten ziurtagiri ofiziala lortzeko probak.
Eragileak protestan
Gimenoren agerraldiarekin bat eginez, Nafarroako hezkuntza publikoan eta itunpekoan ordezkaritza duten sindikatu guztiek elkarretaratzea egin zuten atzo, hurrengo ikasturtera arte ikasgeletara ez itzultzea eskatzeko. Gora Ikasleon Borroka dinamikak ere hainbat ekintza egin zituen atzo, konfinamendua hasi zenetik biziizandakoa nahiz ikasgeletarako itzuleraren inguruko egoera salatzeko. «Ez gara klasera itzuliko, ez dagoelako baldintzarik eta beharrik itzultzeko», ohartarazi dute. Ikasle Abertzaleak taldeak, berriz, ikasle greba mugagabera deitu du maiatzaren 25etik aurrera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan.
Nafarroan ekainaren 1a baino lehen posible izango ez den arren, dagoeneko ikasgeletara itzuli dira Euskal Herriko hainbat ikasle. Ipar Euskal Herrian, maiatzaren 12an hasi ziren lehen mailetako haurrak eskolara itzultzen. Gehienez ere hamabost ikasle batu dituzte ikasgeletan, eta osasun neurri zorrotzak hartu dituzte urruntze fisikoa errespetatu eta higienea zaintzeko. Horretarako, talde pedagogikoak berrantolatu eta espazioak egokitu behar izan dituzte. Ikastetxe gehienetan ikasle kopuru txikiekin hasi dira, baina hurrengo asteetan pixkanaka gehiago hartzea espero dute. Heldu den astelehenetik aitzina, kolegioetako ikasleak itzuliko dira. Hor ere, kopuru txikiekin hasiko direla erran dute hezkuntza eragileek. Ikasle gehienek etxetik hartuko dituzte klaseak.
Txandaka eskolara
Eusko Jaurlaritzak, ikastetxeetara bidali duen dokumentu batean, jakinarazi du ezen, ikastetxearen tamainaren arabera, eta ordutegi trinkoan egingo den aurrez aurreko irakaskuntza antolatzeari begira, ikastaroen eta programaren arabera hautazkoa izan daitekeela txandakako egunetan bertaratzea, prestakuntza eta tutoretza jarduerak konbinatuz, eta aurrez aurreko jarduera online-koarekin konbinatuz. Ikastetxeak antolatu beharko ditu landu beharreko jarduera akademikoak, eta Hezkuntza Ikuskaritzaren bermea izan beharko dute.
Koronabirusa
Nafarroak nahi du ekainaren 1ean hastea batxilergoko 2. mailakoak
Itzultzea «borondatezkoa» izango da. Unibertsitatera sartzeko proba egun bat luzatuko dute, eta hainbat institututan ere egingo dute. Gainerako mailetako ikasleak ez dira itzuliko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu