Bizkaiko SOS Arrazakeriak eta kaleko saltzaileen Mbolo Mooye Doole kolektiboak kanpaina bat egingo dute Bilboko Aste Nagusian, jaiak «indarkeria arrazistarik gabekoak» izan daitezen eta kaleko saltzaileen jarduna «kriminalizatu» ez dadin. Ildo horretan, Bilboko Udalari eskatu diote kolektibo horren lana ez «oztopatzeko», etzi hasiko den Aste Nagusia ez dadin bihurtu «festa batzuentzat eta ehizaldi bat beste batzuentzat».
Bi elkarteek elkarretaratze bat egin zuten atzo udaletxe aurrean, Manteroak ere jaietan. Bizirautea ez da delitu lelopean, egitasmoa aurkezteko eta migranteen errealitatearen inguruko «sentsibilizazio handiagoa» lortzeko herritarren artean. Helburua da kaleko saltzaileek ez jasatea «jarraipenik eta jazarpen polizialik», Elena Bezanilla SOS Arrazakeriako Bizkaiko bozeramailearen arabera: «Denek dute jaietan bizimodua ateratzeko eskubidea: baliabideak dituztenek eta ez dituztenek».
Bezanillak gogorarazi zuen iazko Aste Nagusian «jazarpena eta kriminalizazioa etengabeak» izan zirela Udaltzaingoaren aldetik, «identifikazio arrazistak» eginda eta salmentarako materiala kenduta.
«Lan egin nahi dugu»
Udaltzaingoaren jokabide horiekin kexu azaldu zen Mamiemor Mbaye kaleko saltzailea ere: «Lan egin nahi dugu; ez dugu saldu edo Poliziaren aurretik korrika ibili nahi, baina nik eta beste hainbatek horrela aritu behar dugu ez dugulako beste aukerarik bizirik irauteko». Beraz, gaineratu zuen poliziek euren egoera «prekarizatzea» besterik ez dutela lortzen.
Eskatu dute ez «kriminalizatzeko» kaleko saltzaileak
SOS Arrazakeriak Bilboko Udalari eskatu dio udaltzainek ez dezatela «oztopatu» saltzaileen lana. Kanpaina bat jarriko dute martxan «indarkeria arrazistarik gabeko» jaien alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu