«Alde Zaharreko taberna batek, barrarik gabe, esentzia guztia galtzen du; ez du zentzurik, eta, gainera, ez da gauza bera terraza handi bat duen erdiguneko beste batekin alderatuz gero». Rosi tabernako barrari helduta mintzo da Fernando Alvarez, ohiko bezero batekin aurrez aurre hitz egiten ari den bitartean. Ia hiru hilabetez itxita eman ondoren, atzo ireki zituen ateak negozioak, eta ez bezeroek eta ez jabeek ez zuten alferrik galdu barran kontsumitzeko eskubidea berreskuratu izana. «Poliki-poliki ekin diogu jardunari, lasai-lasai, eta mugimendua noiz etorriko zain».
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostatuek atzo jaso zuten barran zerbitzatzeko eta kontsumitzeko baimena. Itxialdia arintzeko hirugarren fasean sartzearekin batera, beste urrats bat da ostalarientzat normaltasun berrirako bidean: terrazetan hasi ziren zerbitzua ematen aurrena, eta barruko mahaietan ondoren. Orain, tabernaren esentzia ere berreskuratu dute barrako kontsumoarekin, nahiz eta bezeroen edo bezero taldeen artean bi metroko tartea errespetatu beharko den. Ez da edukiera mugarik izango aurrerantzean, halere.
Nafarroan, aldiz, astebete atzeratuko da barrako zerbitzua. Nafarroako Gobernuaren arabera, segurtasun distantzia zaintzeko zailtasunagatik, hain zuzen ere. Iragan ostiralean emandako irizpideen arabera, gainera, terrazen %75 bete ahalko da gehienez fase berri honetan; taberna barruan, berriz, edukieraren bi heren. Ostalariek ez dute begi onez hartu erabakia. Nafarroako ostalaritzako enpresa txikien elkarteak kritikatu du neurria atzeratzeak «nahasmendu handia» eta «ziurgabetasunera itzultzea» dakarrela. «Esan digutenez, pandemiaren bilakaeraren arabera, posible da datorren astean baimentzea. Baina uste duzue, segurtasunik gabe eta irizpideak nola aldatzen diren ikusita, norbaitek ireki ahal izango duela?», azaldu dute ohar bidez. Ohartarazi dute beste sektoreetan baino negozio gehiago itxiko dituztela ostalaritzan, eta horregatik dela garrantzitsua arauak «argiak» izatea.
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, kanpoko mahaietan eserita kontsumitu daiteke bakarrik oraingoz. Arauak arau, ordea, ez dira irizpideak oso estu betetzen ari; azken egunetako argazkiei erreparatuz gero, ostatu asko beteta egon baitira.
Ostalarientzat urrats garrantzitsua da barrako zerbitzua berreskuratu izana, baina argi dute ez dela erabateko normaltasunaren isla. Alvarezek aurreikusi du aurreneko asteak «ahulak» izango direla, eta negozioak aterako duen etekina «itxurazkoa» baino ez dela izango. «Osasun krisi batetik abiatu garela ikusita, espero dut 2008an baino azkarrago onbideratzea, baina teoria bat besterik ez da». Bi langile ditu aldi baterako erregulazioan oraindik, eta zain dago egoerak nola eboluzionatuko, haiek ere laneratzeko.
Aingeru Martinezen hitzetan ere, barrako zerbitzua berreskuratu eta edukieraren muga ezabatu izanak etekin «apur bat gehiago» baino ez die emango tabernei. «Lasaitasun bat da, bai, baina oinarrian ez du aldaketa handirik ekarriko, edukiera mugarik izan ez arren segurtasun distantziei eutsi beharko zaie eta. Beraz, mahaietan eserita dagoen adina jende sartu ahalko da tabernara». La Rubia tabernarentzat ere, konfinamenduaren osteko aurreneko eguna izan zen atzokoa, eta Martinezek azaldu du arrazoi horregatik ez zutela lehenago zabaldu. «Beldur ginen jendeak nola erreakzionatuko zuen lokal barruan mugitu ezinda eta aldiro eserita egon beharrez. Batzuei kosta egiten zaie segurtasun tarteari eustea, baina gutxi batzuk baino ez dira. Esan behar da gehienek oso ongi zaindu dituztela tarteak».
Bi langilerekin ekin diote jardunari, eta beste bi dituzte aldi baterako enplegu erregulazioan. «Epekako irekiera sistemak asko lagundu du horretan, gainerakoan ezinezkoa izango zen-eta langile guztiei eustea jardunaren herenarekin». Asteburuan «nolabaiteko normalitatea» berreskuratzea espero du. Aurrera begira «zuhur» dago, ordea. «Turismoaren aldetik askotariko jarrerak ikusten dira: mugitzeko nahia dute batzuek, baina badira kutsatzeko beldurrari eusten diotenak ere. Beraz, ikusiko dugu zein den bilakaera. Jairik gabe ere gelditu gara, baina, eguraldiak laguntzen badu, jendeak zerbait ospatuko du».