Moldaviak zer bide hartuko duen erabakiko du igandeko bozetan

EBren aldeko bidearen eta Moskura gerturatzearen artean aukeratu beharko dute herritarrek

PAS alderdiko kideek jarritako postu bat, Chisinau hiriburuan. DUMITRU DORU / EFE.
Alex Bustos
Chisinau
2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Chisinau adi-adi dago parlamenturako bozen zain. Bozetara aurkeztu diren 24 alderdi politikoen postuak jarrita daude Moldaviako hiriburuko kale nagusietan, oinezkoak konbentzitzeko asmoa duten boluntarioekin. Bai Errusiaren aldekoek, bai EBren defendatzaile sutsuenek badakite parlamentuaren osaerak berebiziko garrantzia izango duela egungo presidenteak, EBren aldekoa eta zentro-eskuinekoa denak, aukera izan dezan Bruselara gerturatzen jarraitzeko. Herrialde txiki hau —2,7 milioi herritar ditu— Mendebaldearen eta Errusiaren artean kulunkatu da 1991n independentzia lortu zuenetik. Halere, Errusiaren eraginpean egoteko joera handiagoa izan du, batez ere, Maia Sandu boterera iritsi aurretik.

Inkestek abantaila ematen diote Moldaviako egungo presidentearen alderdiari, PAS Ekintzaren eta Elkartasunaren Alderdiari: hautesleen %33,7ren babesa izango luke, inkesten arabera. Hautesle horien artean diasporak duen garrantzia nabarmendu behar da. Dionis Cenusa analista politikoak, besteak beste Expert Group think tank-eko kolaboratzailea denak, azaldu du «diaspora ezinbestekoa dela PASentzat eta Maia Sandu presidentearentzat». Are gehiago, baieztatu du ez litzatekeela okerra izango esatea «Mendebaldean bizi den diaspora alderdiaren funtsezko oinarri elektorala» dela. Gehiengo argi bat lortuko ez balu, akordio bat egin lezake Renato Usatii blokearekin; Errusian dirutza egin duen izen bereko enpresari batek eratutako indarra da.

Annak, Sanduren aldeko erizain gisa definitu denak, baieztatu du haren alde bozkatuko duela, «ustelkeria, gure arazo nagusia, amaituko duen lider europarzale handi bat» delako. Bozak gehiengoa lortuta irabaziko dituela espero du, EBra gehiago hurbiltzeko. Errealista da: «Ez gara laster egongo Batasunean, baina etorkizunean haren parte izan gaitezke».

Aurkari nagusia Vladimir Voronin eta Igor Dodon presidente ohien BECS Sozialisten eta Komunisten Hauteskunde Blokea da, ezkerreko eta Errusiaren aldeko alderdien arteko aliantza. Igandean botoen %25 inguru eskuratzea espero da. Egun, Alderdi Sozialista —blokeko indarretako bat— da parlamentuan ordezkaritza handiena duena: ganberako 101 diputatuetatik 37 ditu. Independentzia lortu zenetik, koalizio horrek edo antzekoren batek izan du parlamentuaren gehiengoa.

Igorrek, BECSen jarraitzaileetako batek, esan du Sobietar Batasunaren garaia bizi izan zuela, eta uste du koalizioa «herriaz arduratzen» dela eta hura «babesten» duela. Gogorarazi du Dodon presidente zela «Errusiarekin akordioak lortu» eta barazkiak saltzen zizkietela: «Baina Sandurekin...». Uste du EBri «Maidan-ak sortzea» gustatzen zaiola, 2014an Ukrainan egin bezala —orduko gobernuaren aurkako estatu kolpea jo zuten—, eta gehitu Moldaviak ez duela hori nahi.

Errumaniarekin batzea

Hauteskunde hauetan alderdi berri bat aurkeztu da: AUR Errumaniarren Batasunaren Aliantza. Jatorriz Errumaniakoa da, eta oraintsu erregistratu da Moldavian, boz hauetarako. Eskuineko alderdi horren aldekoek bi herrialdeen batasuna defendatzen dute. Egun, herrialdeko segurtasun zerbitzuak alderdia ikertzen ari dira, ustez atzerriko finantzaketa izateagatik.

Ianak AURen alde egingo du: «Denok errumaniarrak gara, eta Errumaniako pasaportea eskura dezakegu. Hizkuntza, ohitura eta kultura bera ditugu. Historiaz zerbait dakien edonork badaki herrialde bakar bat izan beharko ginatekeela». Ziurtzat du urte pare bat barru Moldavia Errumaniaren parte izango dela. Uste du bat eginez gero herrialdeak aukera gehiago izango dituela: hala nola gazteen arazoei aurre egiteko. Azaldu du haiek EBra jotzen dutela lan egitera, han egoera «gogorra» delako eta «soldatak oso txikiak» direlako.

Moldaviaren eta Errumaniaren arteko batasuna ez da gauzatzen erraza, Cenusa analista politikoak xehatu duenez. Hasteko, tentsio handia dago Transnistria eskualde separatistan. Nazioarteak Moldaviako lurralde gisa aitortzen duen arren, Chisinauk ez du haren gaineko kontrolik. Errusiako tropak daude han, eta Moldavia Errumaniarekin batuko balitz, «eskualde hori Kaliningrad edo Abkhazia berri bat bilakatuko litzateke». Azken hori ere aintzatetsi gabeko estatu bat da, ofizialki Georgiarena dena.

Transnistrian, egun, ez dute Chisinaurekiko loturarik sentitzen. Hala azaldu du Andreik, Tiraspoleko —Transnistriako hiriburua da— bizilagunak. Hark ez du hauteskundeetan botorik emango, egin dezakeen arren: «Zertarako egin? Haien erabakiek ez dute eraginik nigan», azaldu du. Transnistriako autoritateek beren lurraldearen kontrol osoa dute, nazioartearen onarpenik ez duten arren.

Transnistriako lurralde arazoaz gain, Cenusak gehitu du Moldaviaren eta Errumaniaren arteko batasuna nahi duten «unionista» errumaniarrak iraganean Errumaniako erreinuenak izandako Ukrainako lurraldeetara begira ere ari direla.

Moldavian bada batasunaren aurkako nazionalismo moldaviar bat ere, bi herrialdeak egun dauden bezala mantentzearen aldekoa. Horien artean dago Igor, BECSen jarraitzailea: «Haiek [Errumaniak] soilik ehun urteko historia dute. Guk, berriz, mendeetako historia dugu». Gainera, gehitu du «oso antzekoak» izan arren bi hizkuntza ezberdin dituztela. Filologo erromanikoen artean ideiarik onartuena da hizkuntza bera dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.