Itsasora irteteko moduan da Aita Mari erreskate ontzia. Azken baimena falta zuen, Espainiako Gobernuarena, eta iritsi da, Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak azaldu duenez. Laguntza humanitariorako baimena da: Grezian dauden errefuxiatuei laguntza emateko onespena. Ez itsasoan erreskateak egiteko baimena. Taldeko iturriek BERRIAri jakinarazi diotenez, egokitzapen batzuk egin behar dituzte ontzian, eta espero dute asteazkenean ateratzea itsasora.
Uztail hasieratik, Pasaiako portuan (Gipuzkoa) dago ontzia. Mediterraneo itsasoan ibili eta gero, konponketa batzuk egiteko sartu ziren portuan, baina abuztuaren amaierarako burutuak zituzten. Zain egon dira ordutik, Espainiak baimena noiz emango. Hain justu ere, gobernuz kanpoko erakundeak orain dela bi aste egin zuen azken salaketa: «ez aurrera ez atzera» harrapatuta zeudela, Pasaiako portutik irten ezinik, eta Madrilgo gobernua «isiltasun administratiboa» baliatzen ari zela itsasontziaren jarduna zapuzteko.
Grezian dauden errefuxiatuei laguntza humanitarioa eramatea izango da Aita Mari-ren egitekoa. Horretarako baimena jaso du: laguntza humanitarioa emateko. Sei tona material prest dauzkate ontzian: negurako arropak, mantak eta higienerako produktuak. Erreskateak egiteko baimenik ez dute jaso, orain hurrena itsasoratu zirenean bezalaxe: ezin dute propio itsasoan ibili erreskateak egiten. «Ezustean ontziren bat topatzen badugu soilik egin ahal izango ditugu erreskate aktiboak», azaldu du Iñigo Mijangosek, gobernuz kanpoko erakundeko presidenteak. Propio erreskateak egiten arituko ez direla bermatzeko, agindu zehatzak eman dizkiete: Siziliara zuzenean joan beharko dute, bidean geldialdirik egin gabe. Handik barrena iritsi asmo dute Lesbosera, negurako arropekin eta higiene produktuekin.
Ontzia prestatzen
Erakundeko iturriek azaldu dutenez, prestaketa batzuk egin behar dituzte orain ontzian, eta asteazkenean abiatzea espero dute. Batetik, eskifaia prestatu behar dute: asteak egin dituztenez portuan geldirik, etxera bidaliak zituzten itsasontziko kideak. Bestetik, ontzia atondu behar dute: «konponketatxo batzuk» behar ditu.
Orain urtebete pasatxo aurkeztu zuten Aita Mari erreskate ontzia, eta hasieratik eduki zituzten arazoak itsasora irteteko, Espainiak ez zielako baimenik eman. Apirilean itsasoratu ziren azkenean, baina erreskateetarako baimenik gabe. Hortz klinika bat prestatu zuten.
Lehorrera itzultzea erabaki zuten ekain amaieran, Espainiak ez zielako baimenik eman erreskateak egiteko. Salatu zuten Madrilgo gobernua migratzaileak hiltzearen «konplize» zela. Aurrerantzean ere ezingo dute lan hori egin.
Itsasora doa 'Aita Mari'
Espainiako Gobernuak Greziara joateko baimena eman dio itsasontziari: giza laguntza eramango du. Erreskateak egiten aritzeko debekua dauka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu