Blanca Urgell
LARREPETIT

Munduari biraka

2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Eurite unibertsala amaitu eta lehorreratzeko Noek aurkitu zuen lur bakarra Ararat mendiaren gailurra izan omen zen. XVI. mendean, Esteban Garibaik-eta idatzi zuten Aralar mendiak Bibliako mendi sakratu haren omenez hartu zuela izena, bai eta Tolosaraino doan Araxes ibaiak ere Kaukason dagoen ibaiaren izen berberagatik, edo Gorbeiak hango Gordeia mendiagatik. Edota Francisco Mendieta arabarrak Andaluzia honela deitzen dela handia eta luzea izateagatik, bestalde.

Tubalismoaren euskarri nagusiak ziren honelako etimologiak: euskara Babelgo 72 hizkuntzetako bat zela frogatzen zuten, eta euskaldunak zuzenean handik atera ziren Noeren ondorengo leinuetatik bat zirela, Tubal eta tubaldarrena; nondik ibili ziren ere erakusten zuten, Iberiar penintsula populatu zuten arte.

Haiek ez ziren ergelak, noski. Bat: Biblia zen orduan historiaurrea azaltzeko paradigma: etorki bat ematen zion euskarari, eta kronologia bat. Bi: Orduan (eta luzaro) etimologia horrela egiten zen, alegia, edo paronimia edo hotsen antzekotasunagatik (Aralar & Ararat, Gorbeia & Gordeia), edo zati ulergarrietan zatituz (Anda-luzia). Hiru: euskararen antzinatasuna eta leinargitasuna defendatuz euskaldunen pribilegioak babestu nahiz ari ziren (eta badirudi lortu ere lortu zutela). Euskara, Jainkoak sortutako hizkuntzetako bat. Euskaldunak, Penintsulako lehen biztanleak. Lehen espainolak. Espainolenak. (Nola aldatu diren kontuak).

Garaian garaikoak, honelako etimologiak sortzen diren iturri ugariak ez dira inondik inora agortu, bestelako teoriei eusteko bada ere. Kaukasora eraman gaituzte behin eta berriz, eta are harago, Yenisei ibaiaren alderdiraino. Mediterraneoan barrena,Sumer eta Egiptoraino, Kretatik igarota, historiaren alderdi hartan izan diren une gogoangarrienen lekuko egin gaituzte. Atlantikotik iparrera eskoziarrekin lotu gaituzte eta hegoaldera guantxeekin, eta hemendik berbere edo amazigekin. Maliko dogon herriaren senide bihurtu gaituzte, eta nola edo hala Sirio izarreraino ere jaso. Abentura zirraragarriak, amets eragingarriak. Kixote bezala zoratzeko modukoak ere bai. Betiere hemen bukatzeko. Gure txikitasun handian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.