Nevadako 'caucus'-ak irabazita, Sanders bilakatu da primarioetako faboritoa

AEBetako presidentetzarako bidean, senatariak sendotuta ikusi du bere hautagaitza. Datorren astean egingo dute Astearte Handia

Bernie Sanders, herenegun, Houstongo Unibertsitatean, kanpainako mitin batean. LARRY W. SMITH / EFE.
ander perez zala
2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Hiru hitzordu: bi caucus eta primario bat, eta hiruretan hautagai berak jaso du boto gehien. Bernie Sanders senataria bilakatu da, zalantzarik gabe, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Alderdi Demokrataren presidentegaia bilakatzeko faboritoa; orain arte banaturiko 84 ordezkarietatik 39 eskuratu ditu, eta era ezin hobean egingo dio aurre primarioen egutegiko unerik garrantzitsuenari. Gaurtik hasita eta astebetean, hautagaiek eztabaida batean parte hartu, Hego Karolinako primarioetan lehiatu eta datorren asteko Asteartea Handi erabakigarrian parte hartuko dute.

Nevadako estatuan iragan larunbatean egindako caucus-ak Sandersen bolada onaren erakusle izan ziren: latinoen eta gazteen botoak bultzatuta, inkestek aurreikusten ziotena baino garaipen handiagoa lortu zuen, babesen %46raino iristeraino. Emaitza horiek bultzada ikaragarria izan dira hurrengo ekitaldirako, Hego Karolinako primarioetarako —63 ordezkari banatuko dituzte—; Joe Biden AEBetako presidenteorde ohia da faboritoa, baina senatariaren kanpainako taldea lanean ari da iragarkien eta mitinen kopurua handitu, eta Sandersen irabazteko aukerak handitzeko. Helburua argia da: Bideni gailendu, bere hautagaitza behin betiko hondoratzeko.

Sandersek aldeko du lehiakide moderatu asko dituela, eta, hortaz, jarrera horien aldeko boto emaileek zatituta bozkatzen dutela hainbat hautagairen artean; hain justu, areagotzen ari dira Alderdi Demokrataren presidentegaia izateko ia aukerarik ez dutenei lehia uzteko eskatzen dizkieten ahotsak. Are gehiago kontuan hartuta Hego Karolinako eta Astearte Handiko ekitaldietan ordezkari kopururik handiena lortzeak hautagaitza sendoenak uzten dituela agerian —1.357 egongo dira jokoan hamalau estatutan—.

Konbentziora begira

Alderdi Demokratak uztailaren 13tik 16ra egingo duen konbentzioan aukeratuko du presidentegaia, eta biltzar horretara gutxienez 1.990 ordezkarirekin iristen den hautagaiak ziurtatua izango du arrakasta.

Aldiz, inor gehiengorik gabe iristen bada, Demokraten Komite Nazionalak (DNC) aukeratzen dituen superordezkariek ere botoa emango dute, eta testuinguru horretan litekeena da Sandersen alde ez egitea, beste hautagai moderatuago baten alde baizik. Arrisku horretaz jakitun dira senatariaren taldean, eta, horregatik, berebizikotzat dute 1.990eko kopurura ahalik eta azkarrena iristea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.