Palestinako Aginte Nazionalak (PAN) presio diplomatikoa hasi eta egun batera, Alemaniak Israeli ohartarazi zion, atzo, Zisjordaniaren parte baten anexioa ez dela bateragarria nazioarteko legediarekin: «Ez da posible. Guk oraindik babesten dugu bi estatuen irtenbidea, eta, horretan aurrera egiteko, beharrezkoa da elkarrizketa berpiztea», adierazi zuen Heiko Maas Alemaniako Atzerri ministroak, Gabi Ashkenazi Israelgoarekin batzartu ostean.
Auzi honetan ere, Berlinen iritzia garrantzitsua da, Europako herrialde nagusietako bat izateaz gain Europako Batasuneko Kontseiluko eta Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko presidentetzak hartuko dituelako uztailaren 1ean. Hortaz, Maasek jakinarazitakoa lehen zantzua izan liteke jakiteko zer jarrera adostuko ote duten Europako Batasuneko (EB) estatu kideek, nahiz eta Alemaniako Atzerri ministroak zehaztu zuen «Alemaniaren jarreraz» aritu zela.
Hori bai, Maasek ez zuen zehaztu nahi izan Israelek anexio plana betetzeak zer ondorio izango dituen. Ofizialki, Berlinek ez dio «baldintzarik jarri» Tel Avivi, eta Atzerri ministroa soilik koalizio gobernu berriaren «planak ezagutzera» joan zen atzo Israelera.
Bere gobernuaren asmoaz, Israelgo Atzerri ministroak adierazi zuen oraindik ez dutela zehaztu zer eremutan «aplikatu» nahi duten «subiranotasuna», etaAEBek aurkeztu zutena oinarri gisa hartuko dute, «mapa kontzeptual bat» delako: «Etxez etxe, herriz herri aztertu beharko dugu».
Lehen informazioen arabera, Zisjordaniaren parte bat anexionatzea da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren asmoa; zehazki, kolonia juduak eta Jordan ibaiaren harana —eremuaren %30 litzateke—. Helburu horri begira, ikusteko dago zer eragin izango duen herrialdeko Auzitegi Gorenak herenegun harturiko erabakiak: bertan behera utzi zuen Zisjordaniako palestinarren lurretan dauden 53 kolonia judu—4.000 bat etxebizitza— legeztatzeko 2017ko legea, konstituzioaren aurkakoa delakoan.
Hori ikusirik, Ashkenazik, Alemaniaren jarreraz aritzean, adierazi zuen bere ustez ez duela «pausorik emango [Tel Aviven] erabakiaren aurretik». Are, Israelgo Atzerri ministroak jakinarazi zuen «era arduratsuan» jardungo dutela anexio planarekin: «Israelen interesak, bake akordioak eta AEBekiko elkarrizketa mantenduko ditugu. Israel estatu judu eta demokratikoa da».
PANen erreakzioa
PANek beste erantzun bat eman zuen herenegun Israelgo Gobernuaren asmoen inguruan: Mohammad Xtayyeh PANeko lehen ministroak ohartarazi zuen Palestinaren independentzia deklaratuko dutela, eta, hortaz, Palestinako Estatua aldarrikatuko duela —1967ko mugetan—. Xtayyehren hitzetan, «mehatxu existentzial baten» aurrean daude palestinarrak.
Berez, Tel Avivek hiru aste barru, uztailaren 1etik aurrera, du Zisjordaniaren parte bat anexionatzeko aukera, Netanyahuk eta Benny Gantzek koalizio gobernua osatzeko adostu zuten akordioaren arabera.
Donald Trump AEBetako presidentetzara iritsi zenetik, Israelek gero eta pauso gehiago eman ditu palestinarren interesen aurka, eta, joera hori ikusita, Riyad al-Maliki PANeko Atzerri ministroak atzo herrialdeei dei egin zien «nazioarteko fronte bat eratzeko», Israelen «sistema koloniala» bakartzeko.
Israelen anexio plana ez da bateragarria nazioarteko legediarekin, Berlinen ustez
Heiko Maas Alemaniako Atzerri ministroak kezka agertu du Tel Aviven asmoaz aritzean, baina ez du zehaztu nola erreakzionatuko duten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu