Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Ez gaude gerran

2020ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Diziplina guztiek mundua ulertzeko gakoak aldarrikatzen dituzte eurentzat. Dena fisika dela dio fisikariak eta zuzen dago; matematikak guztia ulertzeko hizkuntza komuna eman digula esaten dute matematikariek eta zuzen daude; «Ekonomia da, ergel hori», entzuten da ozen eta bistan da hori ere badela. Gutxiago entzuten bazaie ere (apalagoak direlako edo indar nahikorik ez dutelako), arte eta pentsamenduko jendea ere lantzean behin altxatu egiten da. Zuzen daude guztiak, eta oker daude, aldi berean. Ez da bakarlarientzako garai egokia, indar korala aktibatzekoa baizik.

Hitzetik hortzera darabiltzagun berbek, ordea, beste bide bat iradokitzen dute. Diskurtsoak gerrako terminologiaz bete dira, eta neurriz gaindiko epikaz janzten dugu guztia, balkoira irtetetik hasita. Birusaren aurka borrokatzen ari garela esaten digute, ibiltzeko baimenak erakusten ditugu eta egunero bajak eta altak jakinarazten dizkigute. Hizkuntza hau ez zait sekula gustatu eta, gainera, kezkatu egiten nau, ez baitut uste batere laguntzen duenik, ez egoera definitzen, are gutxiago irtenbideak aktibatzen.

Hitzekin gerra agertoki bat marrazten dugunean, ontzat ematen dugu borrokarako armadak behar izatea, bajak eta altak zenbatzea gupidarik gabe, irabazteko maiz sakrifikatu egin behar izaten delako, ustez. Baina ez gaude gerran. Birusak ez du kutsatzeko estrategia globalik diseinatu, ez da gure lerroetan infiltratu, txikitzeko edo barrutik suntsitzeko.

Koronabirusa gure garaiko izaera sozialaren parte da: komunitate trinkoetan bizi gara zentzu guztietan, elkarrengana iragazkorrak gara. Nahiz eta orain dela oso gutxira arte (aste pare bat, hitzez hitz) ez garen kontziente izan, arazoaren parte gara, konponbidearen parte garen bezalaxe. Kutsatu egiten gara, guk geuk kutsatu egiten dugulako, eta hori gure bizimoduaren berezko ezaugarria da. Birusaren hedapen komunitarioari eusteko metodo gisa, isolamendu sozialaren metafora argia da. Hiltzen duen gizartea gara, elkar zaintzen ez dakiena.

Gerra hitzak, oraingoz, hitzak baino ez dira, baina aurreragoko bideren baten zantzuak ematen dizkigute. Aspaldi esan ziguten Lakoff eta beste hainbat pentsalarik metaforek, mundua ulertzeko modua ez ezik, alegiazko munduak sortzeko ere balio dutela.

Gerrek ez dituzte komunitateen arazoak konpontzen; aitzitik, areagotu eta kronifikatu egiten dituzte. Herriek ez dituzte gerrak irabazten: gatazkaren ondorioz sortzen den botere banaketa berriari etekina ateratzen dakitenek irabazten dituzte.

Pentsamendu batzuk beste batzuk baino hobeto prestatuta daude kartografiatzeke dugun lurralde honetan ibiltzen laguntzeko. Pentsalari feministek, adibidez, aspaldi ohartarazi ziguten gure zaintza sistemaren hauskortasunaz, orain argiro erakutsi zaiguna. Ongizatearen euskarri sarea ahula da, eta ahuleziaren gainean sortu dugu. Ezinbestean hornitu beharko dugu, eta langintza horrek gutxi du, batere ez, gerratik.

Ez dakigu nolakoa izango den krisi honen ondoko mundua, eta ez dugu jakingo berehalakoan. Aldaketa guztiek denbora behar izaten dute ontzeko: ez da uztaren lehen zukua, ezta urteko ardo arrunta ere; izatekotan, ongi zanpatu eta beheratzen utzi eta geroko likore destilatua izango da. Baliteke hemendik urte batzuetara atzera begiratu eta ohartzea espero baino gutxiago aldatu garela; eta, aldi berean, uste baino gehiago ere aldatuko garen itxura guztia du. Eta bietan zuzen gaude: baikorrek eta ezkorrek arrazoia dutela konturatzea ez da gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.