Cesar Garbalena. AFMko presidentea

«Hoberena eskaini behar dugu, eta marjinei eustea artea da ia»

Antxon Lopez Usozen lekukoa hartu du Cesar Garbalenak AFMren gidaritzan. Loire-Gestampeko zuzendariak estreinaldi sendoa izango du Makina-erremintaren Biurtekoarekin datorren astean.

xabier martin
Donostia
2018ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Euskal makina-erremintaren harrotasuna nabari da Cesar Garbalena AFMko presidente berriaren hitzetan. Asko espero du Biurtekoaren emaitzaz. Europako azokarik handienetan hirugarrena dela dio.

Argi dago kopuru handiak ekarriko dituela, baina, hortik harago, zer ekarri beharko lieke enpresei aurtengo Biurtekoak?

Makina-erremintako azokena artean Europako hirugarrena da gure biurtekoa. BECeko sei pabiloi hartzea, eta milatik gora makina biltzea lorpen izugarria da. Uste dut hau esatea bidezkoa dela ezeren aurretik.

Ados. Eta ondorio praktikoei begira?

Erakutsi, ezagutu, deskubritu, erosi... Horrelako azoka batek funtzio horiek denak betetzen ditu. Fabrikazio teknologien eskaintzaren eta eskaeraren arteko bilgunea da. Autogintzan, aeronautikan, trengintzan, energian... sektore askotan azken joerak erakusten dituzte atzerriko eta tokiko enpresek, betiere lehiakortasuna irabazteko ekoizpena berrituz. Eta dena batera, Biurtekoa industriaren ahalmenaren erakustaldi bat da. Erreferentzia gara fabrikazioan, eta Biurtekoak hori islatzen du.

Munduko merkatuei adi-adi egotea, eta ziurgabetasunak dakartzan aldaketei egokitzen jakitea; hori al da, une oro, sektoreko enpresen patua?

Bezeroak, haiek eskatzen duten produktuak, eta merkatuak, denek sofistikazio maila handia hartu dute, eta egia da gauzak oso azkar aldatzen direla. Balio erantsi handiko ekipamendu ondasunen merkatuaz ari gara, eta aldaketek ez lukete zertan hain azkarrak izan, baina badira. Beraz, gure bezeroen arazoak geure egiteko obligazioa daukagu. Haiei soluzioa azkar eta ongi eman behar diegu. Egiten dugun horretan benetan onak izateko epe zorrotzetan, erabat moldatu behar dugu, eta horrek kudeaketa bikaina eskatzen du.

Lehiatzeko modu horrek marjina izateko tarterik uzten du?

Nazioartean lehiatzea ondo lehiatzea da. Ekipamendu ondasunak ondo garraia daitezke, salneurria/pisuaren ratioarengatik, eta, industriarentzat estrategikotzat jotzen dituztenez merkatu gehienetan, ez dute aduana zerga handirik pagatzen. Beraz, ia edozein makina edozein lekutara joan daiteke, mundu zabalean, eta desberdintzea oinarrizkoa da. Gure kasuan, prestazio hoberenak eman behar ditugu, kalitatehoberenarekin, eta ez beti gutxiagoren truke. Marjinei eusteaoso zaila da, ia artea egitea da. Baina marjina hori defendatzeak bide ematen dizu I+G egiteko, eta horri esker eusten diogu gurpil osoari.

Digitalizazioa, laser teknologia, fabrikazio aditiboa... 4.0tik at aritu al daiteke sektore honetan?

Ez dut uste. Ez da aukera daitekeen gauza bat. Gizartea aldatuz doa, digitalizazioak gure jarrera aldatzen duelako; bada, industria ere bai. Prozesu naturala da, eta gertatuko da, seguru. Benetako erronka da denak egiten ari garen ahaleginari etekina ateratzea. Sektore serioa gara, hitza betetzen duena, eta gure indarra giza taldeetan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.