Koronabirusa munduan

Txinak Wuhango heriotza kopurua eguneratu du: %50 handiagoa da

Pekinek azaldu du hildako guztiak ez zirela erregistratu, osasun sistemak gainezka egin zuelako

Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Orain arte zenbatutakoak baino 1.290 hildako gehiago izan dira Txinako Wuhan hirian, koronabirusak kutsatutakoen artean. COVID-19 gaitzaren kontrolerako eta prebentziorako udalzentroak jakinarazi zuen, atzo, datu gaurkotua. Eguneraketak %50 areagotu du orain arteko kopurua. Orotara, 3.869 hildako direla adierazi zuten.

Txinako Gobernuak hainbat arrazoi aurkeztu zituen kasu horiek orain arte zergatik ez diren atzeman azaltzeko. Birusak osasun sisteman eragin dituen zailtasun handiekin lotu zuen. Lehenik eta behin, adierazi zuen kutsatu kopuruak mediku zerbitzuak gainditu zituenez, gaixo asko beren etxeetan zendu zirela, ospitaleetan artatuak izan gabe. Ospitaleetan «beren ahalen gainetik» ari zirenez, eta osasun langileak gaixoak tratatzeko beharrean ari zirenez buru-belarri, hainbat heriotzaren berri «berandu» eta «oker» eman zela azaldu zuen. Horrez gain, gobernuak adierazi zuen hainbat osasun erakunde ez zeudela konektatuta informazio sare ofizialera.

Ezkutatutako daturik ez

Pekinek argi utzi nahi izan zuen ez duela koronabirusak hildako herritarren egiazko kopurua ezkutatu. Zhao Lijian Atzerri Ministerioko bozeramailearen esanetan, Txinak «ardura du historiarekiko, herriarekiko eta hildakoekiko». Ziurtatu zuen gobernuak ez duela datuak ezkutatzea baimentzen. Herrialde gehiagok ere beren kutsatu eta hildako kopuruak eguneratu dituzte.

Lijianen adierazpenek Donald Trump AEBetako presidenteak zabaldutako akusazioei erantzutea zuten helburu, baina Trumpek zalantzan jarri zuen berriro Pekinek eman dituen datuen sinesgarritasuna. Trumpen esanetan, koronabirusak Txinan eragin duen heriotza kopurua AEBetan eragindakoa baino «askoz ere handiagoa» da.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ere Pekinek informazioa ezkutatu duela eman zuen aditzera, Financial Times-ek ostegunean argitaratu zuen elkarrizketa batean. «Argi dago ezagutzen ez ditugun gauzak gertatu direla».

Dominic Raab Erresuma Batuko Atzerri ministroa, berriz, Txinari kontuak eskatzearen alde agertu zen. «Galdera deserosoak egin beharko ditugu birusaren agertzeari buruz, baita hura garaiz geldiaraztea eragotzi zuten zergatiei buruz ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.