ATZEKOZ AURRERA. Norma Vazquez. Psikologoa, genero gaietan aditua

«Emakume etorkinak erruduntzat joak dira»

Zurrumurruek etorkinengan duten eragin kaltegarriari aurre egiteko jardunaldiak antolatu dituzte Bilbon. Estrategia horren genero perspektibaz mintzatu zen atzo Norma Vazquez psikologoa.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Psikologoa da Norma Vazquez (Mexiko Hiria, 1960), eta 40 urtez aritu da mugimendu feministan militatzen. Mexikon jaio zen, eta 22 urte daramatza Bilbon bizitzen. Zurrumurruek pertsona arrazializatuengan duten eraginari buruzko prestakuntza hitzaldi bat eman zuen atzo Bilbon, betiere gaiari genero perspektibatik erreparatuta.

Zurrumurru mota asko daude. Zeintzuek eragiten diete pertsona arrazializatuei?

Arrazistak eta klasistak diren informazio edo usteek. Jendeak uste horiek egiak balira bezala sinisten ditu. Interneten, esaterako, etorkinen inguruko gezur asko daude. Informazio faltsu horrek etorkinen kontrako giroa sortzen du, eta arrazismoa eta klasismoa sustatzen ditu. Klasismoa sustatzen du zurrumurru horiek ez direlako inoiz etorkin aberatsen ingurukoak izaten. Beti etorkin txiroen ingurukoak izaten dira. Zurrumurruen kontrako estrategiak akusazio faltsu horien kontra borrokatu nahi du.

Emakume arrazializatuei oraindik gehiago eragiten die?

Badaude espresuki emakumeen kontrako zurrumurruak. Etorkin izateagatik pairatzen dituzte emakume horiek zurrumurru batzuk: bertokoei lana kentzera gatozela, delitugileak garela... Uste horiek migrazioa uniformatzen dute, beti arrazoi jakin batzuengatik izango balitz bezala. Baina, berez, hainbat arrazoirengatik migratzen da. Horiez gain, estereotipoetan oinarritutako beste hainbat zurrumurru ere jasaten ditugu emakumeok. Sexualizazioa eta sumisioa dira emakume arrazializatuei buruzko usteak. Beraz, kontua ez da gehiago eragiten digula, baizik eta desberdin eragiten digula, eta hori gizarte honen sexismoarengatik da.

Orduan, beharrezkoa da genero perspektiba zurrumurru horiei aurre egiteko?

Bai, noski. Genero perspektiba beharrezkoa da emakume arrazializatuen egoera ulertzeko. Emakume etorkinen estereotipo agerienetako bat amatasunarekin dago lotuta. Maiz ama horien esfortzua gutxiesten da. «Nik ezingo nuke inoiz egin», pentsatzen dute Euskal Herrian jaiotakoek. Pentsamendu horrekin errua leporatzen zaie emakumeei. Eta haiek ez dituzte seme-alabak urrun uzten hala nahi dutelako, baizik eta haientzako bizimodu hobe baten bila dabiltzalako. Emakume etorkinak erruduntzat joak dira; horretarako joera dago, eta horregatik da beharrezkoa genero perspektiba txertatzea zurrumurruen kontrako estrategian.

Zertan datza estrategia hori?

Zurrumurruen kontra jardungo duten pertsonen sareak sortzean datza. Aurkitzen dituzten lekuan aurkitzen dituztela, uste faltsu horiei aurre egiteko prestatzen dira pertsona horiek. Etorkinak positiboki ikusiko dituen eta ulertuko dituen elkartasun sare bat sortzea da helburua, pertsona autoktonoen eta etorkinen arteko berdintasuna sustatzeko. Sare horiek indartuz doazen heinean, haratago joango gara: bitartekoak beharko ditugu; hedabideak, materialak, ekintza zuzenak, proposamen zehatzak... Gobernuak estutu behar ditugu, etorkinen aferari irtenbide bat topatu diezaioten.

Zer rol du herritar bakoitzak estrategia horretan?

Norbanakoak garrantzi handia du. Hasteko, norberak bere auzokideak ezagutu behar ditu. Gero eta etorkin gehiago baitaude gure auzoetan. Pandemiaren larrialdiak guztion elkartasuna piztu zuen: elkartasun sareek indar handia hartu zuten, eta etorkinek laguntza handia jaso zuten. Behin «normaltasun berria» iritsi dela, berriro ikusezinak balira bezala tratatzen dituzte. Lagun batek kontatu zidan nola auzokideek orain ez duten berarekin harremanik, eta nola ez dioten ezta aurpegira begiratzen ere. Auzokideekin harremana izateko eta elkar zaintzeko ardura guztiona da. Etorkinek premiazko beharrizan asko dituzte iristen direnean; ingurukoen ardura da integrazioan laguntzea.

Bilboko Basurtu, Begoña, Deustu, Errekalde eta Uribarri auzoetan jada antolatuta daude. Auzo horietako etorkinen tasarekin loturarik badauka horrek?

Baietz esango nuke. Baliteke auzo horietan proiektua hobeto egokitu izana, etorkinen kolektiboen presentzia handiagoa delako. Baina badaude etorkin asko beste auzo batzuetan. Beraz, auzoen antolakuntza ohiturak ere eragin handia du.

Bilboko beste auzoetan ere antolatzeko asmoa duzue?

Bai, noski. Ideia Bilboko auzo guztietan antolatzea da. Auzo batzuetan arazo sozialei aurre egiteko antolatzeko joera handiagoa dute. Beste auzo batzuetan ere jende kontzientziadun asko dago, baina agian ez dute sare gisan antolatzeko joera. Estrategia horretarako ezinbestekoa da auzo gehienetan sareak sortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.