Onintza Enbeita
BIRA

Pisua

2018ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Aste osoa, hilabete osoa, uda osoa egoten da bat txapelketaren zain.Eguerdian inoiz ez dadila etorri pentsatzen duzu, eta gauean pasatuta egotea da desio duzun bakarra. Ingurukoek aurten baietz errepikatzen dizute, eta urrunagokoek ez dute arrastorik ere bertsoez, txapelketaz eta zure barru nahasiaz. Zeure buruari inozo galanta izatea leporatzen diozun aldiro, zerbaitek esaten dizu gauza ederrak dituela txapelketak: lehenengo ilarako betaurreko ezagunak, beti berandu heltzen den lagun hori, iloben muxuak, besarkadak, pankartak, amaren begirada konplizea, aitaren ahots dardaratia...

Amaitzen denean, harri handia kentzen duzu gainetik. Irabazi ala galdu, pasatu da; eta lasai lo egiten duzu.

Bitartean zaila da lasaitzea, ze txapelketak justutik adina du injustutik. Epaileek zorrotz eta egoki egiten dute euren lana, baina ez da justua plazan behin eta berriro harritzen gaituzten bertsolariak finaletik kanpo gelditzea. Gehiegizko presiopean ari gara.

Eta berriz ere pasatuko da, eta berriz ere utziko ditu gauza onak eta txarrak. Eta berriz ere izango da momentu magiko bat beste guztia estaliko duena. Eta kenduko diogu geure buruari pisua, eta urte bi barru ipiniko diogu handiagoa. Eta berriro pentsatuko dugu ez duela merezi. Sano ote gaude?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.