BIRA
Keinu atseginak
Tabernara sartu denean «aspaldiko» esan dio zerbitzariak. Gizonak musu aurrekoa apartatu egin du irribarre egiteko. Gero berriro jantzi du, eta hizketan hasi da kafearen zain zegoen bitartean: «Badakizu zergatik ez naizen etorri aspaldi honetan? Bada, maskararekin ezin dudalako irribarrerik ikusi, eta ezin badut ikusi jendeak noiz agurtzen nauen keinu atsegin batekin, hobeto nago etxean». Momentu batez arrazoia daukala pentsatu dut, baina ni ez nago etxean gelditzeko gertu. Kalera joatea behar dut, jendearekin egotea, bertsotan egitea, pertsona anitzekin berriketa anitzak izatea, ukitzea... Horregatik eman ditut besarkadak eta muxuak eman ezin zirenean ere. Ez dakit zenbait lagunekin beste modu batera egoten, ez dakit distantzia sozialarekin bizi nahi dudan ere. Eta gizon horrek arrazoia dauka: ederra da taberna batean sartzen zarenean keinu atseginez nork agurtzen zaituen ikustea. Baita ezagutzen ez duzun norbait bada ere. Zenbat aldiz amaitu dugu barraren beste aldetik modu konkretu batean begiratu digun norbaiten besoetan? Edo zenbat aldiz irakurri ditugu ezpainak musika altuegi zegoenean? Badakit birusa airean dabilela, eta ezin ditudala gauza irrazionalak esan etengabe, baina nik ez dut pertsonengandik urrunduko nauen normaltasunik nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu