Ander Lipusek trebeziaz gorpuzten zuen pertsonaietariko batek, —literatura konparatuan katedradun, argentinar jatorriz, erdaldun mintzoz, harranditsu izaeraz— halatsu egiten zuen bertsolarion aurkezpena Erregea eta bufoia ikuskizunean: «Y ahora van a ofrecerles la salutación inicial». Alegia, hasierako agurra botako genuela bertsolariok. Eta eransten zuen: «Se le denomina el 'aburra', básicamente porque siempre cantan lo mismo». Hots, asperbide baino ez direla hasierako agur horiek, beti berdintsuak izaten direlako.
Ez dut uste gaur agurrek asper gaitzaten arriskurik aurreikus daitekeenik. Badu bere zera agurrak. Batek aste osoa emango zuen agur-puntta bat noiz etorriko eta gaur goizean jabetuko zen agurrik gabe zegoela artean; beste batek bi izango ditu eta akaso azken orduan hirugarren bat, berria, botatzea erabakiko du; beste batek nahiago izango du deus pentsatu ez eta han bertan, Illunben, agurra ekarri, arratsaldeari neurria hartzen hasteko; beste batek...
Funanbulista da bertsolaria, baina badaki azpialdean baduela koltxoi bat hizkuntzarekin gozatzeko prest dagoen komunitateak osatzen duena. Ez dira hori baino agurrak: artilezko koltxoiari ematen zaizkion kolpetxoak, erortzea tokatzen bada ere goxo har zaitzan.
HITZ ETZANAK
Koltxoia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu