LABeko bi ordezkarik ez diete men egingo euren aurkako auzi judizialei

San Giovesa eta Huerta Peraltako lan gatazketan parte hartzeagatik espetxe zigorrei egin behar diete aurre. Desobedientzia «zilegia» dela aldarrikatu dute, eta larunbateko manifestaziora dei egin dute

joxerra senar
Iruñea
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun

Imanol Salinas ez da espetxera agertuko, eta Jose Javier Oses ez da urriaren 10ean bere aurka egingo den epaiketara bertaratuko. LABeko bi ordezkariok erabaki dute euren aurkako auzien bidegabekeria salatzeko, epaitegien erabakiei men ez egitea. Salinasen kasuan, Iruñeko San Giovesa jatetxearen aurrean egindako protestengatik 21 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion epaileak, eta erabaki hori berretsi zain dago. Jose Javier Oses Tafalla aldeko LABeko kideari Huerta de Peraltaren lan gatazkan enpresaren sarrera oztopatzea egotzi diote, eta urtebeteko zigorra eskatu. Osesek eta Salinasek atzo Iruñean salatu zuten desobedientziaren aldeko hautua egin dutela, greba eskubidearen urraketa salatzeko. «Justiziarik ezaren aurrean desobedientzia zilegi da. Ez da bidezkoa lantokietan irabazitako borrokak epaitegietara eramatea».

Toki sinbolikoa aukeratu zuten erabakiaren berri emateko. Iruñeko epaitegia begi bistan zutela, intsumisioaren plazan egin zuten agerraldia, mugimendu antimilitaristaren omenezko oroitarrian. Nafarroan hainbat arlotan desobedientzia jorratu duten hainbat gizarte mugimendutako kideek babesa eman zieten: AHTaren aurkako mugimendua, talde antimilitaristak, sanferminetan ikurrina bultzatu dutenak, etxe kaleratzeen aurkako taldeak...

Manifestazioa, Iruñean

Talde guztion izenean hitz egin zuen Julio Villanuevak. Itoizko urtegiaren aurka solidarioek egindako protestetatik hasita ibilbide zabala du atzean Villanuevak, bai AHTaren aurkako mugimenduan bai eta Iruñeko gaztetxearen alde ere. Villanuevak desobedientziaren zilegitasuna aldarrikatu zuen, baita lan munduan ere: «Justizia hau bidegabea da. Herritarren oinarrizko eskubideak urratzen diren bitartean, urraketak borrokatu beharrean, horien aurka antolatzen eta borrokatzen direnen kontra aritzen da». Horregatik, elkartasuna adierazi nahi izan diete LABeko bi kideei. Bi auziok salatzeko, datorren larunbatean 17:30ean manifestazioa egingo da Iruñean, autobus geltoki zaharretik abiatuta.

Bi lan gatazka diferente izanagatik, ezaugarri komun bat dute. Azkenean, langileek akordioa lortu zuten gatazkari irtenbidea emanez. Bi kasuetan, enpresek hasieran jarritako salaketa atzera bota zuten. Hala ere, atzo gogora ekarri zutenez, Foruzaingoak eta fiskaltzak salaketekin aurrera jotzea erabaki dute. «Grebetan irabazi zena galarazi nahi dute. Ez dute zilegitasunik borroka sindikala epaitzeko».

Osesen ustez, Huerta de Peraltako lan gatazkaren garairik gordinean, enpresak greba eskubidea urratu zuen, grebalariak legez kanpo ordezkatuz. Egoera hori salatuagatik, foruzainek ez zuten ezer egin; aitzitik, egunero jotzen zituzten lantokiaren kanpoaldean bildutako grebalariak.

«Gatazkak handituz doaz, eta sindikalisten lana zigortu nahi dute»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.