Araba, Bizkai. eta Gipuzkoako bigarren sindikatua da LAB. Orain arte lehia estua izan du CCOOrekin, eta, urterik urte tartea txikituz joan ondoren, azken hauteskunde sindikaletan bigarren postuan egonkortu da LAB, ordezkarien %19,1 lortuta. «Gure helburu historikoa lortu dugu», zioen atzo Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak. Oraindik ez dago hauteskundeetako epe trinkoko datu ofizialik, baina sindikatuak orain arte bildutako datuekin atera ditu ondorio horiek. «Ez da aldaketa handirik egongo, edozein modutan». (jarraitu irakurtzen grafikoaren ondoren)
Lortutako emaitzekin gustura zegoen Aranburu, eta azken hilabeteetan indartu duten ekintza sindikalak bere emaitzak eman dituela esan zuen. «Borroka horretan sakondu beharra daukagu». Baina 1994. urtetik gehien hazi den sindikatua ere bada. Urte horretan erregularizatu ziren hauteskunde sindikalak egun ezagutzen diren bezala, eta, orduko datuekin alderatuz gero, Hego Euskal Herrian 1.200 ordezkari gehiago lortu ditu LABek. Lau puntuko gorakada, hain zuzen. Azken lau urteetan ere gehien hazi den sindikatua ere bada.
Gehiengoak aldatzen ari dira, gainera, eta hori hobekien Nafarroan irudikatzen da. Sindikatu abertzaleek euren maximo historikoak lortu dituzte hauteskunde hauetan: ELAk ordezkarien %22,7 lortu ditu, eta LABek %16,2. Duela lau urte baino 1,18 eta 2,5 puntu gehiago, hurrenez hurren. UGT, ordea, bere minimo historikoan dago: %25,2an. Hego Euskal Herrian ere berdin, ELAk eta LABek inoizko ordezkaritza handiena dute, eta, kontrara, UGTk inoizko txikiena.
Horren guztiaren eraginez, Hegoaldean sindikatu abertzaleek inoiz lortu duten ordezkaritza mailarik handiena lortu dute, hautatutako ordezkarien ia %55 eskuratuta. UGT eta CCOO, ordea, %34,5era iristen dira. Nafarroan, gainera, historikoki izan duten gehiengoa galdu dute bi sindikatu horiek, eta %49,2ko ordezkaritzara jaitsi dira. Abertzaleek, berriz, ia %39koa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, betiko lepotik burua: ordezkarien %60 ELAkoak eta LABekoak dira.
Gehiengo batzuk aldatzen ari direlako langileek mezu argia helarazi dutela esan zuen Aranburuk. «Beste era bateko sindikalismoa nahi dutela esan dute, UGTk eta CCOOk ordezkatzen duten ituneko sindikalismotik urrun». Oraintxe, gainera, sistema kapitalista auzitan jartzen duten hainbat borroka daudela esan zuen; pentsiodunen, feministen eta gazteen borrokak, esaterako. «Borroka horien indar metaketa sustatu behar dugu».