Euskal selekzioa. Herrerin; Capa, Unai Nuñez. Yeray Alvarez, Yuri (Aihen, 55. min.); Gebara (Manu Garcia, 55. min.), Torres (Arbilla, 84. min.); Williams, Muniain (Oier, 65. min.), Morcillo (Balentziaga, 84. min.); eta Villalibre (Bautista, 55. min.).
Costa Rica. Navas; Duarte (Vargas, 46. min.), Waston, Gamboa, Calvo; Leal (Luis Diaz, 46. min.), Venegas (Rodriguez, 71. min.), Borges (Brown, 84. min.), Alfaro; Campbell (Guzman, 84. min.) eta Moya (Vega, 84. min.).
Golak. 1-0. Muniainek (12. min.). 1-1: Moyak(71. min.). 2-1: Unai Nuñezek (93. min.).
Epailea. De Burgos Bengoetxea.
Ez du tarte handia beteko euskal selekzioaren historian atzo Ipuruan Costa Ricaren aurka jokatutako neurketak. Ez du askorako ematen astelehen buruzuri batean, harmailak hutsik, makina bat jokalari garrantzitsu gabe eta sona apaleko kontrario baten aurka jokatutako partida batek. Koronabirusaren pandemia betean jokatu izanagatik pasatuko da historiara lehia. Baita selekzioak lortutako beste garaipen batengatik ere; Javier Clemente hautatzailearen aroko lehena. Horri esker, bolada onari eutsiko dio etxeko selekzioak: ia bederatzi urte daramatza galdu gabe, 2011ko abenduan San Mamesen Tunisiaren aurka 0-2 galdu zuenetik. Ordutik bederatzi partida jokatu ditu: sei irabazi ditu, eta hiru berdindu.
Ikusteko dago ere partidakazkenaldian apalduta dagoen ofizialtasunaren aldeko aldarria indarberritzeko balioko duen. Hala ere, aldaketa esanguratsua egon zen azken neurketekin alderatuta, ofizialtasunaren aldeko aldarria presente egon baitzen. Gu ere bai! ekimenak partidarako hautatutako leloa zuen pankarta bat egon zen zelaian, lehia hasi aurretik: Euskal selekzioa. Ofizialtasuna. Euskal Herritik mundura, zioen. Hura aurrean, lurrean zuela atera zuen argazkia euskal selekzioak. Hain zuzen ere, ofizialtasunaren gaia hizpide izan da azken egunetan. Izan ere, Euskadiko Federazioak ez du oraindik bete duela bi urte haren batzarrak eskatu ziona: Nazioarteko (FIFA) eta Europako (UEFA) federazioei eskatzea eskubide osoko kide gisa onartua izateko. Egun, Euskadiko Federazioaren lehentasuna selekzioak FIFA datetan jokatzen jarraitzea da. Hirugarren aldia du atzokoa. Federazioak espero duhori eginda selekzio indartsuren bat Euskal Herriko jokalariekin indarrak neurtzeko prest egotea.
Erritmo askoko partida
Deialdian bezala, Clementek Athleticeko jokalarien alde egin zuen hasierako hamaikakoa osatzeko: talde zuri-gorriko bederatzi jokalari zelairatu zituen: guztiak, Gebara eta Torres ez beste. Ronald Gonzalez Costa Ricako hautatzaileak, berriz, ostiralean Qatarrekin berdindu zuen hamaikako antzekoaren alde egin zuen. Navas, Borges, Campbell... jokalari ezagunenak zeuden.
Derrigorrean nabaritu behar da selekzio batean talde bereko bederatzi jokalari aritzea: oso ondo ezagutzen dute elkar. Eta horrela iritsi zen lehen gola, hamabigarren minutuan. Morcillok baloia lapurtu zuen defentsan, bizi joan zen ezker hegaletik, bikain erdiratu zuen, eta Muniainek ezin hobeto biribildu zuen jokaldia.
Baina gola sartuta, pauso bat eman zuten etxekoek, eta bat aurrera Costa Ricak. Borgesek izan zuen lehen aukera, eta Campbellek bigarrena. Halere, arriskua sortzen segitu zuen euskal selekzioak, eta Williamsek gertu izan zuen bigarren gola. 1-0koarekin amaitu zen lehen zatia. Bizi zihoan lehia. Polita zen partida.
Indartsu itzuli ziren bisitariak, presioa eginez. Baina ondo eutsi zieten etxekoek. 71. minutuan, ordea, Costa Ricak horma bota zuen, eta banakoa lortu: Moyak, buruz. Aldaketa festa izan zen jarraian, baina erritmoak ez zuen behera egin. Bautistak eskura izan zuen 2-1ekoa, buruz, 88. minutuan, baina Navasek gelditu egin zuen baloia. Atezainak, ordea, ezin izan zuen ezer egin bost minutu geroago korner batean Unai Nuñezek buruz egindako errematea gelditzeko. Gol horrek eman zion garaipena selekzioari, Ipuruako sirena ozen jotzen ari zela.
Euskal selekzioa 2-1 Costa Rica
Merezitako saria amaieran
Unai Nuñezek azken unean sartutako golari esker irabazi dio euskal selekzioak Costa Ricari. Aspaldiko partez, ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena presente egon da zelaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu