Gorenak garraiolariei hamabost milioi itzultzeko atea zabaldu du

Ebatzi du Gipuzkoako Aldundiak A-1 eta AP-15ean jarritako bidesariak «diskriminatzaileak» direla

Kamioientzako bidesari bat Gipuzkoako errepide batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak A-1 eta AP-15 autobideetan kamioiei ezarritako bidesarien auzibidea ez da amaitu, baina lehenengo epai irmoak foru gobernua eraman dezake erreklamazioetan dirutza ordaintzera: hamabost milioi euro guztira, Fenadismer Espainiako Garraio Elkarteen Federazioaren arabera. Ebazpenak horretarako aukera zabaldu die garraiolariei. Bidesariak jarri zireneko lehenengo foru arauari dagokio Espainiako Auzitegi Gorenak herenegun kaleratutako erabakia. 2018ko urtarriletik 2019ko maiatzera bitarte bi errepide horietako Gipuzkoako zatietan kobratutako dirua itzuli beharko lieke aldundiak garraiolariei. Egun, indarrean jarraitzen dute bidesariek, baina beste arau batekin. Hori ere auzitan dago, Gorenaren ebazpenaren zain.

Fenadismerrek erreklamazioak aurkezteko deia egin die kaltetutako «milaka» garraiolariei, eta eskatu die bidesarietako fakturak eta ez ordaintzeagatik ezarritako zigorrak biltzeko.

Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak, berriz, aldundiari eskatu dio errepide horietako bidesariak kautelaz edo behin-behinean eteteko, auzibide guztiak amaitu arte, eta «legez kanpo» jasotako diru guztia ofizioz itzultzeko, garraiolariek erreklamaziorik egin behar izan gabe. «Teleordainketa sistema automatikoa da, datu guztiak dituzte, identifikatutako erabiltzaile guztienak, eta ez dago arrazoirik gutxienez lehen araua indarrean egon zen aldian kobratutakoak itzultzeko», azaldu du.

Jarrera «irrazionala»

2018ko urtarrilean ezarri zuen Gipuzkoako Aldundiak ordainsaria N-1 eta A-15 autobideetan, 3,5 tonatik gorako ibilgailuei. Markel Olanoren gobernuak argudiatu zuen modu bat zela lurraldeko bide nagusia egunero zeharkatzen duten 12.000 kamioiek errepide horren konponketak ordaintzeko. Beste helburu bat ere bazuen: ibilgailu astunak ateratzea N-1etik eta leku batzuetan haren osagarri den A-15etik, eta AP-8 ordainpeko autobidera desbideratzea.

Orain, Gorenera iritsi da auzia, eta eman du bere lehen epaia. Aurretik EAEko Auzitegi Nagusiak adierazi bezala, harentzat ere «diskriminatzaileak» dira bidesari horiek, soilik kamioilariei eta kamioilari guztiei berdin eragiten dietelako. Auzitegi Nagusiaren lehen zaplaztekoen ondoren, aldundiak zenbait moldaketa egin zituen. Beste bi arkupe jarri zituen, Andoainen eta Astigarragan, eta tarifa batzuk aldatu zituen, bertako kamioilariek gehien erabiltzen dituzten zati batzuetan. Hori da egun indarrean dagoen araudia, baina hori ere Gorenaren zain dago, Auzitegi Nagusiak atzera bota zuelako lehenengoaren antzeko arrazoiak argudiatuta.

Madrildik iritsitako lehen ebazpena jakin eta gutxira, aldundiak berretsi zuen bidesariei eutsiko diela, Europako araudia betetzen duela argudiatuta. Garraiolarien elkarteek, baina, argi dute zein izango den Gorenaren erabakia bigarren kasuan ere: «Kontrakoa izango da, bigarren araua lehenengoaren ia berdina edo antzekoa delako». Bidesariak kobratzeko sistema «legez kanpokoa» dela eta «zentzurik ez» duela berretsi du Hiru sindikatuak.

Fenadismerren arabera, «erabat irrazionala» da aldundiaren jarrera, epaitegiak dagoeneko hirutan azaldu direlako aurka. Eta «arduragabekeria politikoa» leporatu dio, horretan «tematzeak» ondorio ekonomiko «larriak» ekarriko dizkiolako foru gobernuari eta, hortaz, lurraldeko herritarren «poltsikoei».

Hirurentzat ere «larria» daMarkel Olanoren gobernuarenjarrera. «Ez da bidezkoa epaitegiek behin eta berriro atzera bota duten sistema bat mantentzea, jakinik interesak, gainkargak, zigorrak eta zentzurik gabeko gastuak ekarriko dituela, gero denon dirutik ordainduko direnak».

EH Bilduk, berriz, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuaren premiazko agerraldia eskatu du Batzar Nagusietan, ebazpenaren eta erreklamazio posibleen ondorioak azal ditzan. Oskar Bordes batzarkideak gogorarazi duenez, bere alderdiak diputazioari «ohartarazi» zion bidesariak kobratzeari uzteko, epaiak irmoak izan arte, eta erreklamazioei aurre egin ahal izateko funts bat sortzeko eskatu zion. «Baina ez du ezer egin, eta 2021erako aurrekontuetan ere ez dago ezer aurreikusita. Ondorioak gipuzkoar guztiek ordaindu beharko dituzte orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.