Negoziazio kolektiboak bultzada bat jaso du 2018an

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 140.000 langile gehiagok dute lan hitzarmen berritu bat. Bitik batek ez du baldintza eguneraturik

Iker Aranburu.
2019ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Lan erreformek gerarazitako negoziazio kolektiboan mugimendu pixka bat ikusi da 2018an. Lan Harremanen Kontseiluak atzo zabaldutako datuen arabera, urtarrilaren 1ean baino 140.000 lagun gehiagok zuten lan hitzarmen berritua abenduaren 31nAraban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Edonola ere, oraindik erditik gora dira lan itun berritua ez dutenak: %38,3k luzatuta daukate, eta beste %14,9k, berriz, iraungita.

Berritu gabe daude bi itun nagusiak, Bizkaiko eta Gipuzkoako metalgintzakoak, baina 2018an lortu dira akordioak beste sektore batzuetan. Berreskuratu egin dira Bizkaiko hiru hitzarmen: Eraikinen Garbiketarena (11.721 langile), Metalaren Merkataritzarena (8.723) eta Altzariena (988). Azken bi horiek 2009an iraungi ziren, eta ELAk izenpetu zituen Cecobi patronalarekiren. UGTren, CCOOren eta LABen sinadura izan zuen, berriz, garbiketarenak.

Azaroan eta abenduan ere izenpetu dira zenbait hitzarmen, hala nola, Arabako Ostalaritzarena (5,174), Gipuzkoako Eraikinen Garbiketarena (4.821), eta Bizkaiko Esku Hartze Sozialarena (2.131). Hiru lurraldeetako 6.453 langileri eragiten dien beste hitzarmen bat Madrilen egin zuten, Aldi Baterako Lan Enpresena.

Hain zuzen ere, lan harremanen estatalizazioa izan da negoziazio kolektiboaren blokeatzearen ondorietako bat. 2017an, esaterako, ituna berritu zuten langileen %51,5ek Espainiako itun bat jaso zuten. Aurten, berriz, %38 izan dira.

Estatalizazioak euskal langileen baldintzak kaskartzen dituela salatu dute behin eta berriro ELAk eta LABek, Espainiako itunetan, oro har, soldata txikiagoak ordaintzen dituztelako, eta lanaldi luzeagoak. Itun horietako bat da Sukaldaritza Kolektibokoa (jantokiak). ELA eta LAB saiatu ziren atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako itun propioa negoziatzeko mahaia osatzen, baina ez zuten lortu. Sindikatu abertzaleek ordezkaritzaren %84 dute.

Ohikoa ez den arren, iaz izenpeturiko itunetan soldata igoera handiagoak eskaini zituzten EAEn eragina duten Espainiako itunek (%2,21), hiru lurraldeetan sinatutakoek baino (%2,11). Lanaldiari dagokionez, ordea, motzagoa dute iaz bertan egindako hitzarmenek (1.677 ordu, urtean), Madrilen egindakoek baino (1.757 ordu).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.