Legebiltzarrak Zaldunborda errefusatu du

Lau urtean merkataritza arloko aurrekontua bikoizteko eskatu dio Jaurlaritzari. Gobernuak merkataritza behatokia martxan jarriko du

Iker Casanova EH Bilduko ordezkaria eztabaidaren une batean, atzo, Eusko Legebiltzarrean. JUANAN RUIZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko alderdiak ez datoz bat Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako merkataritza sektoreak bizi duen krisiari aurre egiteko hartu beharreko neurriak adosteko orduan. Bai, ordea, diagnostikoan, aho batez adierazi baitute sektoreak duen egoera «kezkagarria» dela. Izan ere, azken hamar urteetan 5.000 denda inguru desagertu dira, eta enplegu kopurua ere %11 murriztu da. Bada, tokiko merkataritza suspertzeko neurri sorta bat proposatu diote Eusko Jaurlaritzari. Horien artean, Zaldunbordako proiektuari buruzko ebazpena onartu du ganberak: EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk gobernuari eta Hondarribiko Udalari (Gipuzkoa) eskatu diote geldi dezatela merkataritza gune handiaren egitasmoa.

Merkataritzaren sektorearen orainari eta geroari begira jarri ziren atzo Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduk eskatuta, gai bakarreko osoko bilkura egin zuten. Bertan onartutako ebazpenak ez dute ondorio praktikorik, hala ere. Ez dira ebazpen betearazleak; ez dute lege izaerarik, eta, beraz, ez dira derrigorrean bete beharrekoak. Politikoki badute pisua, nolanahi ere. Eta Zaldunbordaren aurkako ebazpena da horren adierazle. Proiektu polemikoa da,Txomin Sagarzazu (EAJ) alkateak ekainaren 26an sinatu baitzuen Zaldunborda inguruan saltoki handi bat baimentzeko dekretua, Eusko Legebiltzarrak aho batez merkataritza gune handi berriak hiriguneetatik kanpo jartzea asko zaildu duen legea onartu bezperan.

Tokiko merkataritzaren egungo egoera iraultzeko helburuarekin bat egin zuten atzo alderdiek. Horiek hala, tokiko merkataritza elkarteek «sektoreak bizirik irauteko» egindako eskarietako batzuk aintzat hartu dituzte. Ez denak, ordea. Izan ere, uko egin diote saltoki handiei zerga berezi bat ezartzearen proposamenari. EH Bilduk aurkeztu du neurria, elkarteen izenean. Iker Casanovaren iritziz, metro koadroko hamabi euroko kuota batekin hamar milioi euro bilduko lituzke gobernuak urtero. Nafarroan dagoeneko indarrean da arau hori, esaterako. Ez du nahikoa babes izan, halaber, jaiegunetan dendek itxita jarraitzeko eskatzen zuen ebazpenak.

Adostasuna erabatekoa izan da, aldiz, beste proposamen batzuetan. Legebiltzarkideek aho batez eskatu diote Jaurlaritzari bikoiztu dezala lau urtean aurrekontuetan merkataritzara bideratutako diru saila. Izan ere, egun hamasei milioi euro ingurukoa da kopuru hori. Casanovaren hitzetan, «neurriz kanpoko» kopurua da sektorearen dimentsioari, garrantziari eta dituen arazoei erreparatuz gero.

Horrez gain, denda tradizionalen eta historikoen figura ere sortzea adostu dute alderdi guztiek, 50 urte baino gehiago dituzten dendak babesteko, eta kasuan kasurako laguntza zehatzak eman ahal izateko. Tokiko merkataritzaren digitalizazioaren aldeko plan bat egitea ere onartu dute.

Behatokia berriz martxan

Eusko Jaurlaritzak, berriz, aitortu du tokiko merkataritzaren egoera «konplikatua» dela: «zalantzarik gabe», Sonia Perez Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuaren arabera. Perezek adierazi du, hala ere, denda kopuru aldetik Europako batezbestekoaren gainetik daudela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa: denda bat hamabi biztanleko, horixe da ratioa egun, eta horiei eusteko indar egin beharraz mintzatu da, berriak irekitzearen alde egin ordez.Horretarako diru saila handituko duela iragarri du sailburuak.

Horrez gain, sailburuak iragarri du ere berriz abiaraziko duela Ikusmer merkataritzaren behatokia. 2015. urtetik geldiarazita zegoen, eta alderdiek eta sektoreko elkarteek egindako eskaeretako bat zen. Urtea amaitu baino lehen jarriko da martxan ostera. Ikusmer arduratuko da sektorearen bilakaera aztertu eta balizko laguntzak zehazteko aintzat hartuko diren azterlanak egiteaz.

Bitor Lizarribar Euskaldendak elkarteko bozeramaileak aitortu du, oro har, «aurrerapauso bat» izan dela. Adierazi du, hala ere, merkataritza gune handiei zerga berezia ezartzearen alde lan egiten jarraituko dutela, baita jaiegunetan jai izateko eskubidearen alde ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.