Umeak haurtzaindegian dituztenek ez dute izango hamasei asteko baimena

Eusko Jaurlaritzak hainbat baldintza jarri ditu kontziliaziorako laguntzak arautzeko dekretuan. Etxeko langileak ere ezingo dituzte kontratatu

Bi lagun, haur batekin paseatzen, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak aurki kaleratuko du guraso guztientzako hamasei asteko baimena arautzen duen dekretua, eta horrek jasoko dituen muga batzuen berri eman du: baimena dutenek ezingo dute umea haurtzaindegi pribatu edo publiko batera eraman, ezta etxeko langile bat kontratatu ere.

Bi baldintza horiekin «benetako kontziliazioa» bultzatu nahi dutela azaldu zuen atzo Beatriz Artolazabal Lan eta Gizarte Politiketarako sailburuak. Haren esanetan, erantzukidetasuna eta haurrekiko harremana estutzea da guraso baimenak luzatzearen helburua, eta horrekin bat datoz neurriok.

LAB sindikatuak, berriz, salatu du familien «erabakitzeko eskubidea urratzen» dutela, eta haur hezkuntza «zaintza zerbitzu gisa» hartzea egotzi dio Jaurlaritzari. Horrekin loturik, gogoratu du «eskubide unibertsala» dela hezkuntza, eta kritikatu du gaur egun Jaurlaritzak ez duela bermatzen haur eskolak doakoak izatea. «Iruzurtzat» jo du egitasmoa.

Egun, zortzi astekoak dira bigarren gurasoen baimenak Hego Euskal Herrian, eta Espainiako Estatuak ordaintzen ditu. Dekretua onartuko balitz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beste zortzi aste hartu ahal izango lituzkete erditu ez direnek, guraso ez-biologikoek —adopzioen kasuetan—, guraso bakarreko familietakoek, edota subrogazio bidezkoek.

Umea jaiotzen denetik, hamabi hilabete izango lituzkete baimena hartzeko. Beste baldintza batzuk bete beharko dituzte: bi gurasoen baimenek ezingo dute denboran bat egin, eta langile autonomoak behartuta egongo dira haurra zaintzen emandako denboran pertsona bat kontratatzera, haien lanpostuan ordezko gisa aritzeko.

Jaurlaritzak urri erdialdean onartu nahi du dekretua, beraz, oraindik aldaketak izan ditzake. Artolazabalek ez du zehaztu langile bat kontratatzeko debekua haurraren zaintza lanetarako bakarrik ote den, edota orokorrean etxeko lanetarako kontratuetan ere ezarriko duten. Soilik zortzi asteko baimena hartzen dutenek baldintza horiek bete behar dituzten ere ez du argitu.

Sailburuak azaldu duenez, baimenaren lehen zortzi asteak Espainiako Gizarte Segurantzak ordainduko ditu, eta gainontzeko zortziak, Jaurlaritzak; langileak eszedentzia moduan hartu beharko ditu aste horiek. Artolazabalek zehaztu duenez, neurriak 25 milioi euroko kostua izango du 2020. urtean.

Hala, Jaurlaritzak aurrea hartu nahi dio Espainiako Gobernuari, eta bere gain hartuko du horrek dakarren kostua. Madrilek ere luzatuko ditu gurasotasun baimenak, baina modu progresiboan egin nahi du hori. Aurtengo martxoan kaleratutako dekretu batean aurreikusi du bi urte barru hamasei astera luzatzea baimenok.

Langile publikoen kasuan ere egin du urratsa Jaurlaritzak. Irailetik Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioetako funtzionarioek hemezortzi asteko baimena har dezakete —orain arte amek zuten aukera hori—. Enplegu publikoa arautzeko lege proiektutik kanpo utzi du neurria Jaurlaritzak, eta dekretu bidez onartu du; sindikatuek propagandatzat jo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.