Herriko bozak Frantzian. Bigarren itzulia

Ekologistek ezkerreko lehia ireki dute

EELVk Frantziako hainbat hiri garrantzitsutako alkatetzak lortu ditu. Macronek porrot handia jasan du, eta abstentzioa %59koa izan da

Pierre Hurmic ekologisten Bordeleko alkategaia, herenegun, emaitzak ospatzen. CAROLINE BLUMBERG / EFE.
ander perez zala
2020ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Herriko bozen bigarren itzuliak lehen itzuliak agerian utzitako errealitatea baieztatu du: Frantzian ezker-eskuin ardatz klasikoa ez zen desagertu Emmanuel Macronen 2017ko garaipenarekin. Eta, aldi berean, bitan zatituriko herrialde bat margotu du, hiri handiak ekologisten eta ezkerreko beste alderdien esku geratu baitira, eta hiri txikiak eta herriak, eskuinaren menpe. Baina, gauza guztien gainetik, Europa Ekologia-Berdeak (EELV) alderdiaren garaipen garrantzitsuek ezkerreko lehia ireki dute 2022ko presidentetzarako bozei begira, helburua izanik Macron-Marine Le Pen duopolioa haustea.

Ezkerreko alderdiak zorioneko daude, eta hauteskunde mapari begiratu besterik ez dago horretaz jabetzeko: lehen aldiz, hiru hiririk garrantzitsuenetan aginduko dute; zehazki, Parisen —Alderdi Sozialistak (PS)—, Lyonen—EELVk— eta Marseillan —ezkerreko zerrenda bateratuak— lortu dute boz gehien. Baina arrakasta ez da horretara mugatu, hamar hiririk garrantzitsuenetako zortziren alkatetzak eskuratu baitituzte, eta 30 garrantzitsuenetako hemezortzi ere bai; Bordele da beste kasu esanguratsu bat, zentro-eskuina eta eskuina egon baitira boterean 1947az geroztik.

Oro har, ekologisten gorakadak eta ezkerreko beste indarren emaitza onek are gehiago sendotu dituzte horien sustrai lokalak, eta datorren urteko eskualdeetako eta departamenduetako bozetarako bidea irudikatu dute.

Aldiz, 2022ko presidentetzarako bozei begira, PSk, EELVk eta Frantzia Intsumisoko Jean-Luc Melenchonek hautagai baten inguruan ados jartzeko beharra izango dute Macron eta Le Pen gainditu nahi badituzte; eta, herenegungo emaitzak aztertuz gero, ekologistak dira balizko ezker batuaren presidentegaia aurkezteko faboritoak, betiere 2021eko bozetan gertatzen denaren zain.

Le Havre eta Perpinya

Txanponaren beste aldea Emmanuel Macron da, porrota erabatekoa izan baita Errepublika Martxan haren alderdiarentzat; garaipen adierazgarri bakarra Edouard Philippe lehen ministroarena izan da, iparraldeko Le Havre hirian (botoen %58,83). Hain justu, garaipen hori gobernu aldaketa baten atarian gertatu da, eta litekeena da Macronek lehen ministroa bera aldatzea; izan ere, norabide berri bat nahi du agintaldirako, eta Philippek alkate izateko nahia erakutsi du. Gainera, bien arteko harremana ez da hasieran bezain ona.

Gertakari horien artean, Le Penen alderdiak alkatetza handi bat lortu du, Perpinyakoa; eta abstentzioa, gainera, %59koa izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.