gorka julio
IRLEN SAREA

Maitasun sinplifikatuak

2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Maitasuna sentimendu abstraktu eta unibertsala modu desberdinean bizitzen dugun arren, sinplifikatzeko joera dugu. Antzina, greziarrek maitasuna zer den eta gizakiek nola bizi zuten ulertzeko eta azaltzeko modu desberdinak definitu zituzten. Gaurko jendartean, teknologiari lotutako komunikazioaren bidez maitasun edo sentimenduen transmisioaren nolakotasuna aztertzea gai garrantzitsua da, gorroto orokortuaren hedapenaren aurrean.

Grezian, Erosek maitasun sutsua eta erotikoa irudikatzen zuen; Storgek, senide maitasuna, atsegina eta konprometitua; Philia, lagunen/kideen arteko maitasuna, hurkoarekiko maitasuna, on komuna bilatu eta errespetuaren, elkartasunaren, lankidetzaren, laguntasunaren bidez adierazia; Agape, aldiz, maitasun garbiena eta baldintzarik gabea bezala definitu zuten.

Gure elkarrekintza teknologikoak ikusita bakarrik, gure maitasun (eta gorroto) adierazpenak aztertuko bagenitu nolakoak lirateke? Ez naiz ni izango horiek kategorizatzera ausartuko dena.

Eros: gaueko azken momentuan, maitelagunari azken muxua bidaltzen diozunean. Ia oroitzen ez zaren garai bateko dei galdua edo Ruper Ordorikaren «Nor da gogoan daukazuna, nor da...», mezu hori. Beste batzuetan, lizunxeagoa.

Storge: ebakuntza baten aurretik edo ondoren senitarte edo kide maite bati berarekin zaudela adierazteko mezu hori. Zure pentsamendu hoberenak berarekin daudela adierazteko, mezu ia-erligiosoa, errezutik gertukoa. Ospitaleko ohe ondotik eskua heltzearen sentsazio bera duena.

Philia: Barruak mugitu dizkizun bilera militante baten osteko, zaintza mezua. Eztabaidatu ondoren zurekin eztabaidatu duen eta sentsazio txarrarekin gelditu den pertsonari helarazitakoa. Bere iritzia garrantzitsua dela adierazteko eta gaizki ulertuak sendatzeko mezua. Negarrari eutsi ezin diozun besarkada baten sentsazio bera uzten duena.

Agape: Mezu bat baino, ia konpromiso kontratu esplizitu edo inplizitua. Ez du zertan bizitza osorako izan behar, baina horrelakorik sentitu edo bidali baduzu, era batera edo bestera, bizitza osorako izan daitekeelako da. Maitasunetik asko du, baina konpromisotik gehiago akaso. «Hor egongo naiz» altruista bat, konprometitu bat, zure bizitza bera jokoan jartzen duen horietakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.