Michel Barnierrek eta David Frostek badute udaberrirako plana. Bizpahiru astean behin, batzuetan Bruselan eta besteetan Londresen, hitzordua dute Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren etorkizuneko harremana finkatzeko. Negoziazioak atzo hasi ziren, eta gutxienez maiatzera arte iraungo dute. Europako Batzordeak uste du denbora gehiago beharko dela adostu beharreko puntuak negoziatzeko, eta zail ikusten du ezer hitzartzea abenduaren 31n trantsizio epea bukatu aurretik; Londresko gobernuak, berriz, ez ditu gauzak azkeneraino utzi nahi, brexit gogor baten mehatxupeko negoziazioetan asko galtzeko duela uste baitu. Horregatik, erabaki dute ekainean goi bilera bat egitea, eta orduan ikustea zer aukera dauden akordio bat egiteko. Akordioa ezinezkoa ikusiko balu, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak jada iragarri du estrategiaz aldatuko duela, eta merkataritza itunik gabeko egoera baterako prestatuko dela.
NOLA NEGOZIATUKO DUTE?
Eguerdian izan zuten lehen bilera Frostek, Barnierrek eta beren gertuko laguntzaileek negoziazioaren nondik norakoei azken ukituak emateko. Benetako negoziazioa gaur hasiko da, Bruselako konferentzia zentro batean, EBren egoitzan ez baitago lekurik aldi bereko bilera guztiak egin ahal izateko. Hamaika lantaldetan banatuko dira negoziatzaileak, beste hainbat gairi buruz hitz egin behar dutelako: merkataritza harremana, arrantza, aire garraioa, zerbitzuak, segurtasuna... Gaur eta biharko bileren ondoren, etzi negoziatzaile denak batuko dira aurkitutako arazoak eta aurrerapausoak aztertzeko. Negoziazioak nagusiki ingelesez egingo dira, baina frantsesak ere izan dezake lekua.
NOIZ EGINGO DUTE HURRENGO BILERA?
Martxoaren 18an, Londresen. Bost bilera saio antolatu dituzte, hiru Belgikako hiriburuan eta beste bi Ingalaterrakoan. Oraingoz, maiatzera arteko egutegia besterik ez dute egin, Johnsonek argi utzi duelako ordurako amaitu nahi duela. Esperientziak, ordea, erakusten du halako negoziazioek askotan azkenera arte irauten dutela, eta hala gertatu daLondresek eta Bruselak dibortzioaren lehen partea negoziatu zutenean.
ZER LORTU NAHI DUTE?
Teorian, biek antzekoa nahi dute elkarren arteko harreman sakona ahalbidetuko duen merkataritza librerako itun bat, produktuek muga zergarik ordain ez dezaten alde batetik bestera joatean. Baina azken asteetan badirudi ez daudela prest ordaintzeko halako hitzarmen batek eskatuko lukeena. Bruselak ez dizkio gauzak erraztu nahi Londresi, bere barruko indar euroeszeptikoak ez indartzeko, eta are gutxiago nahi du bere alboan sortzea abantailekin jokatzen duen lehiakide bat. Horregatik argi utzi dio Londresi itunak prezio bat duela: antzeko arauak bete beharko dituela ingurumen kontuetan, lan baldintzetan, estatu laguntzetan eta halakoetan. Arau horiek guztiak betetzeak kostu bat du enpre- sentzat, eta EB beldur da Londresek ez dituen arau horiek guztiak bigunduko merkeago ekoitzi ahal izateko.
ZER DIO LONDRESEK?
Barnierrek gogorarazi izan duenez, trantsiziorako itunean, Johnsonek berak onartu zuen bi aldeek antzeko arauak izango zituztela dibortzioaren ostean, baina azken asteetan Londresek ahaztu egin du konpromiso hori, eta bere arau eta estandarrak finkatzeari eman dio lehentasuna, brexit-ak zerbaiterako balio behar duela erakutsi nahi duelako. Presiorako neurri bat izan daiteke, edo Johnsonek ateak ireki nahi dizkiola AEBekin beste zerbait negoziatzeko —klorohidratoz garbitutako oilaskoak eta haragi hormonatuak inportatu ahal izatea, esaterako—.
AKORDIORIK EZ BALEGO?
Ofizialki, Erresuma Batuak hilabete bat darama EBtik kanpo, baina, praktikan, barruan jarraitzen du, ahotsik eta botorik gabe bada ere. Egoera hori abenduaren 31n bukatuko da, trantsizio epea amaitzen denean. Akordiorik ez badago, MME Munduko Merkataritza Erakundearen arauak ezarriko dira bien arteko harreman komertzialean. Muga zergak ezarriko dizkiote elkarri, kuotak jarriko dituzte produktu batzuetan, eta asko motelduko dira aduanako tramiteak. Ikusiko beharko da zer gertatuko den Irlanda hegoaldearen eta iparraldean artean, trantsizio itunak argi uzten baitu ezin dela halako mugarik jarri uhartean, eta, berez, muga Irlandako itsasoan izango dela, Ipar Irlandaren eta Britainia Handiaren artean.
NORK DU GEHIAGO GALTZEKO AKORDIORIK EZ BADAGO?
Akordiorik ez egiteak ekarriko luke bien arteko merkataritza harremana asko txikitzea. Kalte handia egin diezaioke horrek EBren industria esportatzaileari, hala nola Alemaniako autoei eta Frantziako ardori, baina baita Euskal Herriko industriari ere: Hego Euskal Herriko enpresen bezero handienetan hirugarrena da Erresuma Batua, esportazioen %8,4rekin.
Baina, EBri baino, pentsatzekoa da Erresuma Batuari kalte handiagoa egingo liokeela, hango industria kontinenteko hornikuntza kateetatik kanpo geratuko litzatekeelako. Eutsiko al diote han autogintza eta aeronautikaindustria indartsuak, EBn saltzeko trabak badituzte eta osagaiak garestitzen bazaizkie? Elikagaien eta botiken inportatzaile handia ere bada Erresuma Batua.
ETA ARRANTZA?
Beste negoziazioak erraztu edo hankaz gora jar ditzakeen gaia da arrantza. EBk gauzak orain arteko moduan nahi ditu: batasuneko arrantzaleek Ingalaterrako eta Eskoziako kala oparoetan arrantzatzen jarraitu ahal izatea, eta, trukean, britainiarrek bere arrainak eta itsaskiak libre saldu ahal izatea EBko merkatuetan —hara doa orain haien ekoizpenaren zatirik handiena—. Eskaera zaila da hori Johnsonentzat, brexit-zaleen aldarrikapen nagusietako bat izan delako uren gaineko kontrola berreskuratzea. Horregatik, arrantzaleak brexit-aren aldekoak izan dira, oro har, Ingalaterran ez ezik baita Eskozian ere. Atzo, Erresuma Batuko lehen ministroak erakutsi zuen beste irtenbide bat nahi duela: urtero negoziatuko litzatekeen kuota sistema bat bere uretan, EBren merkatuetarako sarbidearen truke. Horixe du EBk Islandiarekin eta Norvegiarekin.
Hasi dute negoziazioa
EBk eta Erresuma Batuak elkarren arteko harremana finkatzeko elkarrizketak hasi dituzte. Londresek dio ekainerako akordiorik ez badago mahaia utziko duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu